Edesa industrial eta Geyserreko estintzioko EREa inpugnatzeko "aukera handiak"

Maite Txintxurreta 2017ko urr. 16a, 14:01

Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko langile komiteak prentsaurrekoa eman du eguerdian, Fagor CNAren 145 langile kaleratzeko erabakiaren eta Garagartzaren itxiera prozesuaren berri emateko. "Borondatezko irteerak sustatzea" eta "suspentsiozko EREa luzatzea" eskatu dute. Gaur bertan jakinaraziko du zuzendaritzak lanean jarraituko dutenen zerrenda.

Kontsulten periodoa bukatutzat emanda, Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko zuzendaritzak 145 langileren kaleratzeari ekingo dio. Egoera honen aurrean, langileek agerraldia egin dute, azaltzeko, besteak beste, kaleratzeok ez dituztela onartzen.

Salatu dutenez, zuzendaritzak kaleratzeen bitartez martxan jarri nahi duen planaren inguruan hainbat galdera daude erantzuteke. Hala, plan hori, batetik, "oraindik aurreakordiorik ez dagoelarik" artean zeintzuk diren jakinarazi ez duten bi inbertsorerengan oinarritzen dela azpimarratu dute. Bestetik, proposamen juridikoa zein den ere ez dakitela diote; ia sozietate bakarra izango den, bi izango diren, euren arteko konexioaren nolakotasuna...

"Ez da fabrikazioaren aldeko apustua egiten", esan du enpresa batzordeko bozeramale Ricardo Perezek, "balio erantsi handiena ematen dioten produktuak egiteari uzten baitzaio", labeei, adibidez.

Era berean, enpresaren planak Fagor markaren erabilpenerako aurreakordioa aipatzen du, "oraindik ez daukatena", Perezek azpimarratu duen moduan. Finantziazioa ere artean lortzeke dagoela nabarmendu du.

Hori guztia kontuan hartuta, Edesa eta Geyserreko proiektua "arrisku larrian" jarri dutela uste dute langileen ordezkariek.

Kudeaketarekin haserre

Langileen ordezkariek salatu dute enpresa "hasieratik gezurretan" aritu dela. Hala, adjudikazioaren momentuan 700 lanpostu sortzeko asmoa agertu bazuten ere, gaur gaurkoz sozietateak hartzekodunen aurre konkurtsoan daudela gogorarazi dute, eta horren aurrean, "borondatezko irteerak sustatzea eta gainontzekoei suspentsiozko EREa luzatzea" eskatu dute, etorriko den inbertsorearen proeiktua jakin arte.

Hiru aldeko akordioa posible ikusten dute langileen ordezkariek (Fagor, Edesa, alde soziala), baina horretarako borondaterik egon ez dela azpimarratu dute.

Era berean, prozesua "irregulartasunez beterikoa" izan dela uste dute: "Sozietate hauek CNA taldearen parte direla ukatzen digute, eta ez digute aurkeztu taldearen dokumentazioa. Ziurtatuta daukagu Edesa Industrial taldea beste talde handi baten parte dela, CNA taldearen parte, hain zuzen. Eta horrela jakinaraziko diogu Eusko Jaurlaritzako lan eta gizarte segurantzako zuzendaritzari. Gure aldetik, extintziozko ERE hau inpugnatzeko aukera handiak ikusten ditugu".

Enpresak "fede txarrez" jokatu duela diote. Dokumentazio zati bat berandu banatu zietela eta borondatezko irteerentzako proposamena "kontsulta periodotik kanpo" luzatu zutela azaldu dute.

"Honetaz gain, Lan delegaritzak enpresako zuzendaritzari emandako laguntza eskertu beharrean gaude, izan ere, dokumentazioa banatzean emandako irregulartasunen berri eman baitio enpresari, horrela, errorea konpondu eta epaileak EREa nulotzat ematea ekidinez", gaineratu dute.

Langileen ordezkariek "iniziatiba" eskatu die Enpresako zuzendaritzari, Fagor S. Coop-i eta Eusko Jaurlaritzari.

Esan bezala, kaleratzeak ez dituzte ontzat eman langileek. Lanean jarraituko dutenen zerrenda gaur bertan emango du jakitera enpresak, eta langileei aurreratu dietenez,55 urtetik gorakoek lanean jarraituko lukete, eta, horrez gain, "langileen polibalentzia" izan omen da zerrenda hori osatzeko irizpidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak