Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu du 2017-18ko Neguko Bidezaintza Plana Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, egindako bileran. Bertan izan dira Ertzaintzaren, foru-aldundien, autobideen, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren eta Gobernu zentralaren ordezkariak. Trafiko zuzendariak jakinarazi duenez, elur-maila 1.000 metrotik behera kokatzen den kasuetan aktibatuko da plana. Iazko neguan, zortzi aldiz aktibatu zen plana.
Baliabideak
2017-18ko Neguko Bidezaintza Planaren aurkezpenean zehaztu dituzte zeintzuk izango diren aktibatuko diren baliabide mugikorrak:
- Foru-aldundiek eta autobideek elurra kentzeko 170 makina mobilizatuko dituzte.
- Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik zazpi garabi astun aktibatuko dituzte tona askotako ibilgailuak erretiratzeko.
- Foru-aldundiek eta autobideek laguntzako 130 ibilgailu izango dituzte koordinazio eta zaintza lanetarako.
- Ertzaintzak, berriz, trafiko-unitateetako patruilak jarriko ditu operatiboaren zerbitzura, eta patruila-kopurua handitu egingo da fase operatiboan eta ertzain-etxeetako baliabideen laguntza izango dute.
Negurako aholkuak
Trafiko zuzendaritzak hainbat aholku helarazi dizkie herritarrei:
- Eguraldi txarrarekin zuhurrago ibili behar da: abiadura moteldu eta tarte handiagoa utzi zure aurrean doazen ibilgailuekin. Gogoan izan zoru bustian distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko.
- Euria ari duenean, pneumatiko higatuek ez dute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Horregatik, aldian behin ordezkatu behar dira.
- Beira-garbigailuen gomak baldintza onetan eduki behar dira beti. Ez dugu eguraldi txarra hasi arte itxaron behar horiek aldatzeko.
- Izotzari aurre egiteko, hotz handiko egunetan har daitekeen segurtasun-neurririk onena ahalik eta arreta handienarekin gidatzea da, batez ere bidegune jakin batzuetan izotza egon daitekeela aurreikusita.
- Izotza dagoenean, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik; beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea da egokiena
- Neguko pneumatikoek segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen dute. Trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen dute zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean. Neguko pneumatikoak muntatu ez badira, elurte-garaietan behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea.
- Funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokea ez daitezen. Hori gertatzen bada, ibilgailua kontrolik gabe geldituko da. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.
- Elurrarekin abiatzean, pixkana azeleratu behar da. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.