Euskal Autonomia Erkidegoan, adinez nagusiak direnen %10,6k dute diabetesa, Eusko Jaurlaritzako 2016ko datuen arabera. Kopurua Estatukoaren batez bestekoa baino txikiagoa da –ia biztanleriaren %15–, baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 aldirako Osasun Planak arreta berezia jarri du gaixotasun horretan, eta diabetesa saihesteko ekimen bereziak ari dira sortzen, osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta arrisku-faktoreak gutxitzeko.
Baina, zer da diabetesa eta zerk sortzen du? Gizartean, “irudi okerra” dago zabalduta, hainbat diabetikok azaldu duten moduan. Iñaki Peña barneko medikuak zehatz azaldu ditu gaixotasunaren nondik norakoak: “Diabetesa gaixotasun endokrinologiko kronikoa da, azukrearen metabolismoarekin lotutakoa. Izan ere, gaixotasuna kontrolatuta ez dagoenean, azukre maila handia egoten da odolean. Pankrean agertzen diren lesioengatik haren funtzioa makaldu eta azukrearen alterazioak igartzen dira. Pankrea gaixotasunaren iturria izanda, gorputzeko beste atal batzuk ere kaltetu daitezke, kontrolik ez badago. Oso ohikoa da begiak kaltetzea –erretinaren arazoak, eta, beraz, ikusmenean–, giltzurrunetan –haien funtzioa okertzen–, hanketan –zirkulazio arazoak– eta bihotzean –arteria koronarioak kaltetzea–”.
Bi diabetes mota nagusi daude, Peñak azaldu duen moduan: “I motakoa ume eta gazteengan agertzen da. Jatorri autoimmunea dauka –norberak sortutako autoantigorputzek kaltea egiten diote pankreari– eta intsulina behar da ezinbestean tratamendu moduan. Kasu guztien %10 dira bat motakoak. II motako diabetesa da ohikoena, alde handiarekin, helduengan ikusten dena, batez ere, eta beste faktore batzuekin lotuta egoten da; sedentarismoa, obesitatea eta tabakismoa, bereziki. Tratamendua, dietaz eta ohitura aldaketez gain, aho bidez egon daiteke pastillekin eta intsulinarekin ere bai. Beste mota batzuk kausa trantsitorioekin lotuta daude: haurdunaldia eta kortikoideen erabilera, batik bat”.
Diagnostikoa eta prebentzioa
“Diabetesaren diagnostikoa odol analisien bidez egiten da. Bertan antzematen da momentuko azukrearen maila, egunean zehar elikadurarekin eta bestelako faktorerekin lotuta aldatzen doana –infekzioren bat egonez gero, adibidez, azukrea igotzen da–. Halaber, badago aurreko asteetan azukrearen kontrola nolakoa izan den odolean islatzen duen beste markagailu bat: hemoglobina glikosilatua, hain zuzen. Azken hori maila normaletan baldin badago, kontrola ona dela adierazten du, nahiz eta momentuko azukre mailak handiak izan daitezkeen. Alderantziz, hemoglobina hori alteratuta egonez gero, kontrol txarraren seinale da. Diagnostikoa egiteko orduan, komeni da azterketa bat egitea begietan eta giltzurrunetan ere, gutxienez”, azaldu du Iñaki Peña medikuak.
I motako diabetesari aurre egiteko pausoak argi dituzte gaixoek. “Dieta osasuntsua, ariketa fisikoa eta ohitura kaltegarriak lagatzea aholkatzen da –tabakoa, alkohola eta bestelako toxikoak–. Horrez gain, ahotik hartzen den medikazioa edota intsulina beharrezkoak izaten dira kasu gehienetan. Intsulina mota bi daude: eragin luzea duena eta egunean behin administratzen dena; eta eragin laburrekoa, azukrearen mailaren arabera momentuan ipintzen dena. Bati intsulina motela eta besteari intsulina azkarra esaten diegu”, azpimarratu du medikuak.
Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteko presidente Juncal Telleriak azaldu duenez, “I motakoan ez dago prebenitzeko modurik. Etorri egiten da eta ezin duzu ezer egin horren aurrean. II motakoa ohikoagoa da, eta hor bai egin daitezke gauza ugari. Elikadura ona jarraitzea ezinbestekoa da. Ariketa gehiago egin behar da, eta bizimodu osasuntsuagoa eraman. Jarraituz gero, gaixotasuna atzeratu egin daiteke, edota, kasu batzuetan, gaixotasuna bera ez agertzea. Hor badugu lana egiteko eta informazioa zabaltzeko”.
Iñaki Peña medikuak elikaduran jarri du arreta, batez ere: “Elikadura erabat garrantzitsua da helduongan gaixotasun hau ekiditeko. Eta arreta berezia ipini behar dugu haurrekin, obesitatea prebenitzeko eta kirola sustatzeko. Litxarreriek eta edari gasdunek azukre maila handi-handia dute, eta, maiztasun handiz kontsumituz gero, oso faktore kaltegarriak dira”.
Tasak gora egin du nabarmen
Munduan 300 milioi lagunek baino gehiagok dute gaixotasuna, eta Europan 56 milioi lagunek, gutxi gorabehera. Kopuruak handitu egin dira eta handitzen jarraituko dutela aurreikusten dute adituek, eta, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, diabetesa XXI. mendeko epidemietako bat da.
“Mundu mailan 300-400 milioi pertsona diabetikoak dira, eta gorantz doa kopurua, urtez urte, bizimodu kaskarrekin eta elikadura desegokiarekin oso lotuta, haurtzarotik bertatik, gainera, sarritan. Gaur egun, pediatrek zein helduekin tratatzen dugun medikuek ere paziente diabetikoak edukitzea oso kontu normala eta ohikoa da. Ospitalean oso ohikoa da, baina anbulatorioetan, familia medikuen kasuetan, are ohikoagoa”.
“Gaixotasuna modu kezkagarrian ari da gora egiten azken urteetan. II motako diabetesaren inguruan hitz egiten ari gara, noski. Herrialde batzuetan dagoeneko %16-18 artean dago tasa, eta ez doa beherantz. Bizimoduak du zerikusia, argi eta garbi. Kirol edo ariketa gutxiago egiten da eta bizimodua sedentarioagoa da”, dio Juncal Telleriak.
EAEko datuei erreparatuta, diabetikoen tasa beste toki batzuetan baino txikiagoa dela azpimarratu du Telleriak: “Hala ere, nahiko ohikoa da gaixotasuna. Euskadin ia biztanleriaren %11k du diabetesa. Estatuan, %15ek. II motakoa, gainera, adinekoek izaten dutena, batez ere, asko igo da azkenaldian, baita gure artean ere. Jendeak uste du nahikoa dela azukrea ez hartzearekin, baina ez da horrela. Azukreaz gain, beste elikagai asko daude tartean; pasta, ogia eta arroza, esate baterako. Karbohidratoekin kontu handia izan behar da. Eta gaixotasun honek sintoma mingarririk ez duenez, eramateko erosoa dela dirudi. Hala ere, etorkizunera begira arazoak handitu egiten dira. Elkartetik azpimarratzen dugun moduan, diabetesa duzula esaten dizuten unetik, egunero zaindu behar duzu”.
Enara Chimeno: "Bat batean etorri zitzaidan diabetesa"
Bergarako gazteari duela bi urte antzeman zioten I motako diabetesa. 17 urte zituen orduan Enara Chimenok, eta oporretan zegoen, Ingalaterran: “Begian begitxindor moduko bat irten zitzaidan, eta medikuak zerbait arraroa ikusi zuen; analisiak egin ostean, diabetikoa ote nintzen galdetu zidan, mailak oso handiak zirelako. Proba gehiago egin ondoren, etxera bueltatzeko agindu zidan, eta Arrasateko ospitalean proba gehiago egin ostean konfirmatu zidaten diabetesa. Lau egun eman nituen ospitaleratuta, intsulina kontrolatzen ikasteko. Hasieran, mundu berri bat zen niretako, ez gaudelako ohituta orratzekin ibiltzen, baina nahiko azkar ikasi nuen, endokrinoarekin ikastaro bat egin nuelako. Esan behar da bat-batean etorri zitzaidala gaixotasuna, 17 urte izan arte bizitza normala egiten nuen eta. Ez da izan ohitura txar bat izan dudalako, ezta familiako norbaitek izan duelako”.
“Gaur egun beti daramat intsulina aldean, eta egunean lau aldiz injektatzen dut. Goizean dosi bat hartzen dut, egun osorako, eta otorduen aurretik moldatzen ditut besteak, jaten ditudan karbohidratoen arabera. Diabetesa, azkenean, azukrearena baino gehiago, karbohidratoen kontua dela esan daiteke. Horiek bihurtzen direlako gero azukre gure gorputzean. Eta intsulinarik produzitzen ez dugunez, sartu egin behar dugu, hidrato horiek azukre bihurtzen direlako odolean. Horrela, apurka, ikasten eta kontrolatzen zoaz, eta badakizu ze janarik igotzen dizun gehiago edo gutxiago. Animoarekin lotuta era badago; izan ere, daukazun egunaren arabera edo egiten duzun kirolaren arabera, balioak aldatu egiten dira. Bero handia egiten badu ere, asko aldatzen da. Nik, adibidez, udan beherakada gehiago izaten ditut”.
Gaur egun, Alemanian dago, ikasten, eta etxera bueltatu arteko dosi guztiak hemendik eraman behar izan dituela azaldu du Enara Chimenok: “Gutxienez, Gabonak arte behar dudan guztia ekarri behar izan dut. Medikuarekin eta endokrinoarekin hitz egin ostean, errezeta berezi bat egin zidaten, intsulina eta xiringa kopuru handiagoa hartzeko eta horiekin bidaiatu ahal izateko”.
Ingurukoak, gertu
“Diabetesa antzeman zidatenean, lagunekin afari bat egin nuen, eta bertan, gaixotasunaren gaineko zalantzak argitu nizkien. Kontrola izanda denetik jan dezakedala erakutsi nien, eta, gainera, xiringekin nola egiten dudan ere azaldu nien. Zorabiatu edo galdu samar banago edo gaizki koordinatzen dudala ikusten dutenean, gainera, intsulina hartu behar dudala badakite. Horrez gain, glukagon ere eramaten dut beti aldean, eta gertukoek badakite konortea galtzen badut injektatu egin behar didatela eta ondoren anbulantzia bati deitu behar diotela. Azkenean, oso zorabiatuta bazaude eta ezin baduzu erreakzionatu, eurak laguntzeko prestatuta daude”, aipatu du bergararrak.
Beñat Arizabaleta: "Haurra zarenean zaila da kontrolatzea"
2 urte zituela antzeman zioten I motako diabetesa Beñat Arizabaleta aretxabaletarrari (19 urte). “Hasierako une haiek ez ditut gogoratzen, baina, gurasoek esan didatenez, ur pila bat eskatzen nuen eta txiza asko egiten nuen. Medikuarenera eraman ninduten eta probak egin ondoren diabetesa antzeman zidaten. Urteek aurrera egin ahala, neuk ere hasi behar izan nuen kontrolatzen, haurtzaroan hori kontrolatzea oso zaila da eta. Ingurukoek, otorduetan, ez dituzte zuk dituzun debekuak, eta gogorra egiten da”, dio Arizabaletak.
“6-7 urterekin, gutxi gorabehera, hasi nintzen gaixotasunaz ondo jabetzen. 6 urte nituenean, lehen udalekuetara joan nintzen, eta han, diabetesa kontrolatzen hasi nintzen. Adin batetik aurrera ardurak hartzen joan behar duzu, eta nik uste dut 7 urteren bueltan ibiltzen direla umeak”, dio aretxabaletarrak.
Intsulina beti aldean
“Egunerokoan, otorduen aurretik odolaren kontrola egin behar izaten dut, gluzemia maila jakiteko. Eta jan behar dudanaren arabera edo egin behar dudan ekintza fisikoaren arabera, intsulina kantitate bat edo beste jarri behar izaten dut. Orain, adibidez, Arte Dramatikoa ikasten nabil eta kirol pila egiten dut. Oso fisikoa da, eta, horrela, nire intsulina dosia moldatu egin behar izaten dut, beherakadak gertatzeko arriskua egon daitekeelako. Nabaritu egiten duzu gorputzean, ez duzulako energiarik, mareatzen hasten zara apur bat, oso gorputzaldi txarra jartzen zaizu... Azaltzeko zaila da sentsazioa, baina nabaritu egiten da. Beraz, egunerokoan, kontuan izan behar dut zer jaten dudan, zenbat jaten dudan, eta egiten dudan ariketa fisikoa”, azaldu du aretxabaletarrak.
“Intsulina beti daramat aldean. Institutuan nenbilenean, adibidez, etxean uzten nuen sarritan. Baina kontzientziatzen hasi naizen heinean, diabetikoa izateak zer ekar dezakeen, esate baterako, beti daramat aldean. Niretako, beharrezkoa da. Edozein momentutan intsulina jartzeko beharra izan dezaket. Gainera, nire gertuko lagunei abisatzen diet zer gerta diezadakedan eta horren aurrean zer egin behar den. Baina kalean bakarrik banoa eta zerbait gertatuz gero, askok ez lukete jakingo zer gertatzen zaidan edo nola jokatu horrelako kasu baten. Denok ezagutzen dugu zer den diabetesa, baina kontzeptu okerra dago zabalduta gizartean, nire ustez. Diabetiko batek ezin duela azukrerik jan, hori ulertzen dute gehienek. Baina ez da hori bakarrik, harago doa. Karbohidratoak, elikadura... baremo gehiago hartu behar dira kontuan”, azaldu du Beñat Arizabaletak.
Gaur egun, monitore ere ibiltzen da, diabetesa duten umeei laguntzen: “Nire diabetesa ezagutzeko lagungarria da. Sekulako esperientzia da, ikusten duzulako beste ume batzuendako erreferente izan zaitezkeela. Eurei interes hori sortzea garrantzitsua da”.