Aurreko urteetan ume sahararrekin begirale aritutakoek, harrera familiek eta bertan bizi diren herritar sahararrek osatzen dute Debagoienean sortu berri den Sagiri elkartea.
"Ikusita gurean Oporrak bakean programak beherakada izan duela, 2018ko udan hamar ume aterpetxe batera ekartzeko asmoz sortu genuen elkartea", azaldu du sortzaileetako batek, Marta Sanchezek. Harrera familiak gero eta gutxiago direnez, horren partez "familia handi bat" osatu gurako lukete, osterantzean ume asko eta asko ezin direlako errefuxiatuen kanpalekuetatik atera. Begirale debagoiendarrak eta sahararrak egongo lirateke egonaldi horretan umeekin batera, hizkuntzarekin-eta laguntzeko. Uztailean eta abuztuan egingo litzateke egonaldi hori.
Haur sahararrak hona etortzeak dituen onurak azaldu ditu Sanchezek. "Uda gogorra da han, bero handia izaten baita. Gainera, osasun azterketak egitera etortzen dira. Elikadura aldetik ere, barazkiak, arraina, eta abar jateko aukera izango lukete, han ez baita horren erraza. Eta, horrez gain, beste errealitate bat ezagutu dezaten. Adibidez, han, liburuetan bakarrik ikusten dituzten mendi eta errekak ikus ditzakete".
"Garrantzitsuena", baina, Sanchezek azpimarratu duenez, Saharako kanpalekuetako egoera ezagutzera ematea da. "Umeek oso ondo azaltzen dituzte gauzak, eta bertako umeentzat ere askoz ulergarriagoa izaten da", dio.
Helburua lortzeko, urtean zehar ekimenak antolatuko dituzte. Laboral Kutxan kontu zenbaki bat ere ireki dute, nahi dutenek diru ekarpenak egin ahal izateko: ES6030350040110400022569. Eurekin kontaktuan jartzeko bidea honakoa da: sagiri.debagoiena@gmail.com.
Bihar Arrasaten
Sagirikoak kalera aterako dira bihar, urriak 12. Bigarren eskuko azoka izango da Arrasateko Seber Altube plazan –euria bada, Biterin–, eta postutxoa jarriko dute bertan, 10:30etik aurrera. Bigarren eskuko arropa, liburuak, jostailuak eta beste izango dituzte saltzeko. Zozketak eta eskuz egindako bitxiak ere izango dituzte.