Mosso batek 'Ikustenda'-ri, urriaren 1ari buruz: "Poliziaren oldarraldietan gorrotoa ikusten zen"

Julen Iriondo 2017ko urr. 24a, 14:42
'Ikustenda' saioko momentu bat.

Ikustenda Katalunian izan da bertan bizi duten egoerari buruzko iritziak jaso eta grabatzen. Egubakoitz honetatik aurrera ikusgai egongo da ekimenaren webgunean, Goiena.eus-en eta Goiena telebistan (urriaren 27an 21:00etan eta 23:00etan eskainiko da lehena, beste laurak hurrengo lanegunetan)

Katalunian kokatutako Ikustenda-ren sorta berri honek, bost atal izango ditu, eta protagonistak hainbat: Arenys de Munten (Bartzelonako probintzia) 2009an egindako independentziaren gaineko lehen galdeketaren bultzatzaileak; urriaren 1ean bozkalekuetan poliziaren indarkeria jasan zuten herritarrak; haiek babesten jardun zuten suhiltzailea eta nekazaria (traktorearekin); zenbait herritako alkateak; Carles Puigdemont presidentaren osaba; irakasle, kazetari, ekintzaile eta enpresa buruak; herritar arruntak… gehienak, erreferendumaren eta independentziaren aldekoak; baina aurkakoak ere bai. Eta protagonisten artean, Mosso d'Esquadra bat ere bai; azpian, Ikustenda-ren galderei erantzunez hark adierazitakoak (urriaren 1era begira eta Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuko dela jakin aurretik egindako elkarrizketa da).

Nola daramazue egoera mossoek?

Polizia gorpu guztietan dago jendea trajea sentitu egiten duena, ze trajeak bere historia du, eta beste jende bat lan soil bezala hartzen duena. Mossoen artean askok berezko sentimendu bat du, eta gaizki pasatzen du, gauza batzuk egin nahi lituzkeelako, eta uzten ez diotelako. Ez digute uzten herri honetako parte gisa, gizarte honetako parte gisa, herrialde honetako parte gisa definitzen, ze garena gara, eta ordezkatzen duguna ordezkatzen dugu, ez digute uzten horrela agertzen, eta hori mingarria da; nahiz eta, hein batean, ulertzen dudan, instituzio bat garelako eta ahots bakarra izan behar dugulako; baina hor gaude, bataren eta bestearen artean. Zaila da.

Alde batetik jaso zenituzten era batera jarduteko aginduak, eta bestetik traidoretzat jotzen zaituztete; zaila behar du.

Guk agindu argiak eta zehatzak ditugu, nahiz eta Madrildik ez hala esan. Eta guk gure goikoei egiten diegu kasu. Baina polizia baten barnean pertsona bat dago, eta sentimenduek gainean daramazun trajea gainditzen dute batzuetan. Eta ikusten duzunean adineko jendea jotzen ari direla, eta ezer ez egiteko agindua eduki arren, urriaren 1ean bezala, pentsatzen duzu: "Nire ama izan daiteke, nire amona, nire aita". Ze, egun hartan jende errugabea egurtu zuten, jende nagusia, ezer egiten ari ez zen jendea, bozkatzea baino nahi ez zuena; batzuentzat ilegala da, eta hor ez naiz sartzen, baina ez ginen ezer egiten ari [sic], bozkatzea baino ez genuen nahi. Eta polizia modura, ezer ez egiteko agindua eduki arren, hori ikusten duzunean… hori legearen kontrakoa da, ezer egiten ari ez den jendea egurtzea ez da legezkoa. Pertsona horiek jotzen ari den jendea legearen kontra ari da. Pertsona haiek era baketsuan ari ziren manifestatzen, eta manifestatzea zilegi da. Eta egoera hura oso nahasgarria izan zen, ze zuk, pertsona moduan, zerbait egin behar duzu; agindu argiak eduki arren, jendeak [mossoek] esku hartu zuen, pertsona errugabeak erasotzen ari zirelako.

Esku hartu, herritarrak babesteko esan nahi duzu.

Noski, ezer egiten ari ez zirelako, bozkatzea baino nahi ez zutelako, liskarrik sortu gabe, eskuak goian zituztela, erabat modu baketsuan ari ziren. Poliziaren oldarraldietan, irudietan ikusten zen, gorrotoa ikusten zen, ez dakit arrazoia edo nondik atera zen, baina ikusten zen gorroto bat polizia horiengan… eskrupulurik gabe jotzen zuten. Jotzeko ere arau batzuk daude: ezin da buruan jo, gerritik behera jo behar da; eta ikusten zenuen jendea buruan jotzen, zentzurik gabe, nor jotzen zuten begiratu gabe, izan zitekeen adineko jendea, jende gaztea, egoeraren batean umeren bat ere bazen tartean, eta ez zuten begiratzen, besterik gabe, jo egiten zuten, eta hori ez da onargarria, ez hemen eta ez inon.

Polizia bezala gogorra behar du: zure lanbide berekoak dira, baina agian beste era batera ulertzen dituzte gauzak, beste balio batzuk dituzte…

Nik polizia moduan ez dut ulertzen nola onar ditzakezun agindu horiek. Zuk jaso ditzakezu agindu batzuk, baina ikusten baduzu zuzenak ez direla, uko egin diezaiokezu. Egon zen poliziaren bat [Espainiakoa] gerora jarduteko modu haren kontra agertu zena eta adierazi zuena hori ezin zela egin, eta goitik esan zioten baietz, egin egin behar zela, aginduak zirela eta bete egin behar zirela. Baina polizia moduan ez dut ulertzen nola bukatu zen dena bukatu zen moduan, ez da onargarria.

Eta izan zen Espainiako polizien eta mossoen arteko tirabiraren bat ere…

Noski, ikusten zenuen zer egiten ari ziren, eta zure nahia jendea defendatzea zen, errugabea defendatzea da gure egitekoa. Ikusten ari ginena ez zen batere normala, eta bozkatzen saiatzeko era baketsuan manifestatzen ari zen jendeari burua irekitzea… hori ez da logikoa. Eta, noski, zu saiatzen zinen erdian jartzen eta esaten: "Baina zer ari zara egiten? Jende nagusia da, bozkatzea bakarrik nahi duen jendea, ezer egiten ez dabilena". Eta tirabiraren bat izan zen zentzu horretan; normala da, pertsonak gara, arrazionalak gara; animaliak ez dira arrazionalak, baina pertsonak bai, horrek bereizten gaitu, eta horregatik saiatzen gara jendearen jarduteko modua normala izan dadin, eta egun hartan jendeak [Espainiako poliziek] ez zuen modu normalean jardun.

Zuek zuen mugak zenituzten, eta herritarrak defendatzeko lan hori suhiltzaileek hartu zuten euren gain; irudi indartsua izan zen.

Bejon deiela suhiltzaileei. Gu ikusten ari ginen gauza bera ikusi zuten. Guk ezin genuen edozer egin, ezin ditugu zenbait marra gainditu, epaitegietara bidean jartzeko aukera hor dagoelako; suhiltzaileek ez dute halakorik, eta beste era batera jardun zezaketen, eta nik uste oso ondo egin zutela: erdian jarri, poliziaren jardunari oztopoak jarri apur bat, ze erabat ari zitzaien eskuetatik joaten. Neurriz kanpoko polizia ekinbidea izan zen, egin zutena egiteak ez du zentzurik, nik ez dut ulertzen.

Egoera berezi horietan, ikusi genituen mossoak negarrez herritarrak Kataluniako ereserkia abesten ari zirela, adibidez; edo herritarren txalo artean, mossoek lan txanda bukatu eta botoa eman eta gero; irudi deigarriak.

Hemen, mossoak hemengo jendea gara, gehienak lur honetako jendea gara. Eta ari zinen ikusten nola zure auzoak, lagunak, zure gurasoak, aiton-amonak… jotzen ari ziren; eta zuk egin nahi, eta ezin. Eta hori barruraino iristen zaizu, eta azkenean lehertu egiten zara, normala da. Hemengoak gara, sentimendu hori badugu, eta ulertzen dugu zer gertatzen ari den. Hori barrura iristen zaizu, eta lehertu egiten da era batera edo bestera: negarrez, oihuka… izan ziren hainbat lankide egun pare batera dena atera zitzaiena… edozein eztabaidatan sutu egiten zinen, barruan daramazulako… eta gauzak atera egin behar dira. Nik uste dut, Katalunia-Espainia harremana inoiz, inoiz, atzera inoiz gehiago ez dela berdina izango. Mugarri bat izan da, saia daitezke batzuek, saia gaitezke besteok, baina ez gara sekula gehiago berdinak izango. Kataluniarren eta espainiarren artean dago gizarte haustura; Madriletik ulerrarazi nahi dute hemen gizarte haustura dagoela, baina hemen ez dago halakorik; hemen jendeak badaki zer gertatzen den, jendeak hitz egin nahi du, iritzia eman nahi du, Madrildik hegoak moztu dizkiete negoziazio aukera guztiei, ez dute entzun nahi izan; jendeak hitz eginez ulertzen du elkar, eta uste dut bere garaian hitz egin izan bagenu elkar ulertuko genuela, baina urriaren 1ean gertatutakoa mugarri izango da, eta gerora inoiz, gertatzen dena gertatzen dela, Kataluniak eta Espainiak ezingo dugu elkar ulertu bere garaian posible zen modura, uste dut ez duela irtenbiderik, uste dut.

Beste ezer esan nahi?

Oso minduta gaude, eta gainera ez dago barkamen eskaerarik, ez dago arazoa konpontzeko ahalegina egiteko modurik; Konstituzioan babesten dira, eta hortik ez dira irteten, nahiz eta beraiei interesatzen zaienean edozein tontokeriagatik aldatzen duten Konstituzioa bi egunetan. Baina arazo larriak daudenean, eurei interesatzen ez zaienean, ez dira gaia konpontzen saiatzen. Irtenbidea oso zaila da, bietako batek ez badu elkar ulertzerik nahi, ez dugu elkar ulertuko. Konponbidea biren kontua da; bietako batek nahi ez badu, ez dago elkar ulertzerik”.

'Ikustenda' Katalunia sorta, Goiena telebistan:

  • Urriaren 27a, egubakoitza, 21:00etan eta errepikapena 23:00etan.
  • Urriaren 30a, astelehena, 21:00etan eta errepikapena 23:00etan.
  • Urriaren 31a, martitzena, 21:00etan eta errepikapena 23:00etan.
  • Azaroaren 2a, eguaztena, 21:00etan eta errepikapena 23:00etan.
  • Azaroaren 3a, egubakoitza, 21:00etan eta errepikapena 23:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak