Gripea, urtero errepikatzen den osasun publikoko arazoetako bat izateaz gainera, ondorio larriak ekar ditzake. Txertoak arazoak eta konplikazioak saihesten dituenaren jakitun dira txertoa hartzeko beharra duten herritarrak. Lehen egunetik, txertoa hartzeko txanda guztiak agortu dituzte."65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun daudenak eta osasun arloko langileak dira txertoa hartu beharko luketenak", esan dute Osakidetzako arduradunak.
Aurtengo txertaketa-kanpainako helburuak, arrisku-taldeetako pertsonen banakako osasuna babesteaz gain, gainerako herritarren osasun kolektiboa babestea ere bada, oinarrizko prebentzio-neurri errazen bidez. Horretarako, dei zabala egin dute txertoa hartzeko beharra eta aukera duten herritarren artean.
Osakidetzak, 400.000 txerto ditu prest, eta, argi utzi nahi izan du, gripearen txertoa segurua eta eraginkorra dela, eta ia ez dagoela kontrako eraginen susmorik. Abenduaren 23ra arte har daiteke.
Iazko datuak
Gripearen kontrako kanpainaren aurkezpenean emandako datuen arabera iaz, 65 urte gorako pertsonen artean, 10etik 4k ez zuen txertoa hartu. Bestalde, pasa den denboraldian ospitaleratu behar izan zituzten gripe-kasu larrien 229 kasu erregistratu ziren. Horietatik 59 Zainketa Intentsiboetako Unitatean geratu ziren, eta horietatik, %90ek arrisku-faktoreak zituen.
2017an 31 pertsona hil ziren gripearengatik. Horietatik, % 47k ez zeukan txertoa jarrita, nahiz eta gripearen aurkako txertaketa-kanpainan jaso diren arrisku-taldeetan egon.