Suhiltzaile zerbitzua, hobea eta azkarragoa

Miren Arregi Amasorrain 2017ko aza. 24a, 11:25

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzua eguneratuko du, eta larrialdien arreta "nabarmen hobetuko" da lurralde osoan. Bi gune zentral egongo dira, lehenengoa Donostian, eta bigarrena, Bergaran.

1980ko hamarkadan diseinatutakoa da gaur egungo suhiltzaile zerbitzua, eta urte hauetan guztietan izandako aldaketak direla-eta zaharkituta gelditu da hori: "Suteak asko gutxitu dira, istripuak gehitu, enpresen egoera ere desberdina da, eta, gainera, errepide sarea asko aldatu da", dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasak. Hala, eguneratu egingo da lurraldeko suhiltzaile zerbitzuen antolaketa eredua.

Zerbitzua zaharkituta

30 urtetik gorako zerbitzuan egindako esku-hartzeetatik jasotako datu estatistikoak erabilita, lurralde osoko larrialdien arretaren kalitateari buruzko diagnostikoa egin dute Foru Aldundiko teknikariek. Gaur egungo Gipuzkoako bi suhiltzaile zerbitzuek –Donostiako Udaleko suhiltzaile zerbitzuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak– Gipuzkoako 89 udalerrietako bakoitzean dituzten erantzun denboren azterketa zehatza egin ondoren, Gipuzkoako larrialdien arreta planteamendu orokor eta berria egin da, eta Gipuzkoa Babestu 2.030 planean neurri batzuk jaso dira. Lurraldeko larrialdien ikuspegi integral eta funtzional berriak eta bi suhiltzaile zerbitzuen jarduera bateratzeak aukera emango du estaldura eremuen antolaketa sistemaren antolamendua sinplifikatzeko, lurralde osoan eredu bakar bat ezarriz, bi jarduera eremu bereziturekin: Ekialdea eta Mendebaldea.

Zerbitzuak batera jardutea

Zerbitzuaren berrantolaketak bi gune zentral sortuko ditu: "Alde batetik, Donostia; eta bestetik, Bergara. Bi horiek izango dira bihotzak. Zerbitzua sinplifikatu egingo da, eta hobetu eta azkartu egingo da", dio diputatu Imanol Lasak. Hala, Donostiako suhiltzaile etxeak eta mugakide diren Zarautz, Tolosa eta Irungo suhiltzaile etxeek osatuko dute Ekialdea eremua. Mendebaldeko bihotza Bergaran egingo den parke berria izango da, eta, harekin batera, Elgoibarko, Ordiziako eta Azpeitiko suhiltzaile etxeek osatuko dute eremua. Oñatiko parkea desagertu egingo da.

Suhiltzaile etxe batzuen kokapen berriak eta bi suhiltzaile etxe berri –horietako bat da Bergarakoa– eremu estrategikoan irekitzeak aukera emango du zenbait suhiltzaile etxeren arteko laguntza denborak murrizteko, "gaur egun handiak baitira", adierazi dute suhiltzaileen departamentutik. 

Bergarakoa, etxe zentrala

Esan bezala, jarduera eremu horietako bakoitza –Mendebaldea eta Ekialdea– suhiltzaile etxe zentral baten inguruan antolatuko da, "zeina erreferente izango den eremu horretako gainerako suhiltzaile etxeentzat". Ekialdea eremuko suhiltzaile etxe zentrala Garberan dagoen Donostialdeko suhiltzaile etxea izango da eta Mendebaldekoa, berriz, Bergaran kokatuko den Debagoieneko suhiltzaile etxe berria. Hain zuzen ere, Bergarako etxe berria Foru Aldundiko suhiltzaile etxe garrantzitsuena bihurtuko da, zerbitzuak izango dituen baliabide eta bitarteko kopuruari dagokionez. 

Modu estrategikoan kokatuta

Suhiltzaile etxe zentralak –Garberakoa eta Bergarakoa– modu estrategikoan kokatuta egongo dira lurraldearen barruan; izan ere, errepide lotuneen ondoan kokatuta egoteaz gain, simetrikoki banatuta daude lurraldearen mutur bakoitzean, eta populazio eta industria kopuru handia biltzen dute inguruan. 

Lurraldearen azaleraren %40 hartzen duen Ekialdea eremuaren barruan ia milioi erdi biztanle egongo dira; hau da, Gipuzkoako biztanleriaren %70 inguru. Oraingo datuen arabera, eremu horretan urtean 3.000-3.500 larrialdiri erantzun beharko litzaieke. Mendebaldea eremuak Gipuzkoako azaleraren gainerako %60a hartuko luke, eta biztanleriaren %30 batuko litzateke bertan. Hain zuzen ere, kalkuluen arabera, urtean 1.200- 1.800 larrialdiri erantzun beharko litzaieke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak