70 gaztetik gora jardun zuten 48 ordutan euskarazko film laburrak egiten; gehienak 20 eta 22 urte bitartekoak. Mikel Zumetak eta Yogurinha Borova artistak lana izan zuten hamahiru lanen artean hiru onenak aukeratzen. "Maila handia dago, ez da egon beste urtetan besteko aldea lanen mailari begiratuta".
Ikusgarri aretoan egin zuten Ugaitz Alegriak aurkeztu zuen sari banaketa ekitaldia; Durangotik Lekeitiora egin du eta aurten salto Rally-ak, Euskal Zine Bileran gazteei espazioa eskaintzeko asmoaz. "Oso pozik gaude sortu zen giroarekin; aurkezlearen, epaileen, parte-hartzaileen eta publikoaren jarrerarekin ekitaldi umoretsua izan zen", esan dute Antolakuntza taldekoek. Kameratoia.eus eta Zinebilera.com atarietan ikus daitezke lan guztiak eta ekitaldiko argazkiak.
'Dzanga' gaiari helduta
Hamazortzi talde hasi ziren lanean eta hamahiruk bete zituzten lehiaketaren irizpideak. Horien artean, irabazle, Unibertsitatean sortutako Uda films taldekoak –Trebiñukoak, Donostiakoak eta Lizarrakoak–. Ezin sinistuta igo ziren saria jasotzera, eta, hirugarrenez irabazi zuten Kameratoia-ko sari nagusia, Tazan film laburrarekin. Epaimahaiaren esanetan, "egitura gehien errespetatuz, istorio bat kontatzen duelako" eta, era berean, "baliabide teknikoen erabilera" ere azpimarratu zuten.
Ondarroako eta Mutrikuko Txistana taldearen Abisal lanak "poetikaren bidez hausnarketarako bidea eskaintzeagatik” eskuratu zuen bigarrena. Eta Oñatira eraman zuten Dzanga??-rekin hirugarren saria “umorearen erabilera burutsua" egin zutela eta "baliabide tekniko murritzei etekina modu eraginkorrean erabiltzeagatik”. Bikoizketa eta bideo desberdinen txertaketa erabilita lanari balio handiagoa eman ziotela" gaineratu zuten epai-mahaikideek.