"Oso gogotsu gaude zuzenekoekin hasteko"

Eneko Azurmendi 2017ko aza. 24a, 08:30

Jon Zubiaga 'Osoron'. Argazkia: David Herranz.

Gose taldeko kide Iñaki Bengoak eta Jon Zubiagak ibilbide berri bat abiatu dute. Nagusiki swing doinuak lantzen dituen Anita Parker taldea osatu dute, beste bi kiderekin batera. Pasa den astean aurkeztu zuten  taldea, Bilbon, eta abenduaren 1ean eskainiko dute zuzeneko lehenengo kontzertua, Markinako Uhagon Kulturgunean.

Anita Parker taldea sortu duzue Iñaki Bengoak, Olatz Anduezak, Ane Martinezek eta zuk. Nola batu zarete laurok?

Iñaki eta biok abestiak egiten hasi ginen. Iñakik Ane Martinez ezagutzen zuen, eta, ondo abesten duenez, taldea osatzeko proposamena egin genion. Bestalde, ni orain Lakuntzan bizi naiz eta Olatz gertukoa dut. Beraz, teklatu lanak egiteko proposatu nion. Biek baiezkoa eman ziguten, eta taldea osatu dugu.

Esperientzia handiko musikariak zarete guztiak ere.

Bai. Nork bere ibilbide musikala dauka eta esperientzia, behintzat, badaukagu. Ikusi egin behar zenbat balio digun horrek talde berriarekin.

Anita Parker. Zer dela eta?

Iñaki bere kontsultore batekin izen posiblea pentsatzen hasi zen. Halako batean, Anita Parker izena etorri zitzaien burura. Izen ezaguna egin zitzaien, pertsonaia ospetsuren bat izango zelakoan. Baina, Interneten bilatzen ibili ostean, konturatu ziren ez dagoela pertsonaia famaturik izen horrekin. Beraz, horrekin egin dugu aurrera. Lehen diskoari ere izen bera jarri diogu, gure aurkezpen gisa.

Nola definituko zenuke egiten duzuen musika?

Azken finean, konbinazio bat da. Elektronika, gitarra, baxua, teklatua, eta abar. Swing estiloa gailentzen dela esango nuke, baina dantzagarria den guztia sartu daiteke Anita Parkerren nortasun eta filosofia horretan.

Musika dantzagarria egitea zenuten helburu?

Ez dakit lehenago zein gertatzen den, intentzioa edo mekanika, elkar kutsatzen dira. Guk sekuentziekin-eta jolasten dugunez, beti eramaten zaitu dantzagarri izatera. Finean, bilatzen duguna da gure gustukoa izatea, ez daukagu parametrorik finkatuta. Sortzen goazen heinean, ikusten dugu bidea dagoen edo ez. Espero dugu jendeari gustatzea.

Sei abesti ditu lehen diskoak, baina beste sei gorde dituzue, sorpresa modura, zuzenekoetarako.

Ikusten genuen diskoa borobilagoa geratzen zela sei abesti horiekin. Gainontzeko abestiak zuzenekoetarako utzi ditugu, eta abesti horietan Anita Parkerren beste nortasun batzuk ere azaleratuko dira. Errepertorio aldetik ere aberatsagoa ikusten genuen misterio hori gordetzea, zuzenekoetarako morbo hori sortzeko. Gainera, Anita Parker sortzen doan heinean, abesti berriak ere bidean datoz.

Aurkezpen ofiziala Bilbon egin zenuten. Nolako harrera izan zuen aurkezpenak?

Hori da. Karola garabiaren azpian egin genuen aurkezpena. Bi abesti eskaini genituen, Michelle eta Izar Gorria. Egia esan, polita izan zen. Guretako ere lehen agerpen publikoa izan zen, jendaurrean inoiz jo barik geunden elkarrekin. Hasieran ez dakizu zuk gorpuzten duzun horrek ze harrera edukiko duen, eta zalantza hori bagenuen. Baina pozik geratu ginen izan zuen harrerarekin.

Zuzenekoak egiten hasteko gogotsu egongo zarete.

Zalantzarik gabe. Abenduaren 1ean eskainiko dugu lehen kontzertua, Markinako Uhagon Kulturgunean. Nogen taldearekin batera. Hori izango da gure zuzeneko lehen kontzertua, eta ondoren Durangoko Azokan ere izango gara, hilaren 9an.

Debagoienean baduzue kontzerturik lotuta?

Hasiera batean, ez. Abenduaren 16an Hatortxu Rocken izango gara eta 29an Tolosako Bonberenean. Bailaran ez dugu ezer lotuta, baina gogotsu gaude hemen ere gure burua aurkezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak