Joseba Iñurrategik pilota izan zuen pasio, eta zaletasun hori herritarren artean zabaltzeko lan egin zuen. Zortzi urterekin ekin zion bere kirol ibilbideari. Pilotari amateur moduan aritu zen 30 urte bete arte, eta ostean, beteranoetan ere jokatu zuen. 1981ean, Isidro Garate Magunazelaiarekin batera, Eskoriatzako Kirol Elkarteko delegatu kargua hartu zuen Felix Berasaluze Boliñaren ordez. Garatek ardura hori utzi zuenean bera bakarrik geratu zen guztiaren kargu.
2013an omendu egin zuten
Duela lau urte Eskoriatzako herriak horrenbeste urtetan emandakoa itzuli zion, omenaldi baten bidez: Eta, abenduaren 27 hartan egin zioten ekitaldian zera aitortu zioten antolatzaileek: "Pilota izan da bere pasioa. Pertsona langilea, zuzena, benetan atsegina eta pazientzia handikoa, urteen poderioz eskarmentua hartzen joan da bai pilotari moduan, eta bai pilotari gazteen hezitzaile eta entrenatzaile bezala; gainera, bere jakituria eta ilusioa ingurukoekin partekatzen asmatu duenez, pilotaren baliorik onenak jaso ahal izan dituzte belaunaldi askok. Iñurrategi erreferente bat da pilota kontuetan eskoriatzarrontzat, berari esker sortu baitzen umeen eskola eta berari esker jarraitzen baitu gaur egun pilotak bizirik herrian". Goian bego.