Goienak Debagoieneko udalen eta ikastetxeen laguntzarekin antolatzen duen karaoke saioa da Kantari. Bi urtean behin egiten da, eta abiatzear da seigarren denboraldia. Amaia Txintxurretak eta Aitor Agirianok gidatuko dute saioa.
Datorren astean, izen-ematea
7 eta 11 urte bitartekoek izango dute parte hartzeko aukera, eta, aurrekoetan legez, hiru eta bost kidek osatutako taldeetan. Ikastetxeetan jasoko dute izena emateko informazio orria. "Orri horretan azalduko da izena emateko zer egin behar den: Goiena.eus atarian sartu eta bertan egongo da Kantari izena eman txokoa; bertan klik egin, eta kito. Azaroaren 20tik 24ra bitartean eman behar da izena. Datuak ondo betetzea garrantzitsua da, posta elektronikoaren bitartez komunikatuko garelako eurekin aurrerantzean", azaldu du Amaia Txintxurretak.
Grabazioak, lau herritan
Urtarriletik aurrera Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin grabatuko dituzte saioak. "Udalekin harremanetan ari gara aretoak lotzeko", dio Agirianok, eta zera gaineratu du Txintxurretak: "Parte hartzaileen zerrenda osatu eta Gabonetarako talde bakoitzari bere kantua emango diogu. Kantu berriak sartuko ditugu aurtengo zerren- dan eta horiek lortzeko bidean ere ari gara; aurreratu dezakegu Huntza taldearen Aldapan gora eta Inondik inora izango direla. Blogak.goiena.eus/kantari blogean joango gara informazioa eguneratzen; kantuen koreografiak ere hor daude".
Horrekin lotuta, bestelako rola duten artistei ere taularen gainera igotzeko gonbidapena egin diete aurkezleek: "Gurasoren eta aitona-amonaren bat edo beste hurbildu izan zaigu kantuan gustura egingo lukeela esanaz. Kultura elkarteen ateak jotzen ari gara, gonbidatu bereziak izan daitezen; edozelan ere, animatzen direnak jar daitezela harremanetan gurekin".
Gasteizen ere egingo dute
Datorren astean grabatuko dituzte Kantariren kapitulu berriak Gasteizen. 320 neska-mutiko izango dira oraingoan.