24,7 milioi euro berreskuratuko dituzte Gipuzkoako udalerriek

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko urr. 17a, 13:26

Gipuzkoako Finantza Kontseilua.

Kupoa dela-eta, Gobernu espainiarrarekin izandako desadostasunei aurre egiteko eginiko hornidurak erabilgarri dituzte Gipuzkoako udalerriek. Horretaz gain, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF) urtea inoizko hornidura handienarekin amaitzea aurreikusten da, eta hazkundearen bidetik jarraitzea 2018an. 

Atzo arratsaldean, Gipuzkoako Finantza Kontseiluan elkartu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko eta lurraldeko udalerriak -Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkaritza batek ordezkatuta-. Azkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakiak partekatzen dira batzar horietan. Gairik garrantzitsuena Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa delakoaren zuzkidura izan ohi da, udalerriei itunduetako zergen bilketatik dagokien zatia bideratzen duena.

Kontseiluan, Jabier Larrañaga foru Ogasunaren arduradunak, pasa den maiatzean EAEko erakundeek eta Gobernu espainiarrak sinatutako akordioaren garrantzian jarri zuen azpimarra. Larrañagak adierazi zuenez, akordio horrek ahalbidetu baitu euskal finantzek zuten "mehatxu larria" indargabetzea. "Akordioari esker, desadostasun hauei aurre egiteko egindako hornidurak askatu ditzakete udalek eta, beraz, albistea hainbat eragin positibo ditu", nabarmendu zuen foru diputatuak. Gipuzkoako udalerriek 24,7 milioi euro gehiago izango dituzte erabilgarri. 

Udalerriek ez dute diru itzulketarik egin beharko

UFFFaren zuzkidurari dagokionez, pasa den asteazkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan onartutako aurreikuspenek aurrekontua betetzea espero dutela azaldu zuen atzoko batzarrean Larrañagak: "Ez dugu espero udalek inongo zenbatekorik itzuli beharko dutenik".

2018ko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa

Aldaketarik egon ezean, 2017an, 467,6 milioi euro erabili dira UFFFerako; aurreko urteetako goranzko joera mantenduz. Gainera, aurreikuspenak betetzen badira, 2018an funtsak hazkundearen bidetik jarraituko du, 485 milioi eurotara iristea espero baita.

"Aurreikuspenak baieztatzen badira, Foru Funtsak zazpigarren hazkunde urtea luke errenkadan, eta aldi honetan bere zuzkidura %36 hazi da", adierazi zuen atzoko batzarrean Ogasuneko diputatuak. "Honek esan nahi du gure udalek gero eta baliabide gehiago dituztela eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak finantzatzeko, ezinbestekoak zaizkigunak gure ongizate mailari eusteko", gehitu zuen Larrañagak.

2018ko Debagoieneko herrien Finantzaketarako Foru Funtsa

Aurreikuspenak betetzen badira, bailarako herri gehienen aurrekontuek %3tik gorakada hazkundea izango dute. Udalek biztanleko 660 euro inguru jasoko dituzte 2018an; Leintz Gatzagaren kasuan, -herri txikietan ohikoa den moduan-, zifra handiagoa izango da, 958 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak