APPa sustatzeko ahalegin horren atzean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza daude Euskal Telebistarekin batera. Eta horren helburua zehaztu dute: euskararen presentzia sarean eta ikus-entzunezkoetan areagotzea, euskararen erabilera gaztetxeon artean sustatzea, bide berriak jorratzea eta Go!azen marka ikasturte osoan bizirik eustea. Aplikazioa garatzerako orduan Goienak ere hartu du parte Mondragon Unibertsitatearekin, Pausoka ekoiztetxearen eta eitb.eus-ekin batera. Eta Aldundiak bultzatzen duen ikus-entzunezko laborategiaren baitan babesa jaso du.
Erabat debalde
Gaur, astelehena, aurkeztu dute APPa Donostian eta bertan izan dira Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Mikel Irizar Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunaren zuzendaria, Josu Bilbao ETBKo fikziozko edukien arduraduna, Xabi Zabaleta Pausokako Proiektuen zuzendaria eta Go!azen telesaileko Miren Arrieta eta Inma Fernández aktoreak.
Aplikazio berria iOs eta Android sistema eragileak dituzten mugikorretarako garatu da eta eskuragarri dago dagoeneko APP Store edo Play Store dendetan. Erabat doan da eta denda horietan, Go!azen edota EiTB hitzak jarrita, modu errazean aurkitu daiteke.
Go!atsapp atala, fikzioa telesailetik harago
Aplikazio honetan beste inon ikusi ezingo diren edukiak izango ditu eskura erabiltzaileak: Altxor Ezkutua bideo bereziak. Horiek ikusi ahal izateko, ostiraleroko emisioari adi egon beharko dute jarraitzeek, telesailaren emisioan zehar emango diren kode batzuen bidez soilik desblokeatu ahal izango baitira bideoak.
Fikzioa, baina, telesailetik harago eramango da. Aplikazioko Go!atsapp atalaren bidez, pertsonaia nagusiek dituzten elkarrizketak eta haiek lagunekin partekatzen dituzten bideoak eta argazkiak ikusi ahal izango dituzte APPa jarraitzen duten erabiltzaileek.
Horrez gainera, telesailaren atal guztiak eta ataletako karaoke bideoak ere ikusi ahal izango dira aplikazio honen bidez.
Transmedia proiektua
Go!Azen-en transmedia proiektuaren barruan kokatu dute aplikazioa. Transmedia proiektu honen ardatzak bateko Go!azen eta bere unibertsoa zabaltzea eta indartzea da, eta, besteko, gazteak dauden tokietara hurbildu eta haien hizkuntza erabiltzea. Halaber, aplikazioaren bidez, Go!azen komunitatea sortu nahi da eta interaktibitatea eragin.