Euskalgintzako 120 eragile elkartu dira gaur EHUren Donostiako Barriola zentroan 11 egun euskaraz ekimenaren inguruko lan mintegian parte-hartzeko. 2018an zehar garatuko den Euskarak 365 dinamikaren barruan kokatzen da ekimena, eta Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean landu dute. Bertaratutakoei ekimenaren nondik norakoak azaltzea eta elkarlanean gakoak eztabaidatzea izan da topaketaren helburua, proposamena martxan jarri eta herrietan lanean hasteko. Lan horretan hasiak daude dagoeneko 40 herri eta eskualdetako euskaltzale-batzordeak.
Ekimenaren xehetasunak
11 egun euskaraz ekimenaren xedea da euskaltzale helduak aktibatzea eta prestatzea, beren eguneroko harremanetan euskaraz egin dezaten ulertzen duten guztiekin. Horretarako, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean hamaika eguneko ekintzak gauzatzea proposatzen da.
Euskal Herri osoko izaera izango du ekimenak, baina tokian tokiko eragileak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak. Zentzu horretan, inguru soziolinguistiko bakoitzaren errealitatera moldagarria izango da 11 egun euskaraz.
Elkarlana
Donostian gaur goizean zehar egin den lan mintegian Euskal Herriko bost lurraldetako euskaltzaleek, boluntarioek eta euskara teknikariek hartu dute parte, eta xehetasunen berri izateaz gain, talde dinamikak ere egin dituzte antolakuntza prozesuko aspektuak eztabaidatu eta herri ezberdinetako ordezkarien artean esperientzia eta iritziak trukatzeko.
Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakari Elena Lakak eta Eusko jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaranek eman diote sarrera topaketari. Proposamenaren oinarrian dagoen gizarte eragile eta administrazio publikoen arteko elkarlana azpimarratu dute biek ere, baita hizkuntza biziberritzeko bidean elkarlan-dinamika berrien beharra aldarrikatu ere.
Ezagutu, partekatu eta landu
Lan mintegian zehar hainbat aspektu jorratu dituzte parte-hartzaileek. Hala, euskararen erabilera ohituretan eragiteko helburua duen ekimenaren xehetasunak eta gakoak ezagutzeaz gain, dagoeneko aktibazio dinamikak burutu dituztenen esperientzia ere partekatu da.
Entitateen urratsak biltzen dituen EHUren Aktibatu dinamika ere aurkeztu zaie Donostian elkartu direnei. Era berean, herri tipologiaren araberako taldetan banatuta, ekimenaren inguruan eztabaidatu eta ekarpenak egiteko aukera izan dute, berau modu bideragarrian martxan jartzeko bideak elkarlanean ezagutuz. Dagoeneko badira ekimenaren inguruan lanean dabiltzan herri eta eskualdeak, eta horien jarduna ere azaldu zaie lan-mintegietan elkartu direnei.
Euskaltzaleen Topaguneko ordezkarien esanetan lan mintegia "arrakastatsua" izan da, ideiak partekatu, lan-programa azaldu eta zalantzak jasotzeko balio izateaz gain, datorren urte osorako dinamika abiatzeko baliagarria izan delako.