Euskal Herrian ekoizten den ia guztiaren erakusleiho eta salmenta-gune izaten da Durangoko Azoka. Ez dira urtean sortutako kultura ekoizpen guztiak izango, baina gero eta gehiago dira han egoteko saiakera egiten duten ekoizle txikiak.
Ekoizpen handiak eta txikiak
Askotariko formatu eta generoetako idazlanak izango dira aurten ere. Argitaletxeen babesarekin izango dira batzuk: Elkarren standean izango da, esaterako, John Andueza arrasatearrak idatzi duen Danba! eleberria; helduentzako idatzitako istorio indartsu batekin izango da oraingoan. Eguaztenean aurkeztu zuten, Donostian, Paula Badiola abokatuaren istorioa kontatzen duen liburua. "Emakume baten gorpua azaldu da Zugaztietako ur-putzuan. Eta gorpu hori iceberg makabro baten ageriko muturra besterik ez da", dio Anduezak. Txalapartaren mahaietan izango da, berriz, Aretxabaletan bizi den Judit Ruiz de Muniainek Patxi Zubizarretarekin eta Jokin Mitxelenarekin ekainean kaleratu zuen helduentzako Zukafukamusuka liburu erotikoa.
Ikastolen Elkartearen mahaira hurbildu beharko da Julen Ribas Arrasateko marrazkilariaren eta Eider Rodriguez idazlearen Santa familia gazteentzako komikia eskuratzeko. Badihardugu elkartearen mahaian erosi ahal izango da Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalek Eibarkoarekin eta Elgoibarkoarekin elkarlanean argitaratu duten jolas eta kantu sorta. Autoekoizleen gunean ere izango dira ibarrekoak: Iñaki Azkoaga arrasatearraren Vasco, ¿cómo se llama tu país eta iaz Josune Murgoitiok argitaratu zuen Colores prohibidos ere bai.
Ibarreko musika asko ere bai
20 urte bete dituen Arkada Social taldeak Eromena besarkatzen lana eramango du. Mahai berean izango dira Huntzaren bigarrena eta Goseren errautsetatik jaiotako Anita Parker. Baga Biga etxeak babestu ditu Governors eta Nomadak. Arrasatekoen Z.E.R.O. CDa saltoki-mahaian izango da; plataforma digitaletan zabalduko dute, berriz, Emon taldeko kide batzuek sortu duten proiektu berria. Horiez gainera, ibarreko musikarien lan gehiago eta aurkezpenak izango dira (ikus taula).