'Puntua' aldizkaria: Jon Kortazarri elkarrizketa

Iker Oñate 2017ko aza. 7a, 11:37

Luzea da 100 urteko ibilbidea; are luzeagoa, ohikotasunetik kanpoko momentu historikoaren ostekoaz hitz egitean. 1917ko Errusiako Iraultza da horren adibide. Askotarikoak dira iraultzaren bueltako bertsioak. Abagunerik ere bada tartean; bada, K17 kolektiboa sortu da hori ekidin eta Errusiako Iraultzaren mendeurrena ospatu guran. Bergarako kartzela zaharrean iraultzaren nondik norakoez aritu zen Jon Kortazar kolektiboko kide eta historialaria.

K17 kolektiboko kide zara. Bada, zer da K17?

Errusiako Iraultza sozialistaren mendeurrena ospatzeko sorturiko kolektiboa da. Horrez gain, nola ez, iraultzaren nondik norakoak eta horren ondorengoak ezagutarazi gura ditugu. Besteak beste, iraultzak eragina izan baitzuen beste era bateko estatua sortzearen fenomenoan, langabeziaren aurkako borrokan, autodeterminazioaren bueltako ideietan eta bakearen inguruko politiketan. Gainera, Errusian gertatu bezala, langileek gobernatutako estatua unean uneko arazoak konpontzeko kapaz izan daitekeela ikusarazi gura dugu; gosearen auziarekin gertatu bezala, adibidez. Bide horretan, dena den, argitu gura nuke sozialismoaren eraikuntza baino gehiago, Errusiako Iraultza bera dugula erdigunean.

Mende bat betea duen honetan, amaitutzat eman daiteke Errusiako Iraultza?

Esan daiteke 1991n bukatu zela Errusiako Iraultzak hasitako zikloa, estatu sozialista ia gehienak desagertu zirenean. Gainera, ideologiak ideologia, ezkerreko sektore batentzat anti-eredu da orain –lehen, eredu zen–. Hori bai, esan bezala, agerian geratu zen langileria estatu bat gobernatzeko gai dela. Duda barik, horrek eragina izan zuen osteko urteetan, politika modua aldatzea ekarri zuen. Politika jada ez da soilik burgesen kontua.

Horri lotuta, zeuk esandakoa da honako hau: “XX. mendeko politika guztia baldintzatu zuen Errusiako Iraultzak”. Azaldu egiguzu.

Errusiako Iraultzak esangura handia izan zuen XX. mendeko testuinguru politikoan. Finean, mende berri bati eman zion hasiera. Alegia, bitan zatitu zen mende hartako gizartea, iraultzaren aldekoekin eta kontrakoekin: mugimendu askatzaileen eredu zen bitartean, iraultzaren kontrakoek horren aurkako ideiak gorpuzten ziharduten. Beraz, esan daiteke etsaiek ere gogoan zutela Errusiako Iraultza. Horrek, nola ez, zeresana izan zuen euren ekintzetan.

Iraultza bat pizteko, txinparta behar da izan. 

Hala da. Kontuan izan behar dugu inperialismoaren garaia zela; hots, herrialde garatuenek euren lur jabetza hazteko ahaleginean zihardutela. Bestetik, industriaren garrantzia gorantz zihoan, eta, indartuz, herri ezberdinen arteko lotura ekonomikoa. Inperialismoaren kate modukoa eratu zen. Bada, argi geratu zen, gertatzekotan, iraultza kate-begi ahulenean gertatuko zela: Errusian. Finean, besteak beste, masa mugimendu indartsua, langileen interesak bere egin zezakeen nekazari klasea eta langileria aktiboa zituen Errusiak. Horri guztiari, 1914ko gerra inperialistaren panorama batu behar zaio; gatazka hartan, herriko burgesiarekin bat eginez jardun zuten alderdi sozialista gehienek, ezkertiarrenak salbu –Errusian boltxebikeak liratekeenak–. Azken horiek euren herriko burgesiaren kontra altxatzeko aukera gisa ikusi zuten gerra; eta, beste herrialde batzuetan ez bezala, Errusian ez zuen huts egin ekinbideak. Bertan, azken finean, nabarmenak ziren gerraren ondorioak –gosea eta hilketak, adibidez–.

“Iraultza politiko, sozial eta ekonomikoa” izan zela esan ohi da. Zein izan zen pizgarri nagusia? 

Horien artean, duda barik, esan daiteke motibazio politikoek indar handia zutela iraultzan. Leninek behin eta berriz azaldu baitzuen botereak sobieten      esku geratu behar zuela –langile klasearen organo politikoa . Are gehiago, Leninek esan zuen neurri ekonomiko guztiak ezingo zirela bermatu, botere politikoa langileen esku geratzen ez bazen. Behin eta berriz errepikatzen zen diskurtsoa. Dena den, horrek ez du esan gura motibazio ekonomiko eta sozialik ez zegoenik. Lehenengoari gagozkiolarik, ezin dezakegu ahaztu enpresa nagusiak nazionalizatu zirela eta, aparte, kanpo inbertsioa erakartzeko politika liberalizatzaileak onartu zirela. Azkenik, alor sozialean ere izan zuen eraginik iraultzak: Errusia epe laburrean pasa zen herrialde feudala izatetik, herrialde sozialista izatera. Horrek hainbat aldaketa ekarri zituen, esaterako, kulturaren alorrean; eskolak eta liburutegiak sortu ziren herrietan, adibidez. 

Eta, zer izan zen Petrograd Errusiako Iraultzarentzat?

Garai hartan, Errusiak Petrograd zuen hiriburu. Hura zen herrialdeko hiri handiena; fabrika askoren kokaleku zen, beraz. Bide horretan, argi zegoen Petrograd izango zela iraultzaren sorleku. Finean, indartsu zegoen langile klasea, eta mugimendu iraultzaileek bertan zuten mira. Gauzak horrela, langile klaseak protesta ugari egin zituen hiriburuan. Azkenean, Petrograd euren egitea lortu zuten langileek Otsaileko Iraultzan –tsaristek euren boterea galdu zutenean–; eta, ostean, herrialdeko gainerako herrietara zabaldu zuten iraultza. Finean, argi zegoen Petrograd zela Errusiako Iraultzaren –eta mugimendu iraultzaileen– bihotza eta motorra.

Orduan, tsarrak ezin izan zuen agintean jarraitu...

Orduko tsarrak –Nikolas II.a– dimisioa eman zuen, azkenean, Otsaileko Iraultzaren testuinguruan. Bazekien bere boterea beherantz zihoala; eta monarkiaren jarraitzaile sutsuenek ere argi zuten sistemari jarraipena eman gura bazioten beste tsar bat bilatu beharra zegoela. Esaterako, Monarkia Konstituzionalaren aurka egin zuen Nikolas II.ak; bere inguruko zenbait ere ez zeuden ados erabaki horrekin. Bide horretan, tsar bilakatzeko proposamena egin zioten bere anaiari; ezezkoa eman zuen, jakin baitzekien monarkiaren indarrak nabarmen egin zuela behera. Beraz, uste zuen mesede baino gehiago, herriari kalte egingo ziola tsarraren dinastia berrezartzeko saiakerak. 

Historia liburuetan gizon izenek dute protagonismoa, baina emakumeek ere izango zuten zeresanik, ezta?

Duda barik. Esaterako, emakumeen protesta batekin –beste hainbatenekin batera– hasi zen 1917ko Otsaileko Iraultza; langile greba bat izan zen iraultza haren pizgarri. Bada, hainbat izan ziren protesta hura bultzatu zuten faktoreak: emakumeek lan egiten zuten fabrika asko greban zeuden –oihalgintzaren sektorekoak, esaterako–, Emakumeen Nazioarteko Eguna zen otsailaren 23a [hemen Martxoaren 8an ospatzen dena otsailaren 23an ospatzen zen garai hartako Errusian] eta elikagai falta zegoen. Azken horri gagozkiolarik, herria ogiz asetzeko arazoak zituzten, eta ogi bila zihoazen gehienak emakumeak ziren; beraz, protesta aldira batu ziren horietako emakume asko. Aipatzekoa da alderdi sozialistek deitu bako greba izan zela, baina, ekintzak aurrera egin ahala, eta protestek harturiko indarra ikusirik, greba indartzearen alde egin zuten alderdi horietako kideek. Azkenean, 200.000 manifestari inguru batu ziren; horietako asko, emakumeak. Horrekin hasi zen tsarraren kontrako mugimendua indartzen. Bestalde, goi-karguen artean ere bazegoen emakumerik; Jevgenija Box, adibidez, Ukrainako Errepublika Sobietarreko gobernuburua. 

Behin-behineko gobernuko lehen ministro Georgi Lvovek honako hau adierazi zuen: “Emakumeek boto eskubiderik ez izatea zentzugabekoa da”. Zein eragin izan zuten hitz haiek?

Egia esan, hori esan zuen arren, gerora ez zuen emakumeen boto eskubidearen aldeko legerik garatu Lvovek. Beraz, adierazpen horretara mugatu zen gaia. Garai hartan, emakumeen sobietetako hauteskundeetan bota zezaketen; baina ez gobernu kideak aukeratzeko hauteskundeetan. Eta bere horretan iraun zuen egoerak 1917ko uztailera arte: orduan onartu zen emakumeen boto eskubidea. Finean, uztailaren 19ko testuinguruan kokatzen dira hitz haiek: egun hartan 40.000 emakume inguru irten ziren kalera boto eskubidea aldarrikatzera. 

Eta, nahasia zen testuingurua; herria zatituta zegoen. 

Hala da. Gerra zibil latza izan zen Errusian, 1918ko uda eta 1921eko udaberria bitartean. Aintzat hartu beharrekoa dugu hamalau potentziak jardun zutela boltxebikeen kontra –Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako ezkerrekoenak–. Gatazka hura ez zen gorrien eta zurien artekoa izan; hori esatea sinplifikazioan erortzea litzateke. Horiez gain, herrietako biztanleek bestelako aldarriak –eta bandoak– zituzten. Tartean, aipatu beharrekoak dira baserritarren armadak – historiak ezezagun egin dituenak–. Horiek iraultzaren alde egin zuten hasieran, lurraren banaketa eta gerraren gelditzea eskatzen zen. Baina denborarekin aldatu egin zen panorama: gerra osteko testuinguruan, estatu sozialista akituta zegoen ekonomikoki, eta nekazaritza produktuak konfiskatzeari ekin zion, gizartea asetzeko. Baserritarrak, bada, ez zeuden horren alde; eta matxinatu egin ziren. 

Marxistek sorturiko Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratan ere bazen kideen arteko eztabaidarik. Azaldu egiguzu. 

Alderdietan ere izan zen zatiketarik. Errusiako Alderdi Sozialdemokrata zatitu egin zen; boltxebikeak eta mentxebikeak agertu ziren. Aipatu beharrekoa da, dena den, denborarekin babes soziala galdu zutela mentxebikeek. Besteak beste, uste izan zuten baserritarrek iraultza sozialista baten aurka egingo zutela: eta, bide horretan, iraultza burgesaren alde egin zuten. Dena den, denborak erakutsi zuen oker zebiltzala, esan bezala, baserritarrek iraultza babestu zutelako. Nolabait, egoeraren analisi okerra egin zutela esan dezakegu. Bestetik, boltxebikeak zeuden. Haien ustez, Errusiako Iraultzak beharrezko zuen langileen eta nekazarien arteko aliantza; beraz, Europako gainerako herrialdeetako mugimendu ezkertiarrek ez bezala, boltxebikeentzat nekazariak ez ziren atzerakoikeriaren isla, iraultzarako potentzial baizik. Gainera, boltxebikeak ez ziren boterea  erdiestearen beldur, mentxebikeak bezala. Horren guztiaren eraginez, militante mentxebike ugari pasa ziren boltxebikeen alde egotera. 

Gero, behin-behineko gobernuaren agintaldia bukatuta, Vladimir Leninek eskuratu zuen agintea. Iraultzaren garaipenaren isla izan zen Lenin?

Hala da. Gainera, Europako botereak beldur ziren egoeraz, bertako iritzi publikoaren zati handi bat      –langileria, alegia– Errusiako Iraultza antzeratzen saia zitekeela jakin baitzekiten; errepublika sobietarrak aldarrikatu ziren zenbait herrialdetan –tartean, Bavarian eta Hungaria–. Dena den, ez zuten askorik iraun errepublika haiek. Gaur egun ere Lenin izan ohi da iraultzaren ikur nagusi; baina kontuan izan beharra dugu lorpen hura ez zela soilik Leninena izan; langileak eta nekazariak alde izan ez balitu, ez zen garaipenik izango. 

Neurri murriztaileak hartu behar izan zituen Leninek; Batzar Konstituziogileetarako hauteskundeetan oposizioa gailendu zitzaionean, esaterako.

Sobietetako hauteskundeak irabazita, Errusiako herritarrek bere proiektua gauzatzeko bidea ireki ziotela ulertzen zuen Leninek. Batzar Konstituziogileetarako hauteskundeak ez zituen berak deitu, Aleksandr Kerenskik baizik –behin-behineko gobernu liberalak izaniko lehen ministroetako bat–.  Batzar haietako ordezkariak aukeratzeko botazio eguna atzeratzen ziharduen etengabe: ohikoena hauteskundeak deitu eta bi hilabetetara botatzea bazen, Kerenskik bederatzi hilabetez atzeratu zituen. Finean, bazekien deituz gero, boltxebikeek irabazi zitzaketela Batzar Konstituziogilerako hauteskundeak –nahiz eta, gero, ez zituzten irabazi–; horregatik atzeratu zituen horrenbeste.

Sobietar Batasuneko zenbait herrialde autonomia handiagoa aldarrikatzen hasi ziren.  

Hala da. Bi faktorek eragin zuten hori: herri askok hartu zuten kontzientzia nazionala eta burgesiaren sektore bat independentista bilakatu zen iraultza eurengana iristea ekiditeko. Horrek buruhausteak eragin zizkion alderdi boltxebikeari; esaterako, autodeterminazioaren egikaritzea babesten zuen, baina ez zekien zer egin iraultzaren aurka egiteko jaiotako autodeterminazio aldarri haiekin. Dena den, aipatu beharra dago Stalinek argi zioela herri txiki barik ez zegoela iraultzaren garaipenik; horretarako, nola ez, euren eskaerekiko enpatia erakutsi beharra zegoen. 

Azkenean, 1991n desegin zen Sobietar Batasuna. Gaur-gaurkoz, bada iraultza haren zantzurik?

Bai, zerbait bada. Adibidez, Errusiako gizartean –gaur egungoan– aurki daiteke halakorik, 70 urteko mugimendua ez baita ustekabean igarotzen. Bestalde, nazioarteko zenbait borrokatan ere presente dira marxismoko zenbait ideia. Hori bai, botereari gagozkiolarik, ezin dezakegu esan gaurko Errusia estatu sozialista denik. Herrialdeko  boterea oso urrun dago iraultzak ezarritako ideia haietatik.

Bada, gaur egun, beste modu batera egiten omen da iraultza...

Ados nago horrekin, baina ez marxismoarekiko distantzia markatzeko berori aitzakia moduan erabiltzearekin. Iraultzaren pluraltasunaren izenean, ondare marxista alde batera uzteko saiakeran dihardute zenbait alderdik. Oro har, esan daiteke gaur egun atzera eginda gaudela ideologikoki. Horri aurre egiteko, bada, argi izan beharra dugu oraindik ere badagoela klase borroka, eta politikara eraman beharra dago ideia eta borroka horiek.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak