Gipuzkoako errepide sarearen inbentarioa eguneratuko da Mobile Mapping sistema erabiliz

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko aza. 7a, 14:36

Aintzane Oiarbide eta Imanol Lasa gaurko prentsaurrekoan. (Argazkia: Foru Aldundia)

Aldundiak gaurko Diputatuen Kontseiluan onartu du errepideen foru sare osoa eskaneatzea, horretarako Mobile Mapping sistema (MMS) erabiliz. Honi esker, bide segurtasunarekin lotutako hainbat lan "hobetu eta erraztu" egingo direla nabarmendu dute.

Gaur egindako Diputatuen Kontseiluan Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu berri du lehiaketara ateratzea errepideen foru sare osoa Mobile Mapping sistema (MMS) erabiliz inbentariatzeko lanak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 364.149,50 eurokoa da, BEZa barne, eta kontratua gauzatzeko epea, berriz, hamabi hilabetekoa.

Mobile Mapping sistema

MMS teknologiak errepide sareko datuak eskuratzeko aukera berri bat eskaintzen du. MMS sistema horretan, ibilgailu bati denbora oinarri komun batean sinkronizatutako hainbat sentsore instalatzen zaizkio, eta horiek hiru dimentsiotako kokapen geoerreferentziatu bat ematen diote, ia etenik gabe eta automatikoki. Gainera, errepideko ohiko seinale horizontalez gain, eskaneatze horri esker seinale bertikal guztien informazioa ere jasoko da, esaterako, foru sarea osatzen duten 1.800 kilometroetako trafiko seinaleak edo farolak. 

Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Inbentario geoerreferentziatua saretik jasotzeari esker, "hobetu eta erraztu egingo dira bide segurtasuneko ikuskaritza prozesuen automatizazioa, obrak egiteko baimenak, istripuen diagnostikoak, garraio berezietarako datu generikoak edota departamentuko langileen segurtasuna".

Azkenengo errepideen inbentarioa 2004. urtean egin zen, bideoinbentario sistema erabiliz. Ordutik igarotako denbora kontuan hartuta, Aldundiak "ezinbestekotzat" jo du beste inbentario bat egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak