Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta egun horren bueltan hainbat eta hainbat ekintza antolatu dituzte bailaran, genero indarkeria eta emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Baina erakundeetatik zer protokolo jarraitzen da indarkeria matxista sufritzen duen emakume baten berri dagoenean? Zer egin dezake indarkeria jasan duenak? Nora jo dezake?
Oso datu kezkagarriak
Deba-Urolako ertzain-etxeak emandako datuen arabera, 2017an, genero indarkeriazko 61 kasu izan dira Debagoienean, orain arte –Soraluze barne–. Iaz, 102 kasu antzeman zituzten. Aipatu behar da datu horietan ez direla agertzen salaketarik jarri ez duten eta agian udaletako gizarte zerbitzuetara hurbildu diren emakume guztiak; beraz, erasoa jasan dutenen zifra handiagoa izan liteke.
Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, Ertzaintzaren erregistroen arabera, 2017an 4.519 emakumek jasan dute indarkeria matxista EAEn –iaz, 4.352–. Gipuzkoan, 1.370 emakumek jasan dute indarkeria aurten. 901 emakumek jaso dute Bortxa mugikorra babes moduan –Gipuzkoan 291 emakumek–, eta 52 emakumeri eskolta jarri diete –Gipuzkoan, 14 emakumeri–.
Salaketei dagokienez, aurten, lehenengo hiruhilekoan Gipuzkoako epaitegiek %21 kasu gehiago jaso zituzten, iazko datuekin alderatuta. 359 salaketa aurkeztu ziren guztira –iaz, berriz, 296–. Bada, datu horren arabera, egunean eraso matxistaren bat dela-eta lau salaketa jartzen dira.
Gipuzkoari dagokionez, salaketen %60 erasoa jasan zutenek jarri zituzten, eta %3 familiako beste kide batek. %27,5 poliziak ezarri zituen, eta babesa emateko ordenek ere gora egin dute. Iaz baino %13,8 gehiago, hain zuzen ere. Hala ere, 2016ko datuen arabera, erasoa jasan zutenek eskatutako babes aginduetako %60 baino apur bat gehiago ezeztatuak izan ziren.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kaleratu dituen datuei erreparatuz gero, kezkatzekoa da, baita ere, adingabeko gehiagok jasan dutela eraso matxistaren bat, 48 kasutik 62ra pasa baita kopurua urteko lehen hiruhilekoan.
Protokoloak
Aipatu behar da behar izanez gero 900 84 01 11 telefonoan, 24 orduetan, berehala, konfidentzialki eta anonimotasunean profesionalekin hitz egiteko aukera eskaintzen duela Eusko Jaurlaritzak, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuan.
Gaur egun, erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa zehaztuta du Eusko Jaurlaritzak, eta, horren ondorioz, Ertzaintzak, Osakidetzak, epaitegiek eta udaletako gizarte zerbitzuek elkarlanean dihardute. Xabier Legorburu Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak azaldu du badutela elkarlanerako protokoloa: "Guk gizarte zerbitzuetan ez dugu protokolo zehatzik zehaztuta genero indarkeria kasu bat antzematen dugunean, egoeraren arabera modu batera edo bestera tratatzen dugulako, gerturatu zaigun emakumearen nahiaren arabera. Hala ere, erakundeen arteko elkarlanerako badugu protokoloa zehaztuta. Ertzaintzan, epaitegietan edo anbulatorioetan salaketaren bat badago, hortik Gizarte Zerbitzuetara bideratzen dute pertsona hori, gainera. Beraz, lau erakundeen arteko koordinazioa badago".
Pertsona batek bere burua arriskuan ikusten badu, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzarengana edo osasun zentro batera joatea gomendatzen du, baita 112 zenbakira deitzea. Gero, bertan, zehaztutako protokoloa jarraituko dute beti. Ertzaintzak, adibidez, artatu ostean, pertsona horri laguntza juridikoa eskainiko dio, salaketa jarri edo babes-agindua eskatu nahi badu. Ondoren, gizarte zerbitzuekin harremanetan jarriko da. Jarraipen pertsonalizatua eskaintzen du, eta arrisku-mailaren araberako babes-neurriak hartzen dituzte agenteek. Horrez gain, Bortxa izenarekin ezagutzen den mugikor bat eskaintzen dute, arriskuan egonez gero zuzenean Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko. Mugikor horrek GPS zerbitzua ere badauka, pertsona hori non dagoen hobeto jakiteko.
Osasun zentroetan antzeko protokoloa jarraitzen dute Osakidetzak eta lurraldeko beste zentroek. Lesio fisiko edo psikikorik izanez gero, osasun zentro edo ospitale batera joatea gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak. Bertan, artatzeaz gain, mediku-txostenaren kopia bat eskatzea gomendatzen du, gainera, gero salaketarik egonez gero. Osasun zentrotik dagokion epaitegira bidaliko dute lesio-partea, eta, behar izanez gero, gizarte zerbitzuekin harremanetan jarriko dute pertsona hori.
Gainera, haren osotasun fisikoa arriskuan badago, osasun zentrora gerturatzeko eskatuko diote Ertzaintzari.Udaletako gizarte zerbitzuetan, Debagoienekoetan ere bai, laguntza eta aholkua eskaintzen diete behar dutenei, Xabier Legorburuk azpimarratu duen moduan: "Gure lana informatzea eta aukera ezberdinak eskaintzea da. Baliabide batzuk tramitatzeko erakundearen arabera bai eskatzen dute salaketa jartzea; adibidez, etxebizitza bat eskatzeko, Foru Aldundiak salaketa jartzearen beharra eskatzen du. Baina gizarte zerbitzuetara etortzeko ez dago salaketa jarri beharrik. Jendea informatzera dator eta beharren arabera guk bideratzen ditugu. Teknikariekin hitzordua jartzen dugu eta haiek egoera aztertzen dute. Dauden laguntza ezberdinen aukerak azaltzen zaizkio, eta dauden baliabide ekonomikoak eta laguntza juridikoa. Beharrezkoa ez bada, gu ez gara Ertzaintzarekin kontaktuak jartzen, pertsona horrek eskatzen ez badu, behintzat. Larritasunaren arabera erantzun bat ematen da, hain zuzen ere".
Aipatu behar da, gainera, beharra duten emakumeendako 301 plaza eskaintzen dituzten 30 zentro berezi dituela lurraldean banatuta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala ere, horien kokapena ez da zehazten, artatutakoen segurtasunagatik eta intimitatea gordetzeagatik.