'Puntua' aldizkaria: Iñaki Perurena harri-jasotzaileari elkarrizketa

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko urr. 31a, 08:00

Iñaki Perurena emanaldiko une baten.

Harria, maitasun istorioa ikuskizunarekin herririk herri dabil Iñaki Perurena. Joan den astean Eskoriatzan aurkeztu zuen proiektu berria leitzarrak, eta Puntua-k elkarrizketatzeko aukera izan zuen. 

Herririk herri zabiltza proiektu berri horrekin, ezta?

Bai, ari naiz saiotxo batzuk egiten. Denon bizitzetan etapak izaten dira, eta nirean ere bai. 41 urtez harriarekin nolabait aritu naiz lehiatzen, erakustaldiak egiten... Etapa hura pasatu zen, eta oraingo beste etapa baten, nik nire harriarekin jarraitu nahi dut. Buruari buelta asko eman ondoren lantxo bat prestatu dut, eta uste dut hau dela orain harriaren inguruan

jarraitzeko modu bat. Harri mordoxka bat eramaten ditut ikuskizunera eta harri horiekin hausnarketak eta burutazioak eta azalpen batzuk ematen saiatzen naiz. Harri-jasotzaile bat harriaren inguruko zerbait sakonago eta zabalago azaltzen, azken nean.

Erraza egiten zaizu taula gainean zure istorioa kontatzea?

Nire hainbat urtetako pasadizoak eta gertakariak eta bitxikeriak ere sartzen ditut tarteka, bai, baita nire haurtzaroan aitonarekin ordu asko pasatu nituela ere, harekin bertso zaharrak kantatzen ibiltzen ginela; eta, gerora, zenbait egoeratan bertsoren bat edo beste moldatu eta kantatu izan ditut. Horien zergatia azalduz bertsoak ere kantatzen ditut Harria, maitasun istorioa-n. Izan ere, musika gustuko duzula bagenekien, baina, agian, jende askok ez daki bertsozalea ere bazarela...

Bai. Bertsoa gustatzen zait eta maite dut, baina nik ez dut dohainik edo, beharbada, ez naiz prestatu bertsoa bat-batean botatzeko. Baina zenbait egoeratan bai, bertsolaririk ez zegoenean eta bertso batentzat tokia zegoela sentitzen nuenean saiatu izan naiz toki hori betetzen eta bertsoren bat kantatzen. Haurtzaro garai hartatik, aitonak kantatzen zizkidan bertso zaharrak, eta, horrez gain, nire ustez, denok dugu horrelako bertsolari kutsu bat.

Harria maite duzula ozen esaten duzu, baina baita euskara asko maite duzula ere.

Bai, noski. Umetatik mundu horretan nabil, eta familia berekoak dira gure hizkuntza, gure izaera, gure heziketa, gure ohiturak eta, noski, harri-jasotzea ere. Nolabait, euskal nortasunaren izpi bat dela uste dut.

Aizkoran ibili zinen harriarekin hasi aurretik. Tolosan aizkolari gazteen txapelketan ibili zinen 16 urterekin, ezta?

Bai, eta hori ere azaltzen dut Harria, maitasun istorioa-n. Nire aitak kezka zuen harriarekin ibiltzeak kalte egingo ote zidan, ez zuen nahi ni horretan ibiltzerik, eta nik protesta egin nion, eta “harrian uzten ez badidazu aizkoran hasiko naiz” esan nion. Hura ere ibili zen, eta, azkenean, ez zidan galarazi. Orduan, 16 urterekin lehiaketa baten partu hartu nuen eta irabazi egin nuen, Tolosan. Gipuzkoar eta nafar batzuek parte hartu genuen eta irabazteko zorte hori izan nuen. Polita izan zen. Aizkorak lagundu zidan harriarengana joaten ere. Aizkoratik saltoa egin nuen harrira. Hain justu, orain dela urte asko eta asko, harritik etorri zitzaigun aizkora. Harrizko aizkora horiek... Oraindik ere aizkorarako zaletasun handia dut eta ahal dudanean aizkora lehiaketak, txapelketak eta apustuak ikustera joaten naiz.

Harrirako jauzi hori berezia izango zen, orduan, zuretako.

Maitasunez gogoratzen dut, bai. Umetatik harriarekin nahi nuen ibili, eta, nire ustez, aitak ezetz esate horrek harriarenganako nahia handitu zidan. Urteetan ibili naiz, berrikuntza batzuk ere egin nizkion harri-jasotzeari, eta nik uste dut hori ere onuragarria izan dela. Kontakizun horretan, harria beti uztartzen dut. Harri horrekin aurrerapausoak nola eman nituen.

Urtain izan zen zure idoloa gaztetan.

Ez zegoen beste erremediorik. Ni umetan harri-jasotzearekin amesten hasi nintzen eta amestutako mundu horren lehendabiziko irudi erreala, argazki batean, hain justu, Urtainena zen. Eta berehala nire idolo bihurtu zen. Niretzako, harri-jasotzaile bezala, oso egun polita izan zen argazki hartan ikusten nuen harriarekin, Urtainen harriarekin, handik urte batzuetara errekor bat egitea. 188 kiloko, 15 arrobako, harri kubikoa izan zen hura.

Ehunka eta ehunka plazatan ibilitakoa zara. Momentu bat aukeratu beharko bazenu? Kutunena?

Hain justu, Anoetako Belodromoan bizi izandakoak, bertan errekor asko egin ditut eta, oso egun politak izan ziren. Belodromoa beterik ikustea berezia zen. Baina plaza batekin gelditu beharko banintz, plaza bera aukeratuko nuke.

Euskal Herritik kanpo ere egiten zenituen saioak. Ez da gutxi bertako kirol bat kanpora ere eramatea, eta hori lortu zenuen...

Ez da gutxi, ez... Japonian eta Ameriketako Estatu Batuetan izan naiz, besteak beste. Eta nire harriarekin hainbat telebistatako platoetara joan izan naiz; eta nik harria eramaten nuen platoetara, baina beti esan izan dut harriak eramaten ninduela ni. Hori erakustea garrantzitsua izan da. Izan ere, harri-jasotzaile baten argazkia ikusten dugunean euskal kirolarekin oso erraz identi katzen du edonork, eta uste dut oso polita dela euskal identitate hori kanpora atera ahal izatea.

Herri kirolen eta harri-jasotzearen egoerari dagokionez, nola ikusten duzu egoera gaur egun? Badabiltza gazteak?

Egoera beti izan da zaila, baina gaur egun ere harri-jasotzaile onak eta gazteak badaude. Harri-jasotzaileak, aizkolariak... oro har, herri kiroletan badago lana egiten dabilen jendea, badaude federazioak eta ahaleginak, eta hori nik uste dut polita dela, baita eskertzekoa ere. Gaur egun, gazte batek lehen baino aukera gehiago ditu kirola egiteko eta kirolaz gain beste gauza asko egiteko. Badirudi jatea bezain premiazkoa dela oporrak hartzea gaur egun, kultura berriak ezagutzea, kanpoaldera joatea gero eta gehiago... Bertan ere, lehen noizbehinka aipatzen ziren kirol batzuetan jende asko dabil: eskaladan, raftingean, mendi erronketan, zubi saltoan... Hainbat eta hainbat abentura ahalegin. Horiek denak hor egonda, oraindik ere jendea herri kirolean ibiltzea nik uste dut oso polita dela.

Aktore lanetan ere ibili zara. Gustura beste ogibide horretan?

Bai, oso gustura ibili naiz, eta oso aberasgarria izan da. Nire harriarekin biok bakarrik ibili gara, eta aktoreen munduan talde-lana da. Aktoreak, makillatzaileak, gidoi-errepasatzaileak, euskara zuzentzaileak, argiztapena egiten dutenak... Talde handi bat dago eta talde horretan, engranaje horretan, zu piezatxo bat izatea eta hor ibiltzea, niretzat, oso aberasgarria eta interesgarria izan da.

Goenkale-ko garaiak nola gogoratzen dituzu?

Abenturatxo bat bezala. Kosta egin zitzaidan aktore izatea zer zen ulertzea. Hasiera baten, ez nintzen jabetzen gehiegi aktore lan hori zein zen, eta benetan jabetu nintzenean eta konturatu nintzenean, askoz gehiago gozatu nuen.

Kontziente zarete telesailean agertu zinetenok telebistan historia egin duzuela?

Goenkale ETBren sormen bat izan zen, eta, nire ustez, bere garaian, bere funtzioa bete zuen. Hau da, adineko jende askok, etxean, kulebroi bat bere hizkuntzan ikustea, oso erraz identi katzeko moduan, gainera, euskal kostaldeko herri txiki bateko istorioak kontatzen zirelako... Gogoratzen dut, behin, jatetxe batera joan nintzela Gabiria ingurura, eta bertan Bulgariako neska bat zegoela. Euskaraz hitz egiten zuen eta hark esan zidan Goenkale euskara lantzeko ere ikusten zuela. Hori entzutea, jada, kristoren saria da.

Seme bat aktore eta bestea harri-jasotzaile, besteak beste. Aitaren pausoak jarraitu dituzte?

Aitaren pausoak edo euren kabuz ikusi dutena. Gure etxean, txikiak zirenetik, hiru seme-alabak harriekin ere jolasten ziren, eta gero, kirolaren bidea batek bakarrik hartu du. Beste semea, Xabier, berriz, aktore lanetan eta produkzio lanetan. Ekoiztetxe txiki bat egin du, eta ari da gauzak egiten. Alabak bere mundua du, eta hori polita da, jende gaztea bere bidea egiten ikustea. Oso polita da, nork bere bidea aurkitu duelako.

Leitzan, baserrian duzun Peru-Harri museoa zure proiektu amestua da?

Beti izan dut amets bat, zerbait egiteko nahia harri horregatik, eta duela 13-14 urte zerbait gauzatu nahian hasi nintzen, pixkanaka-pixkanaka. Gaur egun, eskoletako eta ikastoletako umeak datoz, asteburuetan ere hurbiltzen da jendea, turistak... Jende dezente etortzen da eta horiei azalpenak ematen ibiltzen naiz. Azkenean, egin duzun horrek zerbaitetarako balio izan duela ikustea oso polita da. Oraindik ere amets batzuk baditut egiteke baserrian, gauza baldin banaiz... Baina amets bat egiten duzu, amets bat gauzatzen hasten zara, eta gero, momentu batean lan ere bihurtzen da, zeren eta deiak, apunteak eman, kontuak, ordutegiak, garbiketak... Nolabait, egunerokoan egin beharreko lanak ere etortzen dira.

Aurrera begira proiektu berririk baduzu esku artean? Nahiz eta harri-jasotzaile moduan ez izan, plazetatik gertu ikusiko zaitugu oraindik?

Orain, behintzat, badauzkat gauzak esku artean eta horiek lantzea eta horietaz gozatzea tokatzen da. Beti egon naiz zerbait berria etortzen bada ikusi eta ondo begiratzeko, eta interesgarria dela ikusten badut nola edo hala sartzeko prest. Eta plazetatik gertu ere bai, noski. Lehiakide bezala jada ez naiz ibiltzen, baina ikusle bezala bai, eta hortxe egoten naiz ahal dudanean. Harria, maitasun istorioa egiten dudan toki hori, niretzat, beste plaza bat ere bada. Plaza zentzu horrekin jarraitzen dut, beraz, nire harriarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak