Hasiera batean behintzat, antolaketa eta estrategia sailean jardungo du Igarzak. "Enpresa mundutik nator ni eta Aperribaik egoki ikusten nau arlo horretan", azaldu du. Igarza Ekonomia zientzietan eta Enpresagintzan lizentziaduna da. 2002az geroztik Reiner enpresako zuzendaria da.
Jarraitzailea eta akzioduna
Reala jarraitu izan duen galdetuta, Igarzak dio: "Jarraitzailea eta sufritu izan duena naiz, gainera". Horrez gain, bazkidea eta akzioduna dela gaineratu du: "Semearekin joaten naiz Realaren partiduak ikustera eta aurrerantzean ezin izango dut hori egin. Horrek ematen dit pena handiena".
Oraindik ez dituela erronkak zehaztu azaldu du. Hala ere, pozgarria iruditzen zaio estadioaren birmoldaketarekin kointziditzea, "klubarendako garrantzitsua" delako.
Juanjo Arrieta kontseilari ohiarekin berba egiteko astirik ez duela izan esan digu, baina ez duela dudarik "aholku interesgarriak" emango dizkiola.
Juanjo Arrieta: 9 urte Realean
Batzar orokorra baliatu zuten administrazio-kontseilu berria izendatzeko; batzuk sartu eta beste batzuk irten. Eta, irten direnen artean beste bergarar bat dago: Juanjo Arrieta. Bederatzi urte egin ditu Realean, eta "pozik" utzi du kargua.
"Oso esperientzia ona izan da. Aurrez baneukan esperientzia –Eibarren–, eta Realeko bederatzi urte hauek oso positiboak izan dira", azaldu du Arrietak. "Gainera, gure artean ondo konpondu gara eta horrelaxe irten gara", gaineratu du.
Hasiera zailak izan zituen
Realeko administrazio-kontseiluan sartu zenean klubaren egoera kaskarra zela dio: "Bigarren mailan geunden, eta kluba ordainketen etenaldian zegoen, gainera. Zorte ona izan dugula uste dut: telebistak dirua ordaintzen hasi ziren eta gaur egun ekonomikoki egoera saneatuta dago. Kluba uzteko momentu ona dela uste dut".
Bederatzi urte horietan Realak izan duen bilakaera ere gogora ekarri du: "Bigarren mailan egotetik Europan egotera pasa gara; egoera ekonomikoa guztiz aldatu da; eta, taldea lehenengo mailan sendotu da". Hain zuzen, kirol ikuspegitik mugarri horiek nabarmendu gura izan ditu Arrietak: "Lehenengo mailara igotzea, eta Europan gaudela". Eta, aurrera begira, ligako sailkapena aurrekontuen araberakoa izango dela uste du. "Aurrean aurrekontu handiena dutenak egongo dira; 6-12 postuen artean ondorengoak –Reala hor egongo da–, eta gainerakoak atzean. Hala ere, urtero egoten da sorpresaren bat", dio.
Gaur egun klubak duen erronka nagusia estadioaren obrak dira: "Diru asko balio duen lana da, baina ilusioa sortu du. Bazkideek euren onartutako birmoldaketa izan da".
Administrazio-kontseilu berrian beste bergarar bat egongo delako pozik dago: "Ezagutzen dut, batez ere gurasoak. Ez diot aholkurik eman; zorte onena opa dio".