Aretxabaletatik Tafallararte Jose Maria Arizmendiarrietaren bizikleta erreplikarekin

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko urr. 23a, 12:08
Altsasuko Kooperatiban egindako geldialdia.

Mundukidek antolatutako Kooperatiben arteko hirugarren lasterketa solidarioa batetik, eta bestetik, Fagor Ederlan Tafallaren 10.urteurrena aitzakiatzat harturik, Ricardo Abadek erronka pertsonala gauzatu nahi izan du asteburuan. 

Aurten Mundukiderentzat eta Gernarentzat (Nafarroako gaixotasun arraroen elkartea) dirua batzeko erronka jarri dute abian Mundukidek, GERNAK eta Fagor Ederlan Taldeak (Tafallako lantokia). Hala, Rikardo Abad Tafallatik Urkuluraino (145 kilometro) etorri da korrika asteburuan, lasterketan parte hartzeko. Orain bueltan doa, bizikletan.

Ricardo Abaden erronka

Egubakoitzean hasi zuen erronka Ederlan-Tafallako Ricardo Abadek. Arratsaldeko 5etan irten zen korrika Aretxabaletako bidea harturik. Azken 30 kilometroetan bere lankide Luis Baztanek lagundu zion. Landako urtegi inguruan, Debagoienetik joandako taldetxo bat batu zitzaien, kilometro askoren osteko nekeari aurre egiten laguntzeko. 10:30ak aldera heldu ziren Arrasatera, bertan ongi etorria jaso eta Urkuluruntz abiatu ziren. Izan ere, zapatu goizean, Urkulun Mundukideren lasterketa solidarioan parte hartzea zen erronkaren zati bat.

Kooperatiben arteko hirugarren lasterketa solidarioak talde mistoa sortu zuen Abadek, Beñat Arnaiz eta Silvia Triguerosekin batera.

Gaur, berriz, goizaldeko 5etan irten da Aozaratza auzoko Otalora jauregitik, Tafallara bidean Jose Maria Arizmendiarrietarena zen bizikleta erreplika batekin -Mondragon Corporacion Cooperativa kooperatibaren sortzailea-. Alboan ditu Markel Irizar txirrindularia, Cesar Bastardo Ederlaneko langilea eta Luis Baztan. Bidetan, hainbat kooperatibetan egingo dituzte geldiuneak: Altsasuko kooperatiba, Embega kooperatiba eta Mapsa kooperatiba.

Ederlan-Tafallaren 10. urteurrena

Erronkaren helburua, gaur 17:00etan Tafallara heltzea da, enpresaren 10. urteurrenarekin batera Gerna-ren aldeko ekitaldi bat egingo baita bertan. Ekitaldian egongo dira MCCko presidente Iñigo Ucin, Mundukideko Josu Urrutia, Ederlan Tafallako Izaskun Etxebarria, Gerna-ko lehendakaria Yolanda Marco, eta Tafallako eta Oliteko alkateak; baita Nafarroako gobernuko ordezkari batzuk ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak