Asteburuan umeei zuzendutako antzerki hitzordu interesgarriak izango dira Debagoienean. Zenbait gai garrantzitsu umeei helarazteko modu aproposa izan daitezke orri honetan jasotako proposamenak.
Genero identitatea agertokira
Bihar, zapatua, Martinak bere istorioa aurkitu zuenekoa izeneko emanaldia ikusteko aukera izango da Arrasateko Amaia antzokian; antzerkia eta txotxongiloak batzen ditu. Arratsaldeko bostetan izango da –sarrera: 5 euro–.
Mauma taldearen ikuskizun horretan, genero identitatea jorratzen dute Martina protagonistaren eskutik. Putzuz putzu saltoka ibiltzea gustatzen zaio hari, kamioiak eta hegazkinak gidatzea gustatuko litzaioke, eta heroia izan gura luke. Maite Bayon, Marta Alvarez eta Jon Koldo Vazquez aktoreek eta La Enana Naranjakoen txotxongiloek hartzen dute parte.
Bertso antzerkia Bergaran
Petresku, etzi ez etsi! antzezlana domekan taularatuko dute Bergarako Zabalotegi aretoan, 18:00etan –sarrera: 4 euro–. Bertsolaritza indartzea helburu duen Lanku elkartearen eskutik dator, eta, hortaz, antzerkia eta bertsoa uztartzen ditu ikuskizunak. Gainera, Jon Maia urretxuarrarena da gidoia. 5 eta 11 urte arteko neska-mutikoei zuzenduta dago emanaldia.
Nerea Ibartzabalek eta Eneko Arratek jokatzen dituzte protagonista bien paperak. Lehena Laida izeneko neskato errumaniarra da, Euskal Herrira iritsi berria eta, artean, hizkuntza ondo menderatzen ez duena. Arrate, aldiz, Eneko Rodriguez izango da taula gainean, Euskal Herrian jaiotako mutikoa, Laidari bere bizitoki berria ezagutzen lagunduko diona.
Euren familiekin batera Euskal Herrira bizitzera datozen haurren istorioak argitara ekartzea du helburu antzezlanak.