Hezkidetzaren bidez indarkeriaren prebentzioan sakondu asmo duen kantua da, "hezkidetza baita, azken batean, indarkeria matxistarekin bukatzeko balio estrategikoa eta berdintasunaren bidean ezinbesteko zaigun osagaia", Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendari Miren Elgarrestaren esanetan. Foru Aldundiarentzat lehentasunezko helburua da desberdintasunari aurre egitea, esparru guztietan, baita genero berdintasunarenean ere eta, xede hori argi izanik, kanpaina honek haurren eta nerabeen heziketan eragiten du, "giltzarri baitira horiek belaunaldi berrientzat desio dugun etorkizuneko gizarte eredua sortzeko".
Bada, kanpaina haiei zuzentzeko asmoz aukeratu du Aldundiak Go!azen indarkeriaren aurkako kantua sortzeko. "Gaur egun gaztetxoen artean arrakasta duen taldea izanik, gaitasun handia du hainbat kanalen bidez (telebista, irratia, sare sozialak...) mezuak eta balioak azkar batean helarazteko", azaldu dute sustatzaileek.
Kantu "positiboa"
DenokZu kantua Iker Lauroba artista gipuzkoarrak konposatu du, Berdintasun organoaren laguntzarekin. "Kantu positiboa da, berdintasuna kontuan hartzen duena bere aldaera guztietan, eta estereotipoez nahiz indarkeria mota desberdinez diharduena", adierazi dute foru ordezkariek.
Ekitaldian parte hartu duten ikasle guztiek Aldundiaren oparia jaso dute: kanpainaren elementu bisuala izango den eskumuturreko lila bat eta Go!azen taldearen disko bat, gaur aurkeztu berri den DenokZu kantua barne duena. Ekitaldia bukatzeko, argazki saioa eskaini dute taldeko kantariek eta telesaileko irudiz osatutako postalak eta diskoak sinatu dizkiete hala nahi izan dutenei.
Aurre! plana
Ekimen hau ere Aurre! planaren barruan kokatzen da. Foru plan hori da, hain zuzen, aldundi batek bereziki emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko diseinatu duen lehena, eta gaur aurkeztu da, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bezperan.