AINHOA LARRAÑAGA, MUko irakaslea:
"Espainiako logikatik espero zitekeen horrelako erantzun bat, ez nau harritu"
Atxiloketa hauen ondorioz, abenduaren 21eko hauteskundeetara begira erreferendumaren aldekoen eta kontrakoen indar posizioak aldatu egiten dira?
ELENA LAKA, abokatua:
"Tristura sortzen dit ikusteak nola arazo politiko bat errepresio penal bortitzenarekin ari den tratatzen"
Ze iruditzen zaizu Kataluniako gobernuko kideak kartzelara bidali izana?
Zoritxarrez, aurretik iragarri zitekeen zerbait zen Kataluniako Gobernuko goi karguak kartzelara bidaltzea, Espainiako Gobernuak eta estatu indar guztiak aurretik ezarritako jarreraren gauzatzea da espetxeratzea. Zegoen neurririk gogorra erabili du epaileak Kataluniako gobernukideak zigortzeko: fidantza bariko kartzela. Hala ere, iragarria izateak ez dit tristura ezabatzen, ikusita nola arazo politiko bat errepresio penal bortitzenarekin ari den tratatzen.
Atxiloketa hauen ondorioz, abenduaren 21eko hauteskundeetara begira erreferendumaren aldekoen eta kontrakoen indar posizioak aldatu egiten dira?
Ausarta samarra da iragarpenak egitea, kontutan izanda abenduaren 21a arte gauza asko gertatuko direla, hauteskundeen posizionamenduan eragina izango dutenak. Baina, zalantza barik, Kataluniako gizarte zibilizatuak orain arte inondik inora aurreikusiko ez lukeen errepresioak gertatzen ikusteak eragin dezake herritarren jarrera politikoak muturtzea.
Hauteskunde plebiszitarioak izango dira horiek ere: erabakitzeko eskubidearen aldekoen koaliziorik posible ikusten duzu, hau da, erreferendum hitzartutako baten aldeko guztiak batera aurkeztea?
Ez daukat oraindik nahikoa elementu horren inguruan iritzi bat egiteko. Uste dut ikusteke dagoela oraindik.
JUANJO ALVAREZ, zuzenbide katedraduna:
"Eskandalu bat da benetako argudiorik ez dagoelako"
Ze iruditzen zaizu Kataluniako gobernuko kideak kartzelara bidali izana?
Eskandalu bat da benetako argudiorik ez dagoelako -kartzelara bidaltzeko kausa edo arrazoi orokorrak aipatzeaz harago-. Politikak konpondu ez duen arazoa ez du askatu behar orain zuzenbideak eta are gutxiago zigor-kodeak. Berez, pilatutako tentsioz eta aurkako sentimenduz beterik datozen urak, gehiago gaiztotuko ditu zigor auzibide honek. Adostasuna eta elkarbizitza okertzen dabiltza. Epai-makinaria abian da eta nahi ez den protagonismoa hartuko du fase berri honetan Kataluniako politikan, beste trantsizio garai baten, abenduaren 21eko hauteskundeen aurretik. Esku hartze honek ondo neurtu gabeko ondorio politiko eta elektoralak izan ditzake.
Espainiako Fiskaltza Nagusiak aurkeztutako kereila luzea, 116 orrialderekin -horietatik 100 baino gehiagotan gertaeren kontaketa eginez, ez gertaera horiek frogatzeko baizik eta ziurtzat emateko, akusazio neurrigabearen froga moduan hartzeko-, Kataluniako Gobernuko eta Parlamentuko Mahaiko kideen kontra zuzenduta, Errebolta akusaziopean, eta modu subsidiarioan Sedizioarenean, demokraziaren ikuspuntutik, arduratzeko moduko neurria da. Eta Auzitegi Nazionaleko epaileak erabateko sinesgarritasuna eman dio, beste frogaren beharrik gabe, ikertutako guztiak kartzelara bidaltzeko, Santi Vila izan ezik.
Atxiloketa hauen ondorioz, abenduaren 21eko hauteskundeetara begira erreferendumaren aldekoen eta kontrakoen indar posizioak aldatu egiten dira?
Honek guztiak gehiago polarizatuko ditu hauteskundeak. Shock egoera honek mobilizazioei emango die segida eta umiliazio eta bidegabekeria sentimendu bati. Honek guztiak subiranistak mugitu araziko ditu eta, beste aldean, unionistek eta konstituzionalistek haien argudioak indartu nahiko dituzte, legea nagusi den zuzenbide estatu baten gaudela nabarmendu nahian. Eta horrek, zalantzarik gabe, ekarriko du hauteskundeetan parte hartzea handitzea.
Hauteskunde plebiszitarioak izango dira horiek ere: erabakitzeko eskubidearen aldekoen koaliziorik posible ikusten duzu, hau da, erreferendum hitzartutako baten aldeko guztiak batera aurkeztea?
Atxiloketa eta espetxeratze bidegabe hauek Katalunia salbuespen egoeran utzi dute. Ondorioz, egoerari batasunez erantzutera behartuko ditu atxiloketen kontrakoak. Uste dut argumentu pisuzkoak daudela ezberdintasunak albo batera utzi eta batasunez erantzuteko, posizio subiranista egonkortzeko; ez da kalkulu elektoralen unea, sozialki indarra erakustekoa baizik.