Bilketa Handirako lanean da Elikagaien Bankua

Eneko Azkarate 2017ko aza. 13a, 08:45

Iazko Bilketa Handiaren une bat, Arrasaten.

Gipuzkoako Elikagaien Bankua urteko "bilketa handienari" aurre egiteko prestatzen ari da. Izan ere, urtean batzen duten elikagaien %80 batzen da sasoi horretan. Aurten, abenduaren 1ean eta 2an egingo dute.

"Sasoi honetan, bereziki, Elikagaien Bankuari laguntzeko propio supermerkatura joaten denik bada, nahiz eta supermerkatuetan erosteko ohiturarik ez izan. Hori eskertzekoa da", dio Jose Antonio Agirrebeñak, Bergarako Elikagaien Bankuko arduradunak.

Abenduko lehen asteburura begira, supermerkatu sarreretan ariko dira boluntarioak herritarren ekarpenak jasotzen. Herritarrek bi modutara egin dezakete ekarpena. "Supermerkatuetan erositako oinarrizko elikagai iragankorrak –kontserbak, lekaleak, arroza, pasta, olioa, esnea, umeentzako pixoihalak…– poltsa berezietan jasoz eta emanez edota diru-txartelen bidez, saltokietako ordaintzeko tokietan jakinaraziz", dio Agirrebeñak. Debagoienean, Eroski, Dia, Lidl, BM eta Super Amara supermerkatuek egin dute bat kanpainarekin. Iazko bilketan 213.000 kilo inguru batu zuten Bergarako Elikagaien Bankuan.

Boluntarioen beharra

Gabonen aurreko Bilketa Handirako bikoiztu egin ohi da boluntario kopurua, lana handitu eta egun gutxitan pilatzen baita. Horregatik, interesa duenak 943 76 21 90 telefonora dei egin dezake, edo hona idatzi: bergara@bancoalimentosgipuzkoa.org. Iazko kanpainan, 100 lagunetik gora aritu ziren eskualdeko 30 puntu baino gehiagotan. Gipuzkoa osoan, berriz, 1.700 lagun aritu ziren, eta horietatik 500, bat Bergarako Elikagaien Bankuaren ardurapeko eskualdeetan.

Osterantzean, urtean zehar Bergarako Elikagaien Bankuan 75 bat boluntario aritzen dira lanean. Gehienak erretiratuak dira, baina praktiketan ari diren ikasleak ere badaude. Astelehenetik egubakoitzera bitartean, 09:00etatik 12:30ak arte aritzen dira, elikagaiak batu, sailkatu, prestatu eta banatzeko.

Oiartzunen eta Bergaran

Oiartzunen eta Bergaran daude Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren biltegiak. Oiartzungoa zabaldu zuten lehenbizi, duela 20 urte. Bergarakoa 2011 ezkero dago zabalik. "Debagoiena, Debabarrena, Urola eta Goierri dira gure lan eremuak, baita Ermua ere" dio Jose Antonio Agirrebeñak, Bergarako Elikagaien Bankuko arduradunak.

2011tik hona, urtetik urtera, handitzen joan da Bergarako Elikagaien Bankuaren lan jarduera. Horrela, esaterako, lehen urtean, 282 laguni banatu zizkieten elikagaiak. Gaur egun, ostera, hilero 4.000 nagusiren eta beste 400 adingaberen artean banatzen dituzte. 2016an, urte osoan, 401.854 kilo janari jaso eta partitu zituzten Bergarako Elikagaien Bankuan; Gipuzkoa osoan 2.137.877 izan ziren. "Gu ez gara soluzioa, gu bideratzaileak gara. Guk jaso eta sailkatutako elikagaiak, gero, udalek, Caritasek, Nagusilanek edota etorkinen elkarteek… banatzen dituzte".

Enpresak eta elkarteak

Erakunde publikoen, enpresen eta kirol kluben laguntza jasotzen dute –Reala eta Eibar, adibidez–. Aurtengo kanpaina handirako, esaterako, Eibar Kirol Elkartearen laguntza izan dute.

Hiru furgoneta darabilte Bergarako Elikagaien Bankuan, elikagaiak batetik bestera garraiatzeko. Azkena irailean erosi zuten, Danobat Taldeak egindako 15.000 euroko ekarpenari esker. 5.000 laguni ematen die zerbitzu Bergarako Elikagaien Bankuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak