Leku arraroen ibilbide honetako lehen geldialdiak Even Stranger Things du izena. Bertan egin daitekeena oso sinplea da: argazki bat igo edo momentuan atera daiteke, eta webguneak bertan azaltzen dena identifikatu eta Stranger Things serieko kartel bat egingo du argazkariarekin.
Bigarren lekua are sinpleagoa da. The Useless Web du izena eta ondo definitzen du bere izaera. Botoi bakarra du orriak eta ‘Erabilera gabeko leku batera eraman nazazu’ esaten du. Hortik aurrera, hamaika zentzu gabeko webgune bisitatu daitezke, botoia jotzen den bakoitzean bat desberdina agertzen delarik.
Hackertype eta GeekTyper agertzen dira hirugarren geldialdian. Lehenengoak ordenagailu baten pantaila simulatzen du eta kodea idazten ariko balitz bezala egiten du edozein tekla joz. Bigarrena berriz, konplexuagoa da eta bertan leiho desberdinak ireki daitezke, misilak botatzeko pantailak edota gaizkileen fitxak zabaldu daitezkeelarik bertan.
Sakonagoa da laugarren geldialdia, existentzialagoa. Norbera nola hilko den azaltzen duen webgune batetik hasi eta simulazio informatiko batean bizi garela frogak ematen dituen webgune batera, lurra bukatu baino lehen estralurtarrek lurtarrak ebakuatzeko dituzten planak azaltzen dituen batetik pasata. Azken honek benetako hotzikarak sortzen ditu, serio ari diren edo ez pentsatzen hasiz gero.
Azken geltokia, sentsazio txarrak uxatzeko, zientifikoagoa da. Hiru webgune kurioso bertan. Grabitateak nola funtzionatzen duen azaltzen duen simulatzaile bat, espazio huts batean gorputzak txertatzen; espazioan zehar momentuan gertatzen ari dena aurkezten duen Space Dashboard, ISS-aren irudiekin denbora errealean; eta ahots kordak nola funtzionatzen duten simulatzen duen Pink Trombone.
Denbora galtzeko leku perfektuak denak.