Azken urteetan Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate lotzen duen linearen erabilera geroz eta handiagoa izan arren, urritik aurrera linea honek jasan dituen murrizketak salatu dituzte hiru herri horietako EH Bilduko kideek. Garraio publikoak marjinala izatetik erabilgarri izatera pasatu dela azpimarratu du EH Bilduk, eta horregatik, garatzeko eta hobetzeko bidean jarraitzeko determinazioa duela nabarmendu du, garraio publiko eraginkorra edukitzea oinarri oinarrizko eskubidea delako, ezker abertzaleko kideek azaldu duten moduan.
EH Bilduren arabera, DG10 autobus lineetan sekulako murrizketak egon dira. Astean zehar %35a murriztu da zerbitzuaren maiztasuna eta autobusen jarioa 30 minutuko tartera zabaldu da. Zapatu eta domeketan, gainera, %25ekoa izan da murrizketa eta zapatuetan zerbitzua gauean ordu bat lehenago bukatzen da.
EH Bilduren ustez, gainera, aurretik zeunden eta oraindik egiteko dauden hobekuntzei aurre egiteko momentua da. Besteak beste, Linea ezberdinen koordinazioa autobus bat baino gehiago batera ez pasatzeko, hiriburutara joaten diren lineak eta herriak lotzen duen lineen arteko loturak hobetzea, geltokien kokapena eta lineen trazadurak berrikustea, lineen maiztasunak 10-15 minututan mantendu eta areagotzea, eta autobus aldaketak edo transbordoak doan izatea proposatzen dute.