Berdintasuna, elkartasuna, heriotza eta dolua dira, besteak beste, aurrez sortutako lanetan landu dituzten gaiak; oraingoan, euskararen normalizazioaz edo kontzientziazioaz aritzea da asmoa. Bilbon estreinatuko dute, azaroaren 26an.
Positiboki jardutea ezinbestekoa
“Haurrekin, irakasleekin eta euskalgintzako agenteekin bildu ginen. Galdera zen zergatik gazteek ez duten euskaraz aritzeko gogorik. Erantzun asko daude, eta formula magikorik ez. Berehala ohartu ginen positibo jokatu behar genuela, baikor eta alai. Batzuetan, euskaraz berba egitea zigorra dirudi, eta, hortik aldendu nahi izateaz gain, zigor hori parodiatu nahi genuen, nolabait”, dio Galder Perez zuzendariak.
Euskaraz berba egitea, gure hizkuntza baloratzea, maitatzea, eta abar, aukera dela ondorioztatu zutela dio zuzendariak; beraz, ziberjolas moduko bat sortu dutela. “Izugarri ondo pasatzeko modukoa, barre egitekoa, baina ezustez beterikoa. Ondo pasatze horretan gauza asko galtzearen arriskua baitago”. “Gazteentzako zuzendua bezala aurkezten bada ere, edozeinendako aproposa dela dio Osoron-ek. “Pantailak eta teknologia berriek presentzia handia dute antzezlanean. Bits-ek eta Gor-ek han ezagutzen dute elkar, eta, jolasaren aitzakiarekin, galderak planteatzen dizkiete euren buruei eta ikusleei”. “Estetika nahiko teknologikoa du, bai. Esketx desberdinak ditu eta erritmoa ematen diote horiek”, gaineratu du Pagaldayk.
Batek indarra, besteak hitza
“Bits eta Gor gazte alai eta aktiboak dira Txip aldaketa jolasean ariko dira: robotak balira bezala, burmuinean txip berria sartzen, bakoitzak gogoko duen dohaina aukeratzeko. Gor-ek indarra hautatuko du. Bits-ek , aldiz, hitzak aukeratuko ditu, eta, hitzei esker, trebetasun handia izango du rap abeslari moduan. Ondorioz, sekulako arrakasta izango du sarean, Youtuben. Gor-ek, inbidiak jota, hitzak gordetzen dituen txipa ezabatuko dio Bits-i. Ezin du rapeatu orain, hitzik gabe galduta dago. Zer gertatuko litzateke hizkuntza ezabatuko baligute? “, diote Eidabekoek.
Zubiaga Gor da, eta zera dio haren ezaugarriez galdetuta: “Edozein mutil gazte bezalakoa da. Bere nortasuna eraikitzen dabil, eta prozesu horretan galduta dagoenez, gauza berriak probatzen saiatzen da; batzuetan, ondorioei erreparatu gabe”. Bits, Gor bezala, kuriositatez beteriko gaztea dela dio Pagaldayk. “Bizitza esploratzeko gogoz daude, baina euren erabakiek ondorioak izaten dituztela ikasiko dute”.
‘Futbolariak eta printzesak’
Horixe izan zen hirukoteak elkarrekin egin zuen aurreko lana. Oraindik ere agertokietan eskaintzen ari direla kontatu du Eskoriatzakoak. “Azaroan, oraingoz, sei emanaldi ditugu adostuta; oso gustura gaude egiten dabilen bidearekin”. “Emanaldiak ateratzen dira etengabe”, dio Osoron-ek, eta hauxe gaineratu du: “Hezkidetzaren gaia puri-purian dagoen seinale, eta plazera da aktualitateko gai baten gure argitxoa ematea”.
Hirurek diote elkarrekin gustura egiten dutela lan. “Aktore itzelak dira, eta oso ondo konpontzen gara”. Osoron-ek berretsi egiten du taldekideen artean duten “konexio” hori. “Galderrekin lan egitea izugarrizko plazera da. Sormen lanean elkar ulertzea bat-batekoa da, eta horrek asko errazten du lana. Bakoitzaren ekarpenak ongietorriak izaten dira, eta, azkenean, horrek lanaren emaitzan eragin zuzena dauka. Eidabek proposatutako ideia batetik garatu du Galderrek; eskema garbi bat eman zigun eta horren gainean egin dugu lan”. Bide beretik jarraitu du Pagaldayk: “Galderrekin talde txikian sortzen dugun bigarrena da. Gidoia Galderrena izateak malgutasuna eman digu prestatzeko orduan. Oso zuzendari eta sortzaile aparta da eta plazera da bere gidaritzapean lan egitea. Oso ondo zaintzen gaitu...”.
Saltsa askotako perrexilak
Bilbon abiatuko dute Zutuberrak lana domekan; hain zuzen ere, Deustun dagoen Pabellon 6 aretoan. Lotzeko dituzte oraindik emanaldi gehiago, baina abenduaren 27an Oñatin izango direla aurreratu dute.
Bien bitartean, taldekideak ez dira aspertuko, asko dira-eta batak zein besteak esku artean dituzten bestelako proiektuak. Iñaki Bengoarekin, Ane Martinezekin eta Olatz Anduezarekin batera sortu duen Anita Parker musika talde berriaren zuzenekoak prestatzen ari direla kontatu du Arrasatekoak. Perezek, berriz, idatzi eta zuzendu duen Morbus Operandi antzezlana estreinatu berria du. Kazetaritzari buruzko komedia politiko beltza dela dio, eta Ane Zabala eta Aiora Sedano aktoreak izan ditu honako honetan bidelagun.
Agertokitik kanpora ere antzerkiarekin lotutako bestelako ekimenetan ari direla gaineratu dute; esate baterako, EABk (Euskal Aktoreen Batasuna) bultzatzen duen Sormenean parte hartu izeneko proiektuan murgilduta daude Osoron eta Pagalday.