Kilometro komunitarioak
Lekukotasunik onena, egindakoa. Horixe bera agerian utzi dute oñatiarrek, Txantxiku ikastolaren eskutik, 2017ko Kilometroak antolatu eta kudeatu dutenean. Erronkari erantzuteko lekaixoka ireki zuten zirkuitua eta ondo egindako lanak ematen duen satisfazioaz lekaixoka amaitu zuten eguna. Bejondeiela!
Horrelako festak eta jende biltzeak baliatzen dituzte zenbaitek uneko politikagintzarekin zerikusia duten gaiak hizpide izateko euren diskurtso eta adierazpenetan. Oso gutxi batzuek jakiten dute Kilometroak edo antzeko ekitaldietan atzean dagoen herritar ekimena, elkarlana eta eraginkortasuna gainerako aspektu eta arazoen gainetik ipintzen.
Izan ere, Txantxiku ikastolak abiatu, Oñatiko herritarrek gorpuztu, Debagoieneko hamaika lankidek lagundu eta ikastola ugarik esku hartu egin duten jardunak plaza erdian jarri du Komunitatea egiteko eredu bat: barru-barrutik sentitzen den identitate euskaldunaren motibazioak eraginda, kooperazioan hezurmamitzen den lankidetza ardatz hartuta eta emaitzetara ere bideratutako gestio efikaza praktikatuta.
Zenbat jende etorri da? Ohiko galdera da horrelako jaietan –Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, eta abar–. Euskal lurralde guztietako herritarren presentzia bilatzen da, eta Oñatik zail du horretan, baita Gipuzkoako bailara askotatik bertaratzeko ere. Baina irailaren 24koak erakutsi zuenez, udalerria, bailara, eskualdea eta ingurumarikoak nahikoak dira ospakizun bikaina, kategoriakoa, egiteko.
Antolatzaileek beraiek esplikatzen zutenez, lekaixo berbak oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan gura du. Aspaldiko euskaldunek erabiltzen zuten deia, lekaixua oñatieraz, abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko, zein urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko. Auzolanaren ideia irudikatzen du Lekaixoka leloak. Belaunaldi berriei agerian jarri, transmititu eta biziarazi nahi zaien ideia.
Zergatik? Antza, auzolanaren jarduna belaunaldi berriek galtzeko arriskua dagoelako, eta Kilometroak jaiaren antolaketan bete-betean praktikatu daitekeelako. Baina, antolatzaileek diotenez, bada beste arrazoi sakon bat: hezkuntza-prozesua behar den bezala garatu nahi bada, auzolanean, kooperazioan, komunitatean egitea ezinbestekoa delako. Are eta gehiago, hezkuntza hori euskalduna izatea nahi badugu.
Kantuaren doinua eta letrak sortu eta ekoiztean, praktika berbera egin da: Oñatiko musikariek esku hartu dute eta elkarren arteko, lankidetzako produktu bat izan da, prozesua bera horrelakoa izan delako.
Honako hau dio abestiak: Goazen denok, helburu berari helduta. Amets egin dezagun, hegan egin dezagun. Bota ditzagun horma guztiak. Eraiki dezagun ikastola berri bat. Herritik herriaren alde. Amesten dugun etorkizunaren alde! Zu intzirika, ni irrintzika. Euskaraz gatoz lekaixoka. Ni xuxurluka, zu deiadarka. Euskaraz gatoz lekaixoka.
Orain, egun distiratsuak gozatu eta gero, txantxikuek trasteak bildu, zakarrontziak zaramaz bete, kaleak eta lorategiak beren onera ekarri eta hainbat eta hainbat lan ugarik osatzen duten alde grisa betetzeari ekin diote, Oñatiren barrena eta ingurumaria paregabekoek lehen bezain ederrak jarraitu dezaten. Hori ere bada egin beharrekoa, auzolanaren egitekoa.
Joxe Azurmendik, Arizmendiarrietaren ibilbidea aztertzean, horren ahoan jartzen zituen ondoko hitzok: “Kooperatibismoa egingarria izateko, komunitate batek aurrena bere burua komunitate bezala sentitu behar du”. Eta segidan gehitzen zuen: “Komunitatea, noski, ez da derrigor lan-komunitatea edo fabrika bakarrik: herria ere bai, edo bailara, nazioa, eta nahi baduzue gurekin bat egiten duen gizadi osoa da komunitatea”.
Komunitatea sentitzearekin batera, ordea, besterik badago: xede partekatua, mugiarazten gaituen erronka edo utopia izatea. Arizmendiarrietak zioenez: “Kooperatibismoa, ondo ulertuta, ekimenerako deia da, balore moralen argitan gauzatu behar dena, eta –ondorioz– askatasunak, justizia sozialak eta elkartasunak gidatzen duten markoan, era demokratikoan doituak (…)”.
Horixe bera da oñatiarrek, Txantxiku ikastolaren eskutik, agerian utzi dutena. Lekaixoka eta Auzolanean.