Frankismoaren kontra Elgetako Udalak aurkeztutako kereilan jasotako lekukotasunak entzun gura ditu Bergarako epaileak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko abe. 11a, 14:28

Erabaki historikoa dela adierazi dute Elgetako udal ordezkariek eta Frankismoaren krimenen aurkako plataformako kideek; izan ere, lehenengo aldia da 40 urtean epaile batek antzerako auzi batean ofizioz aurrera egiteko erabakia hartzen duela. Laia Abokatuak taldeko Aratz Estonbak jakinarazi du fiskaltzak hartzen duen jarrera izango dela, orain, gakoa.

Elgetako Udalak urriaren 4an aurkeztu zuen Frankismoaren krimenen aurkako kereila Bergarako epaitegian. Akats bat tarteko kereila ez da oraindik onartua izan, baina lekukoak deklaratzera deitu ditu laugarren instrukzio auzitegiko epaileak.

Historikotzat jo dute erabakia bai Elgetako udal ordezkariek bai Frankismoaren krimenen aurkako kereilako ordezkariek. "Lehenengo aldiz Euskal Herrian Francoren diktadurapean jasandako krimenak ofizioz ikertzeko aurretiko eginbideak edo diligentziak hasi ditu epaile batek, eta lekukoak deklaratzera deitu ditu", adierazi du Elgetako alkate Iraitz Lazkanok. "Kereilaren akatsa ere zuzendu dugu, eta espero dugu hurrengo egunetan onartzea".

Epaileak urrats "ausarta" eta "garrantzitsua"

Alkateak esan du epaileak urrats "ausarta" eta "garrantzitsua" eman duela, eta gaineratu du ikusi egin beharko dela lekukoak deklaratzen hasten direnean auziak zein bide judizial hartzen duen.

Laia Abokatuak taldeko Aratz Estonbak gaineratu du zaila dela epeak ematea, baina urtarrila inflexio puntu oso garrantzitsua dela. "Kereila, oraingoz, ez dago onartuta. Akats formal bat egon da, prokuradoreak antzemandako botere kontu bat, baina konpondu dugu", azaldu du.

Abokatuak azpimarratu du epaitegiak beste edozein salaketarekin moduan jokatu duela kasu honekin, eta hain justu ere hori jarri du balorean. "Elgetako Udalak aurkeztutako lekukotasunak genozidio eta gizateriaren kontrako krimen kalifikazioarekin onartu ditu eta horrekin aurrera egitea erabaki du. Hori da garrantzitsua", adierazi du.

Abokatuak azaldu du epaitegiak lekukotasunak hartuko dituela orain. "Lekukotasun horien arabera baloratu beharko dugu froga gehiago aurkezteko aukera daukagun edo ez. Eta gero ikusiko dugu fiskaltzak zein jarrera hartzen duen. Fiskaltza da hemen gakoetako bat. Orain arte Estatuko fiskaltzaren jarrera ez da horrelako krimenak aztertzearen aldekoa izan, eta pentsatzekoa da presio egingo duela auzia bertan behera uzteko. Guk, noski, aurrera egiteko eskatuko dugu eta azkenean hori izango da eztabaida. Epaileak erabaki beharko du".

Estonbak jakinarazi du urteotan guztietan ikertu izan dela Frankismoaren krimenekin lotutako kasu bakanen bat, baina lehenengo aldia dela epaile batek ofizioz aurrera egiteko erabakia hartzen duela. "Agian fiskaltzak ere harritzen gaitu. Egia da arrakalak zabaltzen ari direla. Epaile honek erakutsi du hori".

Bai udal ordezkariek bai Frankismoaren krimenen aurkako plataformako ordezkariek eskerrak eman dizkiete lekukotasunak ematera gerturatu diren biktimei eta biktimen senideei. Baita ere Laia Abokatuak taldeari. "Hasiera hasieratik gure helburua justizia, egia eta erreparazioa bermatzea izan da", esan du Iraitz Lazkano alkateak.

Elgetako Udalaren eta Frankismoaren krimenen aurkako plataformaren izenean Janire Lazkanok eta Julia Mongek gaineratu dute zoriontzekoa dela beste alde batera begiratzen ez duten epaileak badaudela jakitea, eta ardura berdinarekin jokatzeko eskatu diete Euskal Herriko zein Estatuko beste instantzia judizialei ere. "Gure babes guztia adierazi nahi diegu Bergarako epaitegiari, biktima guztiei eta egia, justizia eta erreparazioaren izenean Frankismoaren krimenak azaleratzen lagundu diguten erakunde guztiei. Dei berezi bat egiten diegu alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial guztiei horrelako jarrera judizialei babesa eta atxikimendua luza diezaien".

Hamalau lekukotasun jasotzen dituen kereila

Elgetako Udalak 2017ko uztailaren 26an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Frankismoaren aurkako auzian kereilari gisa aurkeztea. Urtarriletik martxora lekukotasunak jasotzeko bulegoa izan zuen zabalik. "Kereila honetan 1936ko uztailetik 1977ko ekainera arte herriak jasandako krimenen lekukotasunak jaso ditugu, baita 1980an herrian gertatutako bi atentatu faxista ere. Bonbaz egindako bi eraso faxista dira, bata taberna baten aurka eta bestea udaletxe honen aurka", esan du Iraitz Lazkano alkateak. "Guztira hamalau kasu, hamalau krimen salatu ditugu epaitegian: bortxaketak, zibilen erailketak, lapurretak, atxiloketak, lan behartuak... Noski, ez dira Elgetan gertatutako krimen denak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak