Zorrozaurren urtero egiten den azoka honek bostgarren edizioa izango du asteburu honetan. Urriaren 27tik 29ra bitartean, sortzaile desberdinak pasako dira Bilboko Artiach gaileta fabrika zaharrean kokatzen den Espacio Open gunetik. Bereziki teknologia berriak modu sortzailean erabiltzen dituzten proposamenak ikusteko eta esperimentatzeko aukera izango da bertan, esaterako, robotikarekin, 3D inprimagailuekin, dronekin eta hardware irekiarekin zerikusia izango dutena.
Bilboko azoka antolatzen duen Karim Asryren hitzetan, “Maker Faire mundura zabalik dagoen leiho bat da, hurrengo urtetan teknologiarekin zer gertatuko den ikusteko aukera ematen duena”. Izan ere, munduko 200 hiri baino gehiagotan egiten dira Maker Faire azokak, sorkuntza teknologiko berritzaileenak publiko guztientzat jarduera ludiko eta dibulgatzaileen bitartez erakusteko helburuarekin.
Aurtengo ediziorako egitarau anitza osatu dute antolatzaileek. Fab Lab Bilbao gunean, fabrikazioarekin zerikusia duten tailerrak izango dira hiru egunetan zehar, adibidez, Arduino, soldatzea eta egurrarekin zerikusia dutenak. Ostiralean, arratsalde osoan zehar teknologia sorkuntza tailerrak izango dira eta baita hainbat hitzaldi ere, Burning Man festibaleko Andrea Ginik emango duena bezalakoak. Larunbatean eta igandean berriz, egun osoan zehar izango dira ekintza desberdinak, 150 jarduera inguru izango baitira hiru egunetan zehar. Tartean, drone lasterketak, 3D inprimagailu erraldoiak, haurrentzako teknologia tailerrak eta nazioarteko adituek emandako hitzaldiak.
Interesa izanez gero Maker Faire Bilbaoren webgunean aurkitu daiteke egitarau osoa.