Batzuetan, zerbitzu bat erabiltzen hasi eta eguneroko bizitzaren parte bihurtzen da. Normalean, doako zerbitzuak izaten dira eta arrakasta nahikoa lortzen dute. Hala ere, nahiz eta inoiz gertatuko ez dela pentsatu, zerbitzu hauen jabeek erabilpena etetea eta betirako ixtea erabakitzen dute. Gogoratzen Windows Live Messenger, Grooveshark, Google Reader edo MegaUpload bezalakoak?
Beste batzuetan berriz, enpresa desberdinek beraien eskaintza zabaldu eta lehiakideei aurre hartzeko asmoz, hainbat zerbitzu martxan jartzera ausartzen dira, baina ez dute nahi bezain besteko arrakasta izaten eta itxi egin behar dira. Google Wave, Orkut eta Microsoft Lync bezalako zerbitzuak adibidez.
Zerbitzu guzti horrek batzen ditu Product Graveyard webguneak. Webgunea ez da desagertutako zerbitzuen biltegi bat besterik, edo izenak dioen bezala, hilerri bat, baina merezi du bertara jo eta nostalgia apur bat sentitzeak. Egun, 1.059 produktu edo zerbitzu ditu bere datu basean kategoria desberdinetan banatuta eta bakoitzaren heriotzaren arrazoia, iraun zuen denbora tartea eta ezaugarri nagusiak biltzeaz gain, gaur egun erabili daitezkeen ordezko produktu edo zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Bestalde, zerbitzu zehatz bat faltan botaz gero, proposamenak egiteko aukera ere eskaintzen du formulario erraz bat betez. Hau gutxi balitz, zerbitzu bakoitzaren inguruko iruzkinak uzteko aukera ere ematen du, erabiltzaile sentiberek zelako hutsunea sentitzen duten azaltzeko, edo zein erabilgarria zen gogoratzeko. Edo zegatik ez, nostalgia ariketa batean, zerbitzu hori erabiltzearen esperientzia kontatzeko.