ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleak greban daude gaur. Debagoienari dagokionez, Antzuolan izan ezik beste herri guztietako eskola publikoetako irakasleak greba egiten ari dira.
Badaramate denboraldi bat mobilizazioak eta aldarrikapenak egiten. Aurreko asteetan, sukaldari, garbitzaile eta hezitzaileek egin dute greba eta gaur irakasleen txanda da.
Ordezkapenak lehenengo egunetik egitea eta irakasleen behin-behinekotasuna gutxitzea dira aldarrikapenetako batzuk. Adierazi dute klaustroak aldaketa asko jasan ezkero, zaila dela proiektu handiak jarraikortasunez aurrera eramatea.
Ratioak gutxitzea ere eskatzen dute. "Ume kopuru handiak daude eta, era berean, langile kopurua ez da gehitu. 2008tik hona 40.000 ikasle inguru gehiago daude, eta irakasle kopurua oso gutxi hazi da" adierazi du Jokin Garaik, Urgain eskolako irakasleak.
Bestalde, ikasle guztien duintasuna bermatu ahal izatea ere garrantzitsua dela diote, haien esanetan, askotan baliabide barik gelditzen direlako premia bereziren bat duten ikasleei behar besteko arreta eskaintzeko.
Prekarietatea ere salatu dute, hainbat sukaldari eta garbitzaile azpi-kontratatuta daudela adieraziz.
Horrez gain, haur-eskolak publikoak izatea da beste eskakizunetako bat. Irakasleek diote hezkuntza publikoak bermatu beharreko zerbait dela hori.
Azken finean, hezkuntza publikoan egindako inbertsioa handitzea da aldarrikapen nagusia. "2009an baino 162 milioi euro bideratzen da hezkuntza publikora eta aldiz, bankuen erreskatera edo zor publikora ia 1.000 milioi euro. Beraz, uste dugu hezkuntza publikorako inbertsioa handitu egin beharko litzatekeela.
Euskal Herriko eskubideen karta sozialean hezkuntza arloan jasota dagoenarekin bat egiten dute irakasleek. Hau da, pertsona guztiek eskubide dutela hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko, aniztasunaren alde egingo duena eta genero ikuspuntutik parekidea izango dena.
Abenduaren 12a
Abenduaren 12an, berriz, hezkuntza publikoko sektore desberdinetako langileak greba egitera deituta daude eta protesta modura, Lakuako Gobernuaren egoitzan elkartu dira grebara batzen direnak.