Epele-Eroski tarteko arrisku-indizea ez dela altua azaldu du Diputazioak

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 14a, 11:58

Eroskiko biribilguneko istripu baten artxibo irudia.

Zaurituekin gertatuko istripuak, eta egunean pasatzen den auto kantitatea hartzen ditu kontuan indizeak, eta emaitzak ikusita, ez da istripu ugariko bide-zati izendapena lortzera heltzen. Errepide zoruen egoera aztertzeko aurtengo kanpaina barruan dago Epele-Eroski tartea, eta horren arabera 2018ko zoruen kanpainan sartuko litzatekeela jakinarazi dute Aldunditik.

Hauek dira Herrizaingo Sailak emandako datuak urtez urte aztertuta:

  • 2015: 29 istripu eta 14 zauritu arin.
  • 2016: 45 istripu, bi zauritu larri eta 26 arin.
  • 2017: 26 istripu, lau zauritu arinekin eta 22 zauriturik gabe [Datua urtarriletik abuztura artekoa da]

Gipuzkoako Foru Aldundiko azpiegitura sailak, datuak aztertu ostean, ondorengo neurriak iragarri ditu: "Bide zati hori 2017ko zoruak auskultatzeko kanpainan sartu da, zoruak benetan zer egoeratan dauden egiaztatzeko. Lortzen diren datuen arabera, 2018ko zoru-kanpainan sartuko da. Hala ere, aipatu beharra dago, 2016ko uztailean, 38 eta 39 puntuen kilometrikoen artean zorua birgaitu egin zela".

"Errepidearen arrisku-indizea ez da altua"

EH Bilduk 100 istripuko zifra "kezkagarritzat" jo du, baina azpiegitura sailetik jakinarazi dute "kontrakoa iruditu arren, errepidearen arrisku-indizea ez dela altua, eta ezin dela istripu ugariko bide-zati izendatu".

Arrisku maila neurtzeko orduan honako faktoreak hartzen dira kontuan: zaurituekin gertatuko istripu kopurua, eta egunean pasatzen den auto kopurua. Ondoren antzerako ezaugarriak dituzten beste bide batzuekin konparaketa egiten da, eta horren arabera jasotzen dute batzuek istripu ugariko bide-zati izendapena.

Errepide zati horretako istripuen zergatiak Ertzaintzak ikertzen ditu. Aldunditik jakinarazi dutenez, 2015etik 2016era egondako istripu kopurua ikusita, Ertzaintzak azterketa sakon bat egin zuen zergatiak bilatzeko. Analisi horren arabera zati horretako istripu horien arrazoi nagusia gehiegizko abiadura izango litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak