'Bonba', 'Gontxa' eta orain 'Goros'

Xabier Urtzelai 2017ko aza. 17a, 10:38

Andoni Gorosabel, Vardarren kontrako partiduan. De la Bellak egindako gol ederrean Arrasatekoak egin zuen erdiraketa. Argazkia: Real Sociedad.

Azken hamarkadan Realaren atzealdea defendatzen dabilen hirugarren arrasatearra da Andoni Gorosabel, eta lehenagokoak diren Kortabarriaren, Sagastaren, Aranbarriren eta Luis Mari Rekarteren taldean dago jada

Partidu gutxi batzuk behar izan ditu Andoni Gorosabelek (Arrasate, 1996) Realeko atzeko lerroa defendatzeko adina maila baduela erakusteko. Ez zuen debut erraza izan, baina Levanteren kontrako porrotak (3-0) ez zuen kikildu. Kopan, Arrasatekoarekin berdegunean, Realak 0-1 irabazi zion Lleidari, eta aste gutxira, Europan, Vardarren kontra amestutako partidua jokatu zuen Goros-ek –halaxe deitzen diote lagunek–. Hala, takada batean, arrasatearrak hiru torneotan ordezkatu du Reala.

Egia da Vardarren kontrako partiduan kontrarioak erraztasunak eman zituela, Blazevski-k ez ziola aparteko buruhausterik eman, baina Gorosabelek txukun egin zituen gauzak, eta duela hilabete gutxi Bigarren B mailan jokatzen ibili dela kontuan izanda, patxada erakutsi zuen baloiarekin, temple-a.

 Gorosabel Vardarren kontrako partiduan. Argazkia: Real Sociedad.

Bada, garai bateko Kortabarriak, Sagastak eta Aranbarrik utzitako hutsunearen ondotik, azken bi hamarkadetan rekartetarrek edo, gertuago, Mikel Gonzalezek betetako eginkizuna errepikatzera dator beste arrasatear bat.

 UDAko harrobikoa

Andoni Gorosabelek Joma taldetik egin zuen saltoa UDAra, gazte-gaztetan. 2007-2008 denboraldian alebin mailako taldean jokatu zuen –argazkian– eta kadete mailan joan zen Realera. Bada, talde txuri-urdinarendako egin zuen azterketa hura gogoan du orduko UDAko kirol zuzendari Igor Arenazak: "Villabonan egin zituzten Realeko probak, eta, gurasoek egun hartan ezin zutenez Andoni probetara eraman, nirekin etorri zen. Jon Mikel Arrieta zen orduan Realeko kategoria horretako begiralea, egun gazte mailako taldean dagoena. Haren anaiarekin Eibarren jokatu nuen, eta banuen bere berri. Gorosabelen gainean egon ginen berbetan, hark ere ikusi zion zerbait, eta UDAn jokatzen duen moduan jokatu beharrean –hegaleko erdilaria zen orduan– atzeko lerrorako modukoa zela iruditu zitzaion. Eta, taldean geratzeko ahalegina egingo zuela esan zidan". Esan eta bete.

UDAko ohorezko infantilen taldearekin (Argazkia: UDA). Ezkerretik hasita, goiko ilaran: Manex Larzabal, Mikel Crespo, Mikel Arizmendiarrieta, Andoni Gorosabel, Asier Sanchez, Ioritz Saez de Gordoa eta Aitor Magallanes. Erdiko ilaran, ezkerretik: Beñat Arrieta, Beñat Illarramendi, Santi Morales, Erik Badillo, Adolfo Martin, Jon Aranburu eta Ander Gilleto. Beheko ilaran, ezkerretik: Aritz Garai, Joseba Garcia, Ugutz Rosado, Jon Ugarte, Markel Saez de Gordoa, Dabid Martin eta Jon Guridi.

Hor egoteak duen balioa

Futbolean –eta elite mailako kirolean, orokorrean– ondo jokatzetik aparte momentua aprobetxatzeak duen garrantziaz egin dio berba Rafa Mungia kazetari arrasatearrak GOIENAri: "Begi bistakoa da Gorosabelek ez diola Odriozolari postua kenduko. Azken urteotan ez dudalako Odriozola modukorik ezagutu, izugarria da mutil hori egiten dabilena. Baina gehienok oso garbi daukagu donostiarrak ez duela Realean askorik iraungo, eta hutsune hori betetzeko hautagai izan daitekeela erakusten dabil Gorosabel. Orain arte ikusitakoagatik, ondo egin ditu gauzak, eman dioten aukera aprobetxatzen dabil. Berdegunean ez du ezer ikusgarririk egin, baina neurria eman du partidu guztietan. Gauzak erraz egiten ditu, eta partiduek aurrera egin duten neurrian konfiantza hartzen duela erakutsi du. Bote prontoan, badirudi ez duela aparteko alderik sumatu Europan edota Bigarren B mailan jokatzearen artean, eta horrek ematen du zer pentsa, denak ez dira horretarako gauza".

 Rafa Mungia, Gorosabelekin, eman dituen elkarrizketa apurretako batean.

Eusebiok emandako aukera

Bada, azken urteotan Beasainen (2014-2015), Berion (2015-2016), eta Real Unionen (2016-2017) utzita jokatu ostean, Realak aukera eman dio berriro ere, eta hilabete gutxitan aurrerapauso handia eman du: "Eusebio gazteei aukerak ematearen aldekoa da, eta zerbait ikusi zion Gorosabeli talde nagusiarekin denboraldi-aurrea egitera eramateko. Bazekien Odriozolak ezingo zituela partidu guztiak jokatu, Carlos Martinez min hartuta dago eta Zaldua Leganesen dago utzita. Eta Gorosabel hutsune hori ondo betetzen dabil", dio Mungiak.

Bada, horixe bera azpimarratzen du, hain zuzen ere, Igor Arenazak: "Heldutasun handia erakutsi du azken hilabeteotan gertatu zaion guztiaren aurrean. Udan izan nintzen Andonirekin berbetan, eta lasaitasun handiz esan zidan Realarekin egingo zuela denboraldi-aurrea. Burua bere tokian zuela ikusi nuen, lasai zegoen, eta, 21 urte dituen gaztea dela kontutan izanda, atentzioa eman zidan horrek".

Sanseko jokalaria da

Andoni Gorosabelek egin dituen adierazpen apurretan –Realak ez die Sanseko jokalariei elkarrizketak ematea baimentzen, arau hori dute– azpimarratu du garbi daukala orain momentuan Sanseko jokalaria dela: "Odriozola oso jokalari ona da, eta nire asmoa da ematen dizkidaten aukera eta minutu guztiak aprobetxatzea. Alde horretatik, Eusebiori, eman didan aukera izugarri eskertzen diot".

Pardorekin batera, entrenamendu saio batean. Argazkia: Real Sociedad.

Zazpigarren arrasatearra

Horrenbestez, lehenengo taldearekin debuta eginda, Realarekin jokatu duen zazpigarren arrasatearra da Gorosabel, Jesus Mari Aranbarri (43 partidu), Juan Sagasta (25), Inaxio Kortabarria (394), Luis Mari Lopez Rekarte (96), Aitor Lopez Rekarte (338) eta Mikel Gonzalezekin (299) batera. Bestalde, Mikel Cresporen heriotzak askorengan izan du eragina –abuztuan Pirinioetan hil zen–; adibidez, kategoria txikietan elkarrekin jokatu zuten UDAko taldekideen artean. Andoni Gorosabel zen horietako bat: "Gertaera triste haren aitzakian harremana izan dugu berriro", dio Arenazak: "Talde hartako jokalariak ondo gogoratzen ditut: Ibon Perez, Markel Gordoa, Andoni Gorosabel, David Martin, ondoren eskalada aukeratu zuen Jon Aranburu, Mikel Crespo bera... Talde polita osatzen zuten". 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak