Virginia Imaz aurpegi ezaguna da Debagoienean; bere ibilbide profesionalean lan ezberdinak jorratu ditu, denak ere antzezlan munduari lotuta: aktorea, pailazoa, ipuin kontalaria, Oihulari Klownen sortzailea, gidoilaria, agertokiko zuzendaria… izan da.
Emakume eta gizonen berdintasun eza ikustarazteko egindako lanarengatik eta "kontzientzia feminista" duen ipuin kontalari eta pailazo bezala egindako ibilbide luze eta ausartarengatik jasoko du Imazek 2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria.
Epaimahaiaren hitzetan, "arte eszenikoen alorrean aitzindaria eta berritzailea izan da Imaz, etiketen kontra borrokatu du eta pailazo ofizioaren duintasuna eman dio, era honetara, kultur arloko beste hainbat emakumeren erreferente bihurtuz".
Sariaren helburua
Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da.