Debagoienean antzerkia bultzatzeko asmoarekin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko aza. 14a, 15:30

DAP ekimeneko kide batzuk batzar batetan. Argazkia: DAP.

Herriz herri kontatuz gero, asko dira bailaran antzerkigintzan jarduten dutenak; horietatik hamazortzi lagun DAP izeneko ekimenean batu dira ibarrean antzerkigintza nola bultzatu aztertzeko eta bestelako arte diziplinekin zubi lanak egiteko asmoz.

Ekimenari zein izen jarri pentsatzen ari zirela plataforma hitza proposatu zuen kide batek, eta hortik abiatuta adostu zuten DAP izena jartzea: Debagoieneko Antzerki Plataforma.

Oraingoz, Facebookeko talde bat direla dio Iurgi Etxebarria kideak: "Hamazortzi lagun gara baina buru belarri boskote bat ari gara. Batzarretara proposamen ezberdinak eramaten ditugu bailaran antzerkia sustatu dezagun. Elkartea eratzeko paper artean ari gara orain".

Ekimenaren asmoak

"Gura baino motelago goaz, beste ogibide edo egin-behar batzuk ditugu eta. Denetik dago taldean: batzuk antzerki taldetan lanean, beste batzuk antzerki-irakasle, antzerki eskolatan ari diren gazte batzuk ere badira... Denok sentitzen dugu bailaran antzerkia bultzatzeko nahikorik ez dugula egin; horretan aritzen garenak Bizkaira... joan izan gara eta hemen, berriz, ez dugu, esaterako, antzerki talderik sortu. Era berean, programatzaileen ikuspegitik begiratuta, aretoetara ikusle gutxi joaten dela ere ikusten dugu. Horrek guztiak bultzatu gaitu zerbait  egitera, ez dugu askorik finkatu baina ideiak bildu eta aztertzeko biltzen gara hilean behin".

Barrura eta kanpora begira

Kideek elkar ezagutzeko, barrura begira hasi dira lanean. "Ideia asko etortzen zaizkigu burura: alde batetik, gure formazioa lantzea, hau da, elkartu eta bt-bateko saioak egin, edo teknika ezberdinak elkarri irakasteko txandakako irakasle lanak egin... Oraindik ez dugu egoitzarik finkatuta, Debagoiena osoan ibiltzen gara, herri askotakoak gaude-eta; Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan... elkartu izan gara, orain artean.

Kanpora begira ere hasi dira ideiak biltzen: "Herri ezberdinetan saio inprobisatuak egitea komentatu dugu baina prestatzeko denbora aldetik  ez gabitza oso sobran... Era berean, herrietako kultura teknikariekin ere bildu nahiko genuke elkarrekin lan egiteko... Facebooken bitartez joango gara ekintzak finkatu ahala iragartzen. Ateak zabalik ditugu, baina, ideia berrietarako, hauxe e-posta: dapantzerkia@gmail.com".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak