Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaak martxoan adostu zuten Gipuzkoako eskalada guneak. Berrekipamendua eta mantenimendua 2017-2020 delako egitasmoa. Hori oinarri hartuta erabiltzaileengana gerturatu gura izan dute. Eta topaketa nagusia Araotzen egin dute. "Gune estrategikoa" delako.
Bereziki, eskalada jasangarriaren inguruan egin dute berba. "Gura duguna da eskalada jarduerak kalterik ez egitea ingurumenean. Bereziki, babesturako espezietan", esan du Gipuzkoako Mendizale Federazioko ingurumen teknikari Igor Aldalurrek.
Horretarako, Gipuzkoako eskalada guneen inbentario sakona egin dute Foru Aldundiko basozainek. Gune bakoitzean zein espezie babestu dauden zehaztu dute. Horren ostean, guneak koloreka sailkatuko dituzte: gune gorrietan ezin daiteke eskalatu inoiz; hori koloreko guneetan urteko sasoiaren arabera eskalatu ahal izango da; eta, gune berdeetan ez da debekurik egongo.
Eta, Araotzen, ze kolore?
Araotzek dituen ezaugarriengatik –gune ezberdinak ditu–, kolore guztietako guneak egongo dira. "Gehienetan urte guztiak eskalatu ahal da. Baina, adibidez, Orkatzategin, debekatuta dago eskalatzea, eta, erabiltzaileek badakite. Araotzen beraz, kolore guztiek bat egiten dute eta hori bertute bat dela uste dugu. Eskalatzeko hainbat lekutan, tarteka gune gorriak egoteagatik, guztiz debeketau dute eskalatzea. Muturreko erabakiak dira horiek. Gu ez gaude horren alde. Oinarri zientifikoetan oinarritutako arautegietan sinisten dugu", aipatu du Aldalurrek.
Urte bukaerarako gertu
Gipuzkoa mailan egin duten koloretako mapa hori publiko egingo dute, herritarrek jakin dezaten non eta noiz eskalatu daitekeen. "Arautegia hobetzen eta fintzen joango gara guztion artean. Lehen pausuak besterik ez ditugu eman. Hasiera besterik ez da".
Gipuzkoako Mendizale Federazioaren asmoa da urte bukaerarako mapa zehaztuta edukitzea.