Kolapsoaz diharduzu liburuan. Bada, zer da kolapsoa?
Prozesu bat litzateke kolapsoa, gizartearen eraldaketa bortitza eragingo lukeena. Horrek ondorio nabarmenak izango lituzke: erakundeen hondorik gabeko krisia eta ekonomiaren zein gizartearen funtzionamenduaren desitxuratzea, besteak beste. Horiek atzera bueltarik gabeko aldaketak lirateke, nolabait; batez ere, gizarte ereduak gero eta zailago egiten duelako gisako arazoei aurre egitea. Sistema beraren kolapsoa letorke, beraz.
Azaldu egiguzu.
Gaur-gaurkoz nagusi den sistema kapitalista dominatzailea kolapsora bidean dela esango nuke. Hor, bada, bi faktore gailenduko lirateke: lehengaien agortzea eta klima aldaketa. Aipatu beharra dago, dena den, horiek ez liratekeela faktore bakarrak; besteak beste, krisi demografikoa, soziala eta finantzarioa ere aipatu beharrekoak ditugu; zelan ez, kolapsoari aurre egitea zailduko lukete horiek.
Klima aldaketa aipatu duzu...
Teoria orokorrak dio klima aldaketak tenperaturaren gorakada eragingo duela. Iberiar Penintsulan, esaterako, batez ere hegoaldean eta mediterraneoaren kostaldeko herrietan gertatuko litzateke hori. Horri lotuta, zientzialariek diote planetaren batez besteko tenperaturak bi graduren bueltan egingo duela gora –industriaurreko datuekin alderatuta–. Hori gertatzean, inork ez daki zer etorriko den; baina ziur naiz ezer onik ez dugula izango.
Munduko agintariek denbora daroate klima aldaketaren kontrako neurriak adosten.
Hori dirudi. Azkenaldian, oso entzuna da Parisko akordioa. Dena den, nire ustez, irudia garbitzeko eta arazoa konpontzeko zerbaitetan dihardutenaren itxura emateko besterik ez dihardute horretan. Alegia, errealitatearen azterketa egin duen edozein talde ekologistak daki adostu dituzten erantzunerako neurri horiek oso murritzak direla; ez dira aski, inolaz ere. Eta ez hori bakarrik: zalantza dago herrialde guztiek bertan adostutakoa beteko duten. Berdina gertatu zen Kyotoko Protokoloarekin.
Orduan, gertatzekotan. zein eragin izango luke kolapsoak?
Sistemaren zutabe asko jarriko lirateke hankaz gora. Esaterako, nabarmen egingo luke behera energiaren eskaintzak, horrek dakarrenarekin. Bestetik, krisi ekonomiko latza etorriko litzateke, eta, horrekin batera, lan esplotazioa, enpresen itxiera eta langabeziaren gorakada. Horrez gain, bestalde, finantza arazo latzak agertuko lirateke; hainbaten artean, osasun publikoaren eta hezkuntza alorraren arrakala ekarriko luke horrek. Beraz, dudarik ez larria litzatekeela egoera.
Eta, bada konponbiderik?
Kolapsoa ezingo litzateke saihestu. Gertatzekotan, horren ondorioak leuntzea besterik ez genuke izango. Oro har, uneko panorama ez da erosoa izango. Tartean, ahalmen mugatua duten botere tradizionalen eta neurri alternatiboak proposatzen dituztenen arteko lehia aurreikusi daiteke. Bada, zentzuzkoena, egitasmo berritzaileak behetik antolatzea litzateke, autogestioz, demokrazia zuzenaz eta ikuspegi solidarioz. Horrez gain, soluzioaz mintzo, ekofaxismoa aipatzen duenik ere bada. Hori, biztanleriaren zati baten deuseztatzea litzateke, soberan legokeenarena. Finean, naziek Alemanian egin zutenaren tankerako zerbait litzateke.