Lanean ere euskaraz jardutearen garrantziaz eta lorpenez jardun dute

Maider Arregi 2017ko abe. 13a, 12:48

Kristina Elkoro, Juan Kruz Lizarralde eta Patxi Olabarria

Elay, Goizper eta Matz Erreka enpresetan Euskara planak eman dituen fruituez eta aurrera pausuez jardun zuten martitzeneko mahai inguruan. Egindako ahaleginaz, izandako lorpenez eta bidean topatutako oztopoez jardun zuten herriko hiru enpresetako ordezkariek: erretiratuta dagoen Matz Errekako Euskara planeko koordinatzaile izan den Juan Kruz Lizarraldek; Goizperreko langilea den Patxi Olabarriak eta Elayko kontseilaria eta Euskara taldeko kide Kristina Elkorok.

Guztiak bat zetozen inguruarekiko errespetuan oinarrituta, euskaraz bizi ziren herritarrek ere euskaraz lan egitearen alde borrokatu behar zutela. "Herri euskaldun batean, herritarrek euskaraz ikasten zuten eta gero lan mundura salto egitean gaztelerara pasatzen ziren. Ez zeukan zentzurik, eta langileen euskara batzordea sortzeko proposamena egin genion enpresari 1995ean. Borondate handiko lana izan zen langileengandik sortua. Emunekin diagnosia egitea oso lagungarria izan zen, 2013an etorri zen enpresaren aldeko babesa", kontatu zuen Lizarraldek. "Enpresara etortzen diren ikasle guztiek euskaraz lan egiteko aukera izatea izan da gure erronka. Bidea egiten ibili gara 25 urtean. %75ean euskaraz egiten dira bilerak, kontseilu errektoreko batzarrak... 2028an gure lan hizkuntza euskara hutsan izatea gura dugu".

Goizperreko Euskara planak, hasiera oso indartsua izan zuela azaldu zuen Patxi Olabarriak: "1999an zuzendaritzak langileei egin zion proposamena eta onartu egin zen. Zortea izan dut; ikasketak euskaraz egin genituenok lan ere euskaraz egin genuen. Trantsizio normala izan zen guretzako. Emunen laguntzarekin komunikazio lantaldea sortu zen, dokumentuak ere euskaratu ziren, langileek euskarazko eskolak jaso zituzten...".

Elay aitzindaria

Euskara, enpresan txertatzen aitzindaria Elay izan da. 26 urtean egindako lanak fruituak eman ditu eta euskara %100ean egiten dutela enpresaren prozedurei dagokienean dio Kristina Elkorok. "Erabaki politikoa izan zen. Etorkizunean herri honen hizkuntzaren alde lan egiteko hautua egin zuen jabegoak eta langileek. Lortutako emaitza da, ametsa bete dugula. 2013an Euskara plana itxi genuen konturatu ginelako euskaraz egiten genuela. Orain mantentze lana egiten dugu izan ere uharte bat gara. Guretzako erronkarik garrantzitsuena da ahalik eta enpresa gehien kutsatzea eta uharte hori geroz eta handiagoa izatea kontinente bilakatu arte". Orain, helburu garbia dute: euskara balioan jartzea. "Euskara etxean, familian egiten da eta maila profesionalean desagertu egiten da. Profesional euskaldunak behar ditugu administrazioan, medikuntzan... Euskara balioan jarri behar dugu gabezia handia dago-eta", argitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak