'Puntua' aldizkaria: Juantxo Arakamari elkarrizketa

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko urr. 4a, 09:06
Arakama kontzertu bateko une baten. Argazkia: Josetxo Perez

Urtebeteko lanaren ostean, irailaren 1ean argitaratu zuen Tolosako Glaukoma taldeak laugarren diskoa, Kalima izenekoa eta bihar, urriak 5, Arrasateko gaztetxean aurkeztuko dute. Juantxo Arakama taldeko abeslariak "emaitzarekin pozik" daudela dio barikuan kaleratutako Puntua-n egindako elkarrizketan; diskoak taldearen "espresiorik zabalena" jasotzen duela.

Disko hau egitean basamortu propioa zeharkatu duzuela diozu. Zergatik?

Basamortua diskoaren prozesua bera izan da guretzat. Horrekin esan nahi dugu ia hutsetik hasi behar izan dugula geure musika birplanteatzen. Erritmoen aukeraketa, musikaltasuna, gaiak, errimak... Dena jarri dugu zalantzan disko hau egiten hasteko, eta horixe da basamortua, heldulekurik gabeko egoera. Prozesuaren muina horixe izan dela esango nuke; horregatik izan da aurreko diskoak baino luzeagoa bere garapena. Emaitzan ere antzematen da, hamahiru abesti eta interludio bat dituen disko luzea atera zaigulako.

Rap-reggaea egiten duzue, orain dela urte gutxi apenas entzuten zen musika estilo hori Euskal Herrian. Zelan ikusten duzu gaur egun panorama?

Esperantza handiarekin begiratzen diogu. Euskal Herrian badago jendea estilo horien inguruan gauza serio eta kalitatezkoak egiten ari dena. Euskaraz egiten denari begiratzen diogu, gehienbat, eta arlo honetan badago esperantza izateko arrazoirik. Ez dugu lo hartu behar, gehiena egiteke dagoelako, baina oinarri sendoa finkatzen ari dela esango nuke.

Gazteek, bereziki, raparen klabeak ulertzen dituztela diozu.

Bai; hori, gehienbat, gure eskualdean ikusten dugu. Guretzako, Tolosaldea bera izan da basamortu bat estilo horiei dagokienez, ez delako rap edo reggae talderik egon. Hala ere, azkenaldian, belaunaldi berriek gogor eutsi diete estilo horiei eta barneratzen ari direla esango nuke. Hortaz, ez zaizkie batere arrotzak egiten reggae festa batean erabiltzen diren teknika edo jokoak, ulertzen dituzte.

Zu zeu, zelan hasi zinen musika estilo horretan?

Txikitatik entzun izan dugu beste herrialdeetan sortutako hip hopa –gehienbat, Espainian–. Reggae artista famatuenak ere betidanik ezagutzen ditugu –Bob Marley, Peter Tosh...–. Hala ere, momentu klabe bat egon zen honetan guztian, 2011ko azaroaren 11n Bilboko BECen Fermin Muguruzak eskaini zuen kontzertua. Kontzertu hura Bad Sound System taldeak hasi zuen eta han izan ginen lagun taldea zur eta lur geratu ginen. “Hauxe egin nahi dugu” edo horrelako zerbaitekin bueltatu ginen etxera. Ondoren, Bad Sound Systemtarrak ezagutzeko aukera izan genuen, eta gaur egun gure anaiak direla esan dezakegu. Asko ikasi dugu haiengandik eta gure maitasun eta begirune osoa opa diegu.

Gero eta rap talde gehiago dago Euskal Herrian. Zelako harremana duzue?

Ez dakit oso ondo eszena batez hitz egin dezakegun; normalean, komunikabideak eta kazetariak izaten dira horrelako mugimenduei izena jartzen dietenak. Hala ere, egia da badagoela adiskidetasun sentimendu bat, batez ere, euskaraz ari garenon artean, eta lan berriak ateratzen direnean denok pozten garela, nolabait, beste taldeen lanak ere geure sentitzen ditugulako –nire kasuan, behintzat–. Gure aldetik, argi dugu ahal dugun heinean bultzatuko dugula euskaraz rapeatzera animatzen den talde oro.

Oraingoan ere, ondo mimatu dituzue letrak.

Denbora nahikoa eduki izana abantaila izan da horretarako.

Asko dira jorratu dituzuen gaiak: gizartearen erretratua, irudiak duen garrantzia handiegia, euskaraz abesteari buruz... Zergatik?

Ez dakit zergatia zein den. Normalean, ez ditut letrak egiten aurretik gai zehatz bat nkatuz, pixkanaka ateratzen doaz aurreneko esalditik aurrera... Egia da aipatu dituzun gaiak hor daudela, baina gure egunerokotasunean daudelako, gure bizitzetan eragiten dutelako. Egunerokotasunean topatzen ditugun estimuluak dira letra edo abesti bat egiten hasteko aitzakia.

Idazteari buruz jarduten duzue Semen de tinta kantuan. Nola eta zergatik hasi zinen idazten?

Ez dut oroitzen hasi nintzen momentu zehatza. Gogoratzen dut abestiak egiten hasi aurretik idazten nituela gauza txikiak, poesia kaxkarren bat eta horrelakoak... Ez dakit oso ondo zergatik, pentsatzen dut aspertzen nintzelako eta zerbait esateko behar bat sentitu nuelako edo, besterik gabe, ongi pasatzen nuelako errimak asmatzen.

Asteburuetan musikari eta astean zehar beste ogibide bat. Garai batean kantatzen genuen moduan, Euskal Herrian musikak ez du dirurik ematen?

Gaur egun, zorionez, taldekide guztiak ari gara lanean. Ni hezitzailea naiz, eta, zorionez, nire ikasketei dagokien lanpostu batean ari naiz. Ez dakigu rapak dirurik emango duen edo ez, eta ez zaigu axola. Izan ere, rapak eta reggaeak egia eman behar dute, beste guztia bigarren maila batean utziko nuke. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak