Memoria historikoaren ikur

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko aza. 2a, 11:51

Nafarroan, Ezkaba mendian, dagoen San Cristobal gotorlekua kartzela izan zen gerra zibilean eta ondorengo urteetan. Han egon ziren, gutxienez, hamalau debagoiendar. Gaur egun, frankismoaren errepresioaren eta memoria historikoa berreskuratzeko ikur bilakatu da, Txinparta Elkarteak han egin duen lana dela eta. Erreportaje zabala kaleratu dugu Puntua-ren azken zenbakian.

Nafarroako Ezkaba mendian dagoen San Cristobal gotorlekua ikur izan da nafarrendako urte askoan, hainbat arrazoirengatik. Frankismoaren errepresioaren ikur izan zen, baina baita frankisten kartzelen aurkako erresistentziaren ikur, han izan zen ihesaldi masiboagatik. Izan ere, San Cristobal gotorlekua gerra zibilean eta ondorengo urteetan, milaka errepublikano eta ezkertiar izan ziren preso, egoera kaskarrean, eta gerra osteko urteetan ere kartzela izaten jarraitu zuen, 1945era arte. Han, Espainiako historian izan den ihesaldirik handiena gertatu zen 1938an.

Joan den astean, barikuan, hitzaldia egin zuen, Oñatiko kultur etxean, Txinparta Memoria Kolektiboaren Sareko Koldo Plak. Izan ere, Ezkaban hamalau debagoiendar egon ziren preso, eta horietako baten gorpua, Jose Urrutia Anduaga aretxabaletarrarena, hain zuzen, lokalizatuta du elkarteak. “Badakigu non dauden haren gorpuzkiak; beraz, senideren batek nahi baditu, gurekin harremanetan jar daiteke”, azaldu du Plak.

“Hamalau debagoiendar egon ziren han preso, bai, baina, agian, gehiago izango ziren, ez zeudelako guztiak zenbatuta eta hasierako urteetan hilketa ugari egon zirelako”, azpimarratu du, gainera, Txinpartako Koldo Plak.

Horrez gainera, han preso egon zen Pedro Jose Aspe Sagasta bergararra, gero, nazien Alemaniako Dachauko kontzentrazio-esparruan gatibu-lanak egin ostean hil zen, 1944an. Debagoiendarren artean, , Felix San Pedro Lizarralde oñatiarrak 1938ko ihesaldian parte hartu zuen, eta Oteizan fusilatu zuten, Ezkabatik kilometro gutxira.

Gazteak ziren preso gehienak, eta horren erakusle da Pablo Zumalaga Ozaeta ikasle arrasatearra 20 urterekin espetxeratu zutela Gipuzkoako beste hainbat ikaslerekin batera.

Gotorleku erraldoia

Azken karlistaldiaren ostean hasi ziren eraikitzen Ezkaba mendian San Cristobal gotorlekua, 1878an,  eta lanak 1919an bukatu zituzten. Gotorlekua izugarria da, 80.000 metro kuadroko eraikin sendoa, eta defentsarako oso aproposa. Eraikinak, gainera, maila ugari zituen, eta, mendi barrena zulatuta zegoenez, lur azpian ere maila ugari zituen. Edozelan ere, inoiz ez zen erabili defentsarako, baina 1934tik aurrera beste erabilera bat eman zioten: kartzela erabilera.

1934ko urriko iraultzan izan zen errepresioaren ostean, kartzela moduan erabiltzea erabaki zuen Errepublikako Gobernuak. Urte hartan, hain zuzen, 800 preso sartu zituzten San Cristobalen, eta bi hildako izan ziren. Bi heriotza haiengatik protesta ugari egon ziren Iruñean, baita greba orokorra ere. 1936an, berriz, preso jarraitzen zutenei amnistia eman zieten, Fronte Popularrak 1936an hauteskundeak irabazi ostean.

Bigarren okupazio masiboa 1936ko altxamendu militarraren ostean gertatu zen. 1937ko azarorako, 2.300 preso baino gehiago zeuden Ezkabako gotorlekuan.

Kartzela frankisten esku zegoelarik, 1938ko maiatzaren 22an izan zen ihesaldi ospetsua. Gotorlekuaren isolamendua eta egitura ikusita, ia ezinezkoa zen ihes egitea, baina preso talde batek kanpoko laguntzarik gabe guardia guztiak indargabetu, eta espetxeko ateak ireki zituen. Guztira, 2.487 presok ihes egin zuten. Kanpoko guardia batek ihes egitea lortu zuen eta militarrei abisua eman zien. Ondorioz, askok atzera egin zuten, baina 795 presok aurrera egin zuten. Militarren erantzuna neurri gabeko indarra izan zen. 207 hildako egon ziren, eta, horietatik, hogeiren gorpuak ez dira oraindik agertu. Hiru presok Frantziara heltzea lortu zuten eta beste 585 gotorlekura bueltatu zituzten. Han, zigor bereziak ezarri zizkieten. Hamalau sustatzaileri heriotza-zigorra ezarri zieten, eta Iruñeko zitadelan fusilatu zituzten 1938ko abuztuaren 8an.

“Noski, frankismoaren garaian, ihesaldi hura ezkutatzen saiatu ziren, Espainiako Estatuko historiako ihesaldirik handiena izan baitzen. 207 hobi anonimoetan bota zituzten eta ahaztuak izan ziren. Gu inguruan bizi ginen eta jendeak ez zuen gaiaren inguruan hitz egin nahi. Bagenekien zerbait gertatu zela, baina, 1988an historia ikertzen hasi ginen arte, ez geneukan gotorlekuaren bueltan gertatu zenaren berri zehatz-mehatz”, azaldu du Koldo Plak.

“San Cristobalen estatuko probintzia guztietako presoak egon ziren, baita atzerrikoak ere. Argentinakoak, Venezuelakoak, kubatarrak, estatubatuarrak, portugaldarrak, frantziarrak... Jende ugari pasatu zen kontzentrazio-esparrua izan zen, azken finean. Aipatu behar da Ezkabako gotorlekua ez zegoela kartzela izateko prentsatua, eta, ondorioz, presoen egoerak oso kaskarrak zirela han. Ez zeukaten oherik eta hezetasuna kristorena zen. Beraz, Iruñeko negu gogor batek, egoera horietan, izugarria izan behar zuen, lurrean lo egiten...”, dio Plak.

Memoria berreskuratzen

Guztira, 554 preso hil ziren gotorlekuan, erregistroen arabera, baina, erregistroetatik kanpo, beste 200 hil ziren han, preso informatzaileen arabera. Horietako asko gotorlekuaren inguruan erail zituzten, Ezkaba mendiaren magaletan. Urte askoan gertakari haiek isilpean izan dira, “asko inplikatuta egon direlako”, Txinpartako Koldo Pla kideak azaldu duenez.

Hala ere, Valladolideko Felix Sierra irakasleak ihesaldian parte hartu zuten presoen aurkako gerra-kontseiluko dokumentuak aurkitu zituen, kasualitatez, Medina de Rioseco herriko etxe batean; apurka, bizirik irten ziren presoen lekukotasunekin kontrastatzen hasi zen dokumentu haiek.

Ihesaldiaren 50. urteurrenean, gainera, 1988an, Antsoaingo eta Berriozarko talde bat elkartu zen gotorlekuan, omenaldi modura, eta hango memoria berreskuratzeko pausoak ematen hasi ziren geroago Txinparta elkarteko kide izango ziren hainbat lagun. Horrela, bizirik irten ziren presoen lekukotasunak entzuten hasi ziren, eta 2006an, Txinpartak gotorlekuko hilerria, botilen hilerria, agerian utzi zuen. Gorpuak hilobiratzeko botilak erabiltzen zituzten –normalean, hildakoaren hanka artean jartzen zen botila– eta botilen barruan presoaren gaineko informazioa zegoen. Beste toki batzuetan ere erabili izan zuten teknika hori; Valentzian, esate baterako.

Botilen hilerria Ezkaba mendiko magalean aurkitu zuen Txinpartak, dokumentu baliotsu batzuk eskuratu ostean. Hilerri kristaua eta zibila zeuden han, eta gotorlekuan hil ziren 131 pertsona zeuden lurperatuta –gehienak azken urteetan zenduak edo erailak–. Gaur egun, horien guztien kokapena dakite Txinpartako kideek, eta gorpu guztiak daude identifikatuta. Hain zuzen ere, 44 gorpu dagoeneko aterata daude hobitik, eta euren familiako kideei eman zaizkie. Gorpuzkiak omenaldi berezietan eman dira, urtero gotorlekuan gertatu zena gogoratzeko, Txinpartak bultzatuta egiten den omenaldian. Aipatu behar da oraindik ez dutela omenaldia gotorleku barnean egiteko baimenik elkarteko kideek, eta ateen aurrean egin behar izaten dutela. “Tristea da, baina horrela gabiltza oraindik, gaur egun. Hala ere, batzuetan, omenaldietan gorpuzki batzuk senideei eman ahal izaten diegu, eta hori zoragarria da. Familientzat, gizartearen onarpen moduko bat da, gainera. Lehen, erakunde barik egiten genituen, eta gaur egun, zorionez, erakundeen eskutik egin ditzakegu omenaldiok”, aipatu du Plak.

Horrez gain, 1938tik 1942ra Ezkaba inguruko herrietako hilerrietan lurperatu zituzten 203 preso identifikatzea lortu du Txinpartak, Aranzadiko Paco Etxeberriaren lantaldearen laguntzarekin, eta horien omenez plakak jarri dituzte, herri bakoitzeko udalekin adostuta. Esan behar da omenezko plaka horietako batzuetan erasoak izan direla Falangearen izenean, baita San Cristobalgo presoen omenez Txinpartak inguruko lur eremu batean eraikitako monolitoan –goiko argazkian ikusten denez–. “2009an, Falange y Tradicion-eko kide batzuek heriotza-mehatxua bidali ziguten niri eta Txinpartako beste kide batzuei. Gainera, jarri ditugun oroimenerako plaketan eta monolitoetan ere hainbat eraso egin dituzte. Kontu horiek, orain, justiziaren esku utzi ditugu”, azaldu du Koldo Plak.

“Eraso horiek berriro ez gertatzeko Unescok gotorlekua memoria-toki izendatzea gustatuko litzaiguke; beste kartzela eta kontzentrazio-esparru batzuen moduan, memoria negatiboko toki, hain zuzen ere. Oso garrantzitsua izango litzateke guztiontzat”, adierazi du Txinparta elkarteko kideak.

“Gogoratu behar dugu trantsizioan, Nafarroan, hobi ugari azaleratu zituztela, lekukotasun zuzen asko zeudelako oraindik, eta herri bakoitzeko hildakoak non zeuden zekitelako askok. Horrela, talde osoa ateratzen zen, eta herrietako hilerrietara eramaten ziren gorpuzkiak. Hala ere, asko atera zituzten eta Eroritakoen Haranera eraman zituzten modu klandestinoan. Horietatik ehun baino gehiago euren herrietara itzultzea lortu zen Nafarroan. Hala ere, oraindik denak ez dira itzuli euren herrietara, eta memoria historiakoa berreskuratzen saiatzen gaudenok horretan ere ari gara, buru-belarri”, dio Txinpartako kideak.

Gaur egun, 1938ko ihesaldian hil zituztenen gorpuak aurkitzeko eta hobitik ateratzeko lanetan ari da Txinparta elkartea, horietako asko Iruñeko inguruetan eta Iparraldeko muga inguruan sakabanatuta baitaude oraindik, lurperatuta. Dagoeneko hobi batzuk aurkitu dituzte, eta 39 pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte. “Hildako horietako asko San Cristobal inguratzen duten hamabi herrietan lurperatu zituzten. Gaur egun Antsoain, Berriozar eta Berriobeiti osatzen duten hamar herri izango lirateke. Batzuk hilerrietan eta beste batzuk hilerrietatik kanpo. Horiek identifikatzeko lana ez da erraza, baina lanean dihardugu”, aipatu du Plak.

San Cristobal gotorlekuan gertatu zen ihesaldiaren eta han Txinparta elkarteak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera egin duen lanaren gaineko Lur azpitik lur azaleratuz erakusketa 2018ko urtarrilean ekarriko dute Oñatira. “Erakusketa horretan, omenaldietako irudiak, gotorlekuaren gaineko zehaztasunak, presoen lekukotasunak eta gazteekin landutako tailerrek eman dutena bildu nahi izan ditugu. Poztekoa da erakusketa dagoeneko estatuko hainbat tokitan egon dela, eta begi onez hartu dutela. Baita gazteek omenaldien bitartez edota bisita gidatuen bitartez parte hartzea ere. Memoria historikoa berreskuratzeko inplikatu behar ditugu gazteak, eta, apurka, elkarteek bultzatzen dituzten ekimenen bitartez, zerbait lortzen ari garela uste dut”, azaldu du Txinpartako Koldo Plak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak