Bailarako marmitako goxoena, Antzuolakoa

Maider Arregi 2017ko urr. 19a, 12:23

Donostian jokatu berri da Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsionisten Elkarteak urtero antolatzen duen gastronomia lehiaketa. Landatxope elkarteko Juanita Zabalo eta Pilar Aranguren bikote antzuolarra bertan izan da Debagoiena ordezkatzen.

"Oso pozik eta egun zoragarria pasa ostean itzuli gara. Ez dugu Gipuzkoako gastronomia lehiaketa irabazi, baina sekulako esperientzia izan da", kontatu du Juanita Zabalok. Izan ere, Gipuzkoako marmitako onena egin izanaren ohorea Pasaiako bikoteak eskuratu du. "Ez dugu marmitako onena probatzeko aukerarik izan, baina egun ederra izan zen. Guztiendako osagaiak berdinak izan dira eta gakoa norberaren neurrian eta eskuan egon da". Baina nola egiten da marmitako on bat? "Tipula, baratxuria, piper gorriak eta berdeak goxatuz lehenengo, eta gero, patata eta atunarekin nahastuz; patatari goxotasuna eman behar zaio, berduren sustantzia har dezan. Ez dago aparteko sekreturik, maitasunez egitea gauzak soilik". Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsionisten Elkarteak 20 urte inguru daramatza gastronomia lehiaketa antolatzen. "Antzuolarrek irabazi izan dute. Lehen, beste aukera batzuk egoten ziren; esaterako, okela gisatua prestatzekoa. Orain, patata jartzen dute oinarri eta marmitakoa edo errioxar erara egindako patatak prestatzen dira lehiaketan; kar-kar", azaldu du.


Debagoienean, bai
Baina bailarako marmitako goxoena antzuolarra da eta Juanita Zabalok eta Pilar Arangurenek dakite ondoen egiten. "Donostian jokatu den Gipuzkoako txapelketara joan aurretik, baina, bailarakoa jokatu genuen Arrasaten, Uribarri elkartean. Antzuolako ordezkaria orain arte Florentino Lamariano izan da, baina aurten ez da animatu. Hala, jarraipena emateko eta ekimen hau eten ez dadin, bailarako txapelketan parte hartzea erabakia genuen".


Lehiaketa hutsetik harago
Zabalok dio mota horretako ekimenak harremanak sendotzeko bide direla. "Zazpi bailaretako
ordezkariak batu ginen, eta, giro zoragarrian, egun-pasa ederra eginda itzuli ginen. Pasaiak irabazi zuen eta bigarren saria, berriz, Mendarora joan zen. Baina, esan bezala, lehiaketa baino gehiago dira horrelako
ekintzak eta merezi du horri eustea eta jarraipena ematea. Debagoiena ere Gipuzkoan ordezkatuta egon dadin", argitu gura izan du Zabalok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak