Carles Puigdemontek adierazi du urriaren 10ean ez zuela independentzia "modu formalean" deklaratu, eta Espainiako Gobernuak jarrera aldatzen ez badu, Kataluniako Parlamentuak deklarazio formala bozkatuko duela berretsi du. Rajoyk, berriz, bereari eutsi, eta Puigdemonti ohartarazi dio Konstituzioaren 155. artikulua ezarriko duela –zapatuan bilduko da Espainiako Ministro Kontseilua, hartuko dituen neurriak erabakitzeko–.
Gaiaren harira, bi trenen arteko talka aipatu du Angel Oiarbidek, Gure Esku Dago (GED) herri ekimeneko bozeramaileak: "Bat iraganeko trena da, eta iraganean herritarren borondateak ez du pisurik eta baliorik izan, pisu handiagoa izan dute ezpata batek edo tanke batek. Beste trena etorkizunekoa da eta hau herritarren borondatean oinarrituta egon behar da, demokrazian". Gaineratu du herri ekimenaren esperantza dela etorkizuneko trenak aurrera egitea. "Ezin dugu irudikatu etorkizun bat herritarren borondatean oinarritzen ez dena".
Oiarbideren esanetan, kataluniarrak "Espainiako demokraziaren kalitate maila frogatzen" ari dira, eta prozesu honetan Espainiako Gobernua izaten ari den jarrera gaitzetsi du. "Zer da garrantzitsuagoa, legalitatea edo herritarren borondatea? Legeak ezin dira muga izan herritarren borondatearendako, legeak errealitatera egokitu behar dira. Orain dela 40 urte ez zen errealitate bera Katalunian, ezta duela hamar urte ere. Baina legeak ez dira estatikoak, eta gizartea aldatzen doan heinean, legeak ere egokitu egin behar dira".
Kataluniarrak eskema asko apurtzen eta dimentsio berri bat irekitzen ari direla azaldu du herri ekimeneko bozeramaileak. "Dimentsio hori da XXI. mendean demokraziaren oinarria izan beharko lukeena. Herritarren borondatea oinarri hartuta, horren araberako errealitate bat eraikitzen ari dira, eta hori ezinbestekoa da guretzat", dio.
Hori dela eta, azpimarratu du honek guztiak ez diola Kataluniako herriari bakarrik eragiten. "Euskal herritarron erabakitzeko eskubidea ere jokoan dago. Hasiera batean, sinpatia bat edo elkartasun bat sentitzen genuen Kataluniarekiko. Urriaren 1etik hona, aldiz, ez da elkartasun keinu bat bakarrik, gure eskubideen defentsa irmo bat ere bada", adierazi du.
Elkarretaratzeak
Martitzen honetan hainbat elkarretaratze egon dira Jordi Sanchezen –ANCko burua– eta Jordi Cuixarten –Omniumeko burua– espetxeratzeak salatzeko. Oiarbidek dio atxiloketa horiek ulertezinak direla. "Bi eragile hauei esker, herritarrak protagonista bihurtu dira Katalunian. Ze aukera gelditzen zaigu herri mugimenduoi demokrazia izeneko honetan, ezin badugu gure etorkizuneko protagonistak izan era baketsu eta errespetuzko batean?", aldarrikatu du.
'Ikustenda', Katalunian
Julen Iriondo kazetaria Katalunian izan da Ikustenda ekimenerako grabaketak egiten, astebetez. 2009an lehen aldiz kontsulta egin zen herritik –Arenys de Munt– abiatu eta beste zenbait herritan barrena ibili da Iriondo; hango zenbait eragileren, politikoren eta herritarren iritziak jaso ditu. "Entzuten diren elkarrizketen ehuneko handi bat prozesuari buruzkoak dira, gai bakarra da", dio. Jasotako iritziak aintzat hartuz, azaldu du ardura nabaria dela kaleetan. "Dena den, elkarrizketatutako jende gehienak egoera gizarte zatiketara iristen ez dela dio".