"Hobekien prestatutako profesionalak mantentzea"da gaur egungo enpresa eta erakundeen "kezka nagusietako bat", Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren hitzetan. Eta hain zuzen, horretan oinarritzen da Ingeteam eta MUk sinatu duten hitzarmena. Akordioaren helburua lankidetzako ikerketa- eta transferentzia-programa bultzatzea da; etengabeko prestakuntzako programen bidez, zientzia- eta teknologia-ikerketako programen bidez, eta proiektuen, jardueren eta oinarrizko ezagutzaren transferentziaren bidez.
Hitzarmena Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Carlos Garcíak eta Ingeteam Power Technologyko kontseilari delegatu Javier Colomak sinatu dute. Bi erakundeek 2008an sinatu zuten lehen hitzarmena, Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan etengabeko ikerketarako Ingeteam gela abian jartzea ahalbidetu zuena, besteak beste. Harrezkero hamar urtetik gora joan dira eta, tarte horretan, esaterako, patenteak garatu dira, nazioartean proiektatu diren 40 artikulu inguru idatzi, 10 doktorego-tesi irakurri eta 25.000 ikerketa-ordutik gora landu.
Ingeteam gela
Aurrerantzean ere bi erakundeek garatuko duten ikerketaren gune nagusia izango da Ingeteam gela. Funtsezko bost arlo landuko ditu:
-Sare elektrikoaren jardunera eta kudeaketara bideratutako potentzia ertain eta handiko ekipamenduen diseinua.
-Parke eolikoen azterketa eta jarduna eta potentzia ertain eta handiko haize-turbinen konbertsio-egiturak.
-Industria-sektorean erabiltzeko potentzia ertain eta handiko banaketa-sareak, bihurgailuak eta kontrola.
-Tren-azpiegitura.
-Aurreko lau esparruetan/arloetan erabil litezkeen irtenbide teknologiko erkide eta zeharkakoak, normalean potentziako elektronikaren eta potentzia-sistemen kontrolaren alorrean.