"Identifikatuta sentitzen naiz Gloria Fuertesekin"

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 26a, 18:00
Maite Arrotajauregi, Mursego, kantatzen. Argazkia: Juan G. Andres.

Gloria Fuertes idazlearen poemak era musikatuan eskainiko ditu bihar –egubakoitza– Maite Arrotajauregi Mursego-k, Kulturateko areto nagusian, 19:30ean. Duela hiru urte sortu zuen proiektuarekin dator Arrasatera musikari eibartarra. Biblioteka Egunaren baitan, emanaldi berezia eskainiko du, idazle madrildarra "omenduz".

Liburutegikoak aspaldi dabiltza Gloria Fuertesi omenaldia egin guran; izan ere, haien esanetan, idazlea ez da "behar beste" ezagutzen.

Umeendako telebista programek egin zuten, gehienbat, ezagun, baina, horrez gain, oso poema interesgarriak eta indartsuak idatzi zituen, jarrera politiko oso zehatzarekin. Salaketa sozial garbia egiten zuen eta oso argi zeukan zer gura zuen, bere posizioa ondo azalduta.

Hainbat gai jorratu zituen.

Bai. Diruaren gaineko kritika bat, maitasuna, gerra zibila, eta abar. Umorea ere asko erabiltzen zuen, arma moduan, betiere, gauzak aldatu guran.

Aurten 100 urte betetzen dira hura jaio zela, eta, horren harira, hainbat ekintza egiten ari dira. Horietako bat da Arrasaten zuk eskainiko duzuna.

Bai. Nik lan hau duela hiru urte egin nuen. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ziklo bat zegoen, Berrirakurtzen izenekoa. Liburu bat aukeratu eta gure modura nolabaiteko berrirakurketa bat egitea zen helburua. Ni beti izan naiz Gloria Fuertesen oso zalea, eta argi izan nuen hura aukeratuko nuela, eta hortik sortu zen gaur eskainiko dudan emanaldia. Donostian, Bilbon eta Gasteizen eskaini dut eta Arrasate izango da hurrengoa.

Gloria Fuertesi egindako nolabaiteko aitorpena eta omenaldia da emanaldia, ezta?

Hala da. Haren aldarrikapenak ezagutaraztea da helburua. Izan ere, ni oso identifikatuta sentitzen naiz hark bizitza ikusteko zuen moduarekin, ez bakarrik ni Maite bezala, baita Mursegoren lan egiteko moduarekin ere.

Orain arte eskainitako emanaldietan, nolako harrera izan duzu?

Jendea gustura gelditu dela esango nuke. Gogoratzen naiz lehen aldiz eskaini nuenean, batek esan zuela Gloria Fuertes bera ikusi zuela oholtza gainean, eta komentario hori asko gustatu zitzaidan. Azken finean, lan handia hartzen duzu emanaldia prestatzen, eta halako erantzunek lanean jarraitzeko indarra ematen dizute. Beraz, ea proiektu honekin jarraitzeko aukera dudan eta gaurkoa ez den azkena izaten.

Emanaldiari dagokionez, nolakoa izango da, zehazki?

Esango nuke gehiago dela musika poesia baino. Letrak badaude, errezitatuta, rap modura eta kantatuta, baina, gehienbat, musika da; perkusioa eta, batez ere, txeloa. Ez da normalean egiten den poesia errezitaldi bat. Poemek kantu forma daukate, kantu horien artean inprobisatu ere egiten dut, bai musikalki, baita letren gainean ere, kontzeptuarekin. Bat-batean Negu Gorriak-en letra zati bat sartzen dut, gaiarekin zerikusia duelako, eta abar. Atzetik kontzeptulan bat dago, ez dut edozein musika aukeratzen, niri poemak iradokitzen didanaren araberako musika baizik.

Pertsonaia lantzen duzu?

Bai. Ahots berezia zeukan, eta hori imitatzen dut oholtza gainean, eta hura janzten zen moduan janzten naiz, gutxi gorabehera; gorbatarekin eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak