Mundukideren lana gizarteratzea eta proiektua aurrera eramateko babesa lortzea da orain dela hiru urte abian jarritako lasterketa solidarioaren helburua, "kooperatiben izaeraren ezaugarri gisa, talde lanaren balioa agerian jarriz", diote.
Aurten, gainera, Mundukiderentzat eta Gerna elkartearentzat (Nafarroako gaixotasun arraroen elkartea) dirua batzeko elkartasun erronka jarri dute abian Mundukidek, GERNAk eta Fagor Ederlan Taldeak (Tafallako lantokia). Hori horrela, Riki Abad nafarra korrika etorriko da Tafallatik Urkuluraino (145 kilometro) lasterketan parte hartzeko eta bizikletan itzuliko da. Haren asmoa da bidean Nafarroako kooperatiba industrial guztiak bisitatzea.
Zazpi kilometroko ibilbide dotorea
Zazpi kilometroko ibilbidea du Urkuluko urtegiak, eta aurten ere lasterka emango diote horri buelta kooperatibetako langileek osatutako hirukoteek. 11:00etan abiatuko dira horiek.
Aurten, baina, lasterka ez dutenek egin gura nordic walking modalitatea izango dute. Eta oinez egiteko aukera ere izango da. Bi modalitate horietako kirolariek 10:30ean irtengo dute. Hemen modalitate bakoitzaren gaineko informazioa.
"Animatu, korrika ez ezik oinez ere egin daiteke aurten eta"
Mundukideko kideak iaz lasterketan parte hartu eta irabazitako taldeekin egon dira. Hona hemen haiek esandakoak.
Kooperatiben arteko II. Lasterketa Solidarioa irabazi zenuten iaz. Ondo gertatuta zeundeten? Eta gozatu zenuten?
Emun: Bai, ezusteko handia izan zen talde mistoko irabazleak suertatzea. Ez geunden bereziki prestatuta, kirola gustuko dugu eta tarteka korrika saiotxoak egiten ditugu. Talde gisa nola genbiltzan ikusteko, lasterketa aurreko astean, Urkulura joan ginen bueltatxoa egitera nola moldatzen ginen ikustera, helbururik jarri gabe. Lasterketa eguna primerakoa izan zen, eguraldia lagun izan genuen eta asko gozatu genuen.
Copreci: Ez genuen prestaketa berezirik egin baina ohitura daukagu sarritan korrika egiteko elkarrekin.
Lea Artibai ikastetxea: Kirolzaleak gara hirurok, beraz, egunero kirolarekin zerikusia duen zerbait egiten dugu. Proba honetarako ez dugu inolako entrenamendu berezirik egiten. Bakoitzak astean zehar egiten dugunarekin nahikoa dugu.
Taldea osatzeko zailtasunak izan zenituzten?
Emun: Ez bereziki, korrika egin ohi genuenez, suabe-suabe joanda amaituko genuela bagenekien.
Copreci: Ez. Talde bat daukagu Coprecin eta gure artean adostu genuen.
Lea Artibai ikastetxea: Taldea egitea ez da izan arazoa. Gehien kostatzen dena talde mistoa lortzea da edo nesken taldea egitea.
Zer da lasterketan gehien gustatu zaizuena? Paisaia, neurria, giroa…?
Emun: Egun eguzkitsua sortatu zen eta argitasunak paisaia ikusi eta gozatzeko bide eman zuen. Korrikalarien artean ere giro polita zegoen eta dena borobiltzeko, etxeko edo gertukoen animoak jaso genituen.
Copreci: Guk bertan egiten dugu korrika urtean zehar, zorte hori daukagu. Eta ados gaude paisaia zoragarria dela.
Lea Artibai ikastetxea: Gauza positibo asko ditu lasterketak: hasteko tokia oso polita eta lasaia da; irteeratik gertu arazorik gabe aparkatzeko tokia egoten da; eta beroketa momentuan ez da lehiaketa usainik nabaritzen eta hori eskertzeko da, jendeak lagun artean korrika egin eta bere lantokia aurkeztea helburu moduan jarrita goiz pasa edarra egiteko aukera ona da.
Zer esango zenieke oraindik probatu ez dutenei?
Emun: Animatu eta izena emateko, korrika ez bada, oinez egiteko aukera ere badutela aurten.
Copreci: Animatzeko parte hartzera eta etortzeko ez direla damutuko.
Lea Artibai ikastetxea: Gaur egun jarduera fisikoa praktikatzen duen jende asko dago, baina askotan lasterketa edo antzerakoetan parte hartzeari beldurra izaten diogu, eta hauei guztiei esango nieke kooperatiben arteko lasterketa aukera edarra dela inongo presiorik gabe lagunartean izerdi apur bat bota eta ondo pasatzeko.
Mundukiderekin bat egiteko modu egokia dela uste duzu lasterketa?
Emun: Mundukide ezagutu eta eskuartean dituzten proiektuen berri jasotzeko aukera bat dela uste dugu, eta gainera naturarekin harremanean eta talde lanean oinarritutako ekintza batean parte hartuz.
Copreci: Bai, gertutik ezagutzeko aukera ona iruditzen zaigu.
Lea Artibai ikastetxea: Kooperatiben arteko lasterketa solidarioa Mundukiderekin bat egiteko aukera oso ona dela uste dugu, lasterketan izena emateagatik lortzen den dirua Mundukide erakundera bideratzen da, beraz zenbat eta jende gehiago animatu orduan eta laguntza gehiago lortuko da. Horrez gain, behin erakundea eta bere lana ezagututa askoz errazagoa da mota hauetako proiektuetan parte hartzera animatzea.
Aurten oinez ere egin daiteke buelta; animatuko dituzue lankideak?
Emun: Bai animatuko ditugu, aurten gainera 20. urteurrena ospatzen dugu Emunen eta ospakizunen arteko zita gisa sartuko dugu…
Copreci: Noski. Korrika ez dena animatzen, aukera hau ere baduela… Guk, lantegi barruan ere komentatuko dugu.
Lea Artibai ikastetxea: Aktibitate fisikoa egitea ez dago zalantzarik ekintza positiboa dela, baina korrika egitea ez dago denon eskura edo ez da denon gustuko, beraz Kooperatiben arteko ekintza solidario honetan oinez ere parte hartu ahal izatea oso ideia ona iruditzen zaigu eta, data aldaketarekin batera, jende gehiago Urkulura hurbiltzeko aukera paregabea.
Emuneko taldea:
Copreciko taldea:
Lea Artibai ikastetxeko (Markina) taldea: