Duela lau urteko finalarekin alderatuta, aldaketa bakarra dago aurtengoan. Izan ere, Unai Agirrek Unai Iturriagaren lekua hartuko du. 14.600 bertsozale batuko dira domekan BECen, 11:00etan hasiko den final handian. Debagoien osotik hainbat lagun joango dira hara.
Herri gehienetatik joango dira autobusak: Arrasatetik, Bergaratik, Oñatitik, Aretxabaletatik eta Aramaiotik. Beste bertsozale asko autoz ere joango dira. Oñatiko gaztetxean, gainera, finala ikusteko aukera egongo da.
Finalari berari begira jarrita, "egun osoko festa handia" espero dute bailarako zenbait bertsozalek, eta finala "airean" ikusten dute. "Egun osoko saio bat da, luzea, eta edozer gauza pasa daiteke", dio Xabi Igoak. Manex Agirrek ere ez du batere argi irabazle zein izan daitekeen. "Bertsolari bakoitzak bere ekarpena egingo dio finalari, eta hori izango da polita. Guztiek arriskatuko dutela iruditzen zait, eta guk horrekin gozatu egingo dugu". Iñaki Olaldek berdintasun handia ikusten du finalista guztien artean, eta faboritorik ez duela dio. "Bertsotan ondo egiten duenak aurrera egitea iruditzen zait justuena. Irabazi dezala onenak". Txapelketan lau aldiz epaimahaiko kide izan den Mikel Fernandez de Arroiabek dio txapelketa bikaina izan dela eta "oso maila ona" eskaini dutela, bai finalistek, baita kanpoan geratu direnek ere.
Mintzola Terraza
Ahozkotasuna lantzen duten nazioarteko hainbat ikertzaile BECen izango dira, Mintzola Ahozko Lantegiak gonbidatuta. Horientzako lanean ibiliko dira hainbat itzultzaile, momentuan bertan bertsoak ingelesera itzultzen –ahoz–. Mariela Barkero aretxabaletarra izango da itzultzaile horietako bat: "Kabina bakoitzean bi egoten gara, eta ordu erdian behin aldatu egiten dugu txanda, kontzentrazio handia eskatzen duen lana da eta".
Saio berezia
Martitzenean –21:00etan– saio berezia eskainiko du Goiena telebistak, Julen Iriondo kazetariak aurkeztuta. Mahai-inguru bat izango da, Ibon Leibar, Maider Arregi eta Iñaki Olalde bertsozaleekin. Finaleko bertsoaldi onenak errepasatzeaz gain, saioaren nondik norakoak aztertuko dituzte.