Interesa duenak, udaletxean bertan sina dezake. Astelehena eta egubakoitza bitartean, 7:00 eta 21:30 artean egongo da horretarako aukera; larunbatean, bestetik, 9:00etatik 13:00ra arte izango dute udaletxea zabalik.
Planteamendu berria
Lurraldebusek urriaren 2an jarri zituen martxan autobus linea eta ordutegi berriak. Ibilbideak laburtu eta sinplifikatu zituen eta, besteak beste, Bergara-Eskoriatza linea bilakatu zen Debagoieneko ardatz nagusi. Hainbaten artean, DG08 linea kentzea eragin zuen planteamendu berriak, Oñati-Bergara-Soraluze-Eibar ibilbidea egiten zuena. Modu horretan, urriaren 2az geroztik ez da posible Oñatitik Bergarara, Aretxabaletara eta Eskoriatzara zuzenean joatea: ezinbestekoa da Elorregin autobus-aldaketa egitea.
Bada, Udala kexu azaldu da planteamendu berriarekin. Gainera, hirigintza zinegotzi Irati Etxeberriak gogora ekarri du Oñatitik Bergarako Gureak lantegira joan ohi den 18 pertsonako taldearen egora. "Pertsona horietako batzuk, euren aniztasun funtzionala medio, ez dira gai Elorregin autobus aldaketa egiteko, eta horretara behartzen ditu planteamendu berriak. Hori horrela, Gureak-era joateko eutobusa jarri du Udalak", azaldu du.
Aldaketaren ondoren, DG04 bataiaturikoa da Oñatitik pasatzen den linea urbano bakarra; ordu erdian behingo maiztasuna du.