"Behobia luzea da, indarrak gordetzea da nire aholkua"

Xabier Urtzelai 2017ko aza. 10a, 09:47

Antonio Merino (Antzuola, 1966) ez da zarata handia ateratzekoa. Umiltasunez gogoratu ditu bere garaiko atletismo kontuak, eta, seguruenik, umiltasun horrek markatu zuen, neurri handian, bere kirol ibilbidea. Baina irakurle, Elay enpresan lan egiten duen antzuolar hori Gipuzkoako atleta nabarmenetako bat izan da, eta bere markei begiratzea baino ez dago horretaz jabetzeko. GOIENAk aspalditik zor zion elkarrizketa hau, Behobia-Donostiaren bezperan. 

Antonio, Eztala futbol zelaian gaude, eta oraindik korrika egiteko bi kale daude bertan. Zenbat buelta eman dizkiozun futbol zelai honi...

Ez dakizu ondo. Normalean, Bergarara edo Zumarragara joaten nintzen korrika egitera, entrenatzailea Zumarragan nuen [Santi Perez], baina denbora gutxi nuenean hona etortzen nintzen. Korrika nenbilela herriko kanpaien hotsaren zain egoten nintzen, eta 15 minutuan behin norabidez aldatzen nuen, gorputzaren atal bat gehiago ez nekatzeko. Faltan igartzen dut hemengo aire garbia, baso erdian gaude eta igarri egiten da.

Durangon [han bizi da] ez dugu halakorik, kutsadura handiagoa dago eta. Zelan hasi zinen atletismoan?

Garai hartan Antzuolan ez genuen futbol zelairik. Egun Goizper enpresa dagoen lekuan berdegune handi bat zegoen, eta bertan ibiltzen ginen futbolean. Baina, Goizper handitu zutenean, berdegunea desagertu egin zen, eta Eztala ez zuten amaitzen. Bada, urte haietan Jose Inazio Garitano ibiltzen zen Antzuolan herri lasterketak antolatzen, eta hura izan zen, neurri handian, atletismoaren harra sartu ziguna. Urte askoan nire entrenatzailea izan zen Garitano.

Herri mailako atleta izatetik, Adidas etxeko talde nazionalera egin zenuen salto. Zelan eman zenuen pauso hura?

Espainiako Kros Txapelketetan egin nituen lasterketak oso lagungarriak izan ziren, hainbat urtetan hamabost onenen artean sailkatu nintzelako. Hor talde indartsuak zeuden, Reebok, Adidas, Puma, Joma, Nike... Baina, garbi daukat Diego Garciak zerikusi handia izan zuela nik Adidasen eskaintza jaso ahal izateko. Diegok eta biok ordurako entrenatzaile bera genuen, elkarrekin entrenatzen ginen eta ordurako Diego Adidas taldeko kide zen. Beti esan izan dut Diego Garcia zenarekin zorretan nagoela. Adidas taldearekin hiru urte egin nituen, eta ondoren Fila taldera joan nintzen.

 

Diego Garcia eta Iñaki Merino, krosean. Taldekideak, eta lagunak.

Noiz utzi zenuen atletismoa?

35 urte inguru izango nituen, eta ordurako giharretako hainbat lesio nituen. Azken urteotako maratoi erdietara arazo fisikoekin joaten nintzen, eta mentalki ere nekatuta nengoen. Taldekide batzuk profesionalak ziren, baina gu, nahiz eta talde handietan egon, atleta amateurrak ginen, atletismoak ez zuen dirurik ematen. Lagunek galdetu izan didate ea zergatik ez nuen, esaterako, eszedentzia hartu eta urteren baten atletismoaren aldeko apustu garbia egin. Baina hipoteka ordaindu beharra zegoen [Barre]. Eta lesionatuz gero, zer?

Erraz hartu zenuen lasterketak alde batera uzteko erabakia?

Ez pentsa, kostatu egin zitzaidan. Erretiroa hartu ostean ere lasterketaren bat edo beste egin behar izan nuen hartutako erabakia zuzena zela ikusteko. Lasterketa haiek prestatzen konturatu nintzen ez zuela horrela jarraitzea merezi.

Gaur egun, ze harreman duzu atletismoarekin?

Izugarri gustatzen zait, eta prentsan asko jarraitzen ditut atletismoko kontuak. Bestalde, Durango inguruan dauden herri lasterketak gustura egiten ditut, urtean bat edo beste egiten dut. Baina gurago dut nire kabuz kirola egin, korrika apur bat, mendiko bizikletan buelta bat...

Joan den astean izan zen Antxintxika Krosa...

Behin egin dut! Duela urte batzuk etorri nintzen lasterketa hori egitera, eta gazteek nire tokian jarri ninduten [Barre]. Lehenengo bizpahiru kilometroetan aurrekoekin joan nintzen, baina erritmo bizian joan ziren, eta ezin jarraitu! Uste dut zazpigarren edo zortzigarren sailkatu nintzela. Urteek ez dute barkatzen.

Eta Behobia-Donostia egiteko gogorik ez?

Bada, egia esateko, ez. Atleta izan garenok ez dakigu dortsala jantzi eta lasai korrika egiten, kosta egiten zaigu. Seguru izena emanez gero serio hasiko nintzatekeela entrenatzen, eta lasterketan berotu ederra hartuko nukeela. Goizero bostetan jaikitzen naiz Antzuolara lanera joateko, dagoeneko ez gara gazteak, eta halako esfortzuen aurrean bihotza zaintzeko adina ere badut. Egia esateko, beldur apur bat ere ematen dit gaur egun bihotza halako pultsazioetan jartzeak.

1997ko Behobia-Donostia hartan hegan egin zenuen. Zenbat ediziotan hartu zenuen esku?

Guztira, hiru ediziotan izan nintzen, eta hiruretan ibili nintzen 1.05eko marka azpitik. Baina gogoan dut Santi Perez entrenatzaileari ez ziola grazia handirik egiten gu lasterketa horretara joateak. Jai moduan hartzen genuen, ondoren Donostian geratzen ginen parrandan... Eta hark esaten zigun kontuz ibiltzeko, kros denboraldia geroago hasten zelako eta BehobiaDonostiara ondo entrenatu barik joaten ginelako.

Urte baten proba ondo prestatzeko erabakia hartu zenuen.

Halaxe da, bai. Lasterketa ondo prestatu barik ordu eta bi minutu inguruko denbora egin nuela ikusita, entrenatzaileari esan nion lasterketa ondo prestatzeko gogoa nuela, oraindik minutu bat hobetzeko tartea nuela ikusten nuelako. Ez zion graziarik egin, baina halaxe egin nuen. Hala, 1997ko edizio hartan Adidas taldetik Diego Gartziak eta nik hartu behar genuen esku, eta, elkarrekin entrenatzen ginenez, banekien distantzia horretan Diego baino indartsuago nengoela, nahiz eta Diego izan benetako faboritoa. Baina, azken momentuan, Valentziako taldekide batek, Antonio Perez Peralesek, lasterketara etortzea erabaki zuen, eta, kilometro asko elkarrekin egin eta gero, azken kilometroetan ihes egin zidan eta lasterketa irabazi zuen.

 

Antonio Merino, bigarren egin zuen urtean, ordurako bakarrik.

Gogoan duzu zelako lasterketa izan zen?

Urtero moduan, jendearen animoek bultzatuta egin genuen korrika, hori ez da aldatu. Lehenengo bost kilometroetan Diego Garciak jarri zuen erritmoa, baina Gaintxurizketan atzean utzi genuen, eta Perez Peralesek eta biok egin genuen aurrera. Eta lasterketa amaieran hiru segundoko aldeagatik irabazi zidan [1.00.54]. Egia esan, badut Behobia-Donostia irabazi ez izanaren arantza.

Damutu izan zara inoiz lasterketa hori hobeto prestatu ez izanagatik?

Egia esan, bai. Izan ere, lehentasuna eman izan banio eta hobeto prestatu izan banu, irabazteko aukera izango nukeen. Baina, lehen aipatu moduan, urteko helburu nagusiak aurrerago izaten genituen, eta guretako goizegi zen. Taldeka Espainiako Txapelketa irabazi duzu, baita Europako Txapelketa ere Portugalen...

Baina Behobiak mediatikoki oihartzun handiagoa du.

[Barre] Beti esan izan dut Behobia-Donostia atleta amateurrendako erreferentziazko lasterketa dela. Baina bai, gogoan dut Europako Txapelketa irabazi genuenean hemengo komunikabideetan apenas izan zuela oihartzunik. Eta kontrara, imajinatu zer den Behobia-Donostia lasterketa irabaztea. Izugarri hazi den lasterketa da, marka asko egoten dira horra begira, eta gaur egun atleta baten palmaresa borobiltzeko lasterketa garrantzitsua da.

Zuri, baina, krosa gustatu izan zaizu beti.

Zalantza barik, hor ibili izan naiz ni beti gustura. Distantzia eta modalitate gehienetara ondo moldatu izan naiz, baina krosean eman izan dut onena. Lau urtez Euskadiko txapeldunorde izan nintzen, eta, garai hartan oso maila oneko atletak zeudenez, balio handia ematen diot horri. Nahiz eta hor ere badudan inoiz irabazi ez izanaren arantza.

Gogoan dituzu zure kirol ibilbidean egindako marka onenak?

Bai, horiek buruan geratzen dira. 800 metrotan 1.54.08, 1.500 metrotan 3.50.60, 3.000 metrotan 8.10 [Gipuzkoako errekorra da gaur egun], 5.000 metrotan 14.07, 10.000 metrotan 29.04 eta maratoi erdian 1.04.18 [Azpeitia-Azkoitia lasterketan egin zuen marka hori]. Gogoan dut maratoi erdian eta Behobia-Donostian abiadura berean egin nuela korrika, kilometroa 3.03ra. 3.000 metroko lasterketako marka egiteko, berriz, kilometroa 2.43ra egin behar da.

Amaitzeko, ze gomendio emango zenieke domekan Behobiako irteera puntuan egongo direnei?

Beti komentatu izan dut kontuan izan behar dela Behobia-Donostia 20 kilometro pasatxoko lasterketa dela, hau da, proba luzea dela. Dosifikatzen jakitea, edo beste modu batera esanda, indarrak neurtzen jakitea, horixe da domekara begira gomendatuko nukeena, hasieratik erritmo gogorra jartzen duenak garesti ordain dezakeelako. Eguraldiari dagokionez, hor beroa izaten da arriskutsua, deshidratazio arriskua egoten delako, baina ez dut urte domekan halako arazorik izango dutenik. Eta, batez ere, goza dezatela, gozatzeko lasterketa da eta.

Iaz Endika Donnay izan zen debagoiendar onena behobian. Emakumezkoetan, berriz, Saioa Arkonada.

GOIENA Donostiako helmugan izango da aurten ere

Domekan 30.000 lagunetik gora izango dira Behobia-Donostia lasterketan. Datuek diote euskaldunen parte-hartze kopuruak behera egin duela, baina kanpotik datozenek betetzen dutela hutsune hori. Azken urteotako datuei begiratuta, Debagoieneko 450 lagun ingurutik amaitu izan dute azken urteotan lasterketa –parte-hartze osoaren datuak ez ditugu–, eta aurten ere zifra hori ez da askorik aldatuko. Bada, domekan bertan Goienak gertutik jarraituko du lasterketa hori. Bulebarreko helmugan izango dira lankideak, ibarrekoen testigantzak hartzen. Eta astelehenean Harmailatik saio berezia eskainiko da Goiena telebistan, 53. edizio honek eman duena erakusteko. Goiena.eus atarian, berriz, ibarrekoen denborak argitaratuko dira, eta argazki galeriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak